«Horrelako proiektuetan sartzeko apur bat zoroa egon behar da». Gontzal Mendibil musikariak ederki daki ez dela makala musikal bat egiteak dakarren lan zama, horretan aritua baita behin baino gehiagotan. Adibidez, bere sinadura daramate, Arrupe (2012) —Pedro Arrupe apaizaren ingurukoa—, Iparragirre (2020) —Jose Mari Iparragirreri buruzkoa— eta Hazia (2022) musikalek. Proiektu horietako batzuetan pertsonaia historikoak hartu izan ditu ardatz, eta oraingoan ere ildo berari jarraitu dio. Izan ere, Joan Gurutzekoaren inguruko musikal bat egin du, Llama de amor viva (Maitasun gar bizia), eta gaur eta bihar emango du estreinakoz, Avilan (Espainia).
Formatu txikiko musikal bat da, baina denetarik du: musika, poesia, dantza garaikidea eta ikus-entzunezkoak. Emanaldia aurrera eramateko, Euskal Herriko talde sendo bat arituko da lanean: Ainhoa Tabuyo kantuan arituko da Mendibilekin, Angel Unzu eta Raul Vera gitarrarekin arituko dira, Jose Luis Canal pianoan, Iker Telleria baterian, Luis Ibiriku biolinarekin eta Belen Fernandez biolontxeloarekin. Irati Pineda eta Ivan Montero izango dira dantzariak. Nahiz eta Avilan estreinatuko duten musikala, urtarriletik aurrera Euskal Herrian ere emango dute, euskaraz, Maitasun gar bizia izenburupean.
Luis Baraiazarra karmeldar eta filologoak eman zuen proiektua aurrera ateratzeko lehen pausoa. Duela lau urte inguru, Joan Gurutzekoaren poemak euskaratzen hasi zen, eta egindako lanaren berri eman zion Mendibili: «Entzun orduko, oso erakargarria egin zitzaidan. Haren testuak debekatuta egon ziren, maitasuna, erotismoa... lantzen zituztelako». Gainera, Baraiazarraren lana goraipatu du musikariak; izan ere, poemen metrikari eta errimari eutsi zien euskarara ekartzean. Horiek horrela, Mendibilek erabaki zuen poema horiek musikatzea. Ondoren, kontzertu batzuk eman zituen Euskal Herrian. «Uste nuen ez nuela kontzertu askorik emango», onartu du. Hala ere, orotara 22 saio egin zituen.
«Joan Gurutzekoaren bizitzak dena dauka musikal bat egiteko: maitasuna, drama, kartzela...»
Emanaldi horien ostean dei bat jaso zuen Mendibilek; Avilako udaletxeko kultur zinegotzia zen. Hiri horretan kontzertu bat emateko proposamena egin zioten, ordura arte ez baitzen aukerarik izan Joan Gurutzekoaren poemak euskaraz entzuteko —50 hizkuntzatara baino gehiagotara daude itzulita—. Musikariak zalantzarik egin gabe onartu zuen proposamena, eta bere taldearekin kontzertu bat ematera joan zen Avilara; euskaraz eta gaztelaniaz eman zituzten olerki musikatuak. «Kontzertua amaitu, eta beste kantu bat eskatu zuen publikoak, eta, gainera, euskaraz izatea nahi zuten!», oroitu du, harrituta.
Film baten antzekoa
Horren ondoren, Baraiazarrak berriro bota zion amua Mendibili, eta musikal bat egitea proposatu. «Joan Gurutzekoaren bizitzak dena dauka musikal bat egiteko: maitasuna, drama, kartzela...», eta orduan ere baiezkoa eman zion. Filologoarekin batera aritu zen ikuskizunaren gidoia ontzen, eta hala sortu zen Maitasun gar bizia. Musika nolakoa den ikusita, musikariari zalantza piztu zitzaion Euskal Herrian zer harrera izango ote zuen, eta, hori dela eta, ikuskizuna Avilan estreinatzea bururatu zitzaion.
Orain arte sortu dituen musikalak produkzio handikoak izan dira: abesbatza handiak, aktoreak, musikariak... Ehun pertsona inguru guztira. Baina, musikala Avilan egin nahi bazuen, formatua aldatu behar zuen Mendibilek. Hori dela eta, Joan Gurutzekoaren bizitza kontatzeko ikus-entzunezko pieza batzuk sortu ditu; 50 aktorek parte hartu dute, izan figurante edo izan protagonista gisa. Bestalde, dantza garaikidea ere egongo da. Oholtza gaineko musikariek eta abeslariek ez ezik, Avilako Amicus Meus abesbatzako kideek ere parte hartuko dute. Hemezortzi kantu interpretatuko dira emanaldian; bederatzi lehendik sortutakoak dira, eta gainerako bederatziak, aldiz, berriak. Mendibilen ustez, film bat ikustearen parekoa izango da Maitasun gar bizia, baina hura sortzeak izan ditu zailtasun batzuk ere: «Hainbat musikal egin ditut, baina hau orain arteko konplikatuena da, denak oso lotuta egon behar du eta».
Mendibil gustura da emaitzarekin, eta publikoarentzat interesgarria izatea espero du; «emozioa dago, eta hori nabaritzen da», gaineratu du. Estreinaldiaren ostean, Andaluziara eramango dute ikuskizuna urrian, eta horren ondoren ekarriko dute Euskal Herrira. Oraingoz, emanaldiak lotuta dauzkate hiriburu batzuetan, baina aurrerago emango dute haien berri. Musikariak azaldu du, antzoki handietan programatzekoa modukoa ez ezik, herrietako antzokietan emateko modukoa ere badela musikala, taldea txikia baita.
Urtarrilean, Mendibilek 50 urte bete zituen musikaren munduan; «pentsa, nire lehenengo diskoa Franco bizi zela kaleratu nuen!», kontatu du, bitxikeria gisa. Azken urteetan musikalak egitean jarri du arreta gehienbat, eta horietan lagun izan dituen kideez oroitu da. Kontatu duenez, inguruko jendea ezinbesteko izan du proiektu horietan: «Jendearen partaidetza oso garrantzitsua da mundu honetan, eta euskaldunok oso errotuta daukagu auzolanaren ideia».