Sei pertsona eserita eta ehunka lagun haiei begira; orain txalo, orain isiltasunari eutsi. Bakoitzak badaki nola funtzionatzen duen bertso saio batek, eta horregatik elkartzen dira gela bakarrean hainbertze lagun: larunbat baterako ez dagoelako plan hoberik Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa ikustea baino. Bukatu da lehendabiziko faseko bigarren saioa, eta izen bakarra nagusitu da epaimahaiaren lerroburuetan: Oier Etxeberria, 672,5 puntu batuta. Gainerako bortzak ordena honetan sailkatu dituzte: Eneko Araiztegi (659,5 puntu), Txaber Altube (648,5 puntu), Imanol Uria (647,5 puntu), Iñigo Mantzizidor Mantxi (638 puntu) eta Eñaut Martikorena (637,5 puntu). Etxeberriak, saioko garaipena ez ezik, bigarren fasean kantatzeko bermea eskuratu du: Miarritzen izanen da, azaroaren 14an.
Hamabortz bertso agindu ditu Maialen Belarra gai emaileak, eta berehala abiatu dira, bikoteka, zortziko handiko lanarekin. Hiru bikoteek asmatu dute elkarrizketarekin; batez ere, Altubek eta Martikorenak. Baso suhiltzaileak izan dira, eta, urtez urte sute larriagoei egin behar izaten dietenez aurre, greba egiteko proposamena egin dio Altubek Martikorenari. Bigarrenak, baina, ez du begi onez jo grebarena, eta lana uztea erabaki du. «Baino ni roskaz pasata nago/ ezin det egin atzera/ ni naiz presio gehiegirekin/ izorratu den mangera». Hitz jokoari bertze hitz joko batekin erantzun dio lankideak: «Ez gaude ongi, baina, laguna/ ez nuke zuk uzterik nahi/ zein su itzali jakin behar da/ eta zein piztu ere bai». Eta horrela borobiltzen da elkarrizketa bat: «Aspalditikan ke bihurtu da/ gainean degun hodeia/ ni nazkatu naiz, zuk babes zazu/ zure bonbero ideia».
Bikain aritu dira Araiztegi eta Mantxi ere, bi irakasleren larruetan eta ikasleekin kurtso amaierako bidaira joan ala ez eztabaidatzen. Etxeberria eta Uria, berriz, bikotea izan dira, eta etxebizitza kontuez jardun dira, fin eta elegante.
Bigarren ariketa: zortziko txikia. Umore finez aritu dira, erraterako, Mantxi eta Etxeberria, militantzia espazioa partekatzen duten bi kideren ahotik abesten. Edonola ere, ez diote denbora bera eskaintzen jardunari: Etxeberriak egun osoa, eta Mantxik ahal duena. «Beti agintzen zabiltz/ hau, hura ta zera/ militantea baino/ militarra zera», bota dio Mantxik. Eta hala jaurti bueltan Etxeberriak: «Pankartaren atzean/ astelehenez garaiz/ zure pentsioaren/ defentsan ari naiz». Ateraldi batekin itxi ditu Mantxik solasak: «Beti lanean jarri/ nahi nauzu ta kito/ hola jubilatzera/ ez naiz iritsiko».
Puntu erantzunetan aritu dira gero, bizkor eta serio, eta berehala aldatu dira hamarreko txikira. Araiztegi eta Etxeberria bi altsasuarren gorputzetik aritu dira kontu kontari, AHTaren inguruko gogoetak egiten. Eta ederki aritu, gainera.
Irri eta negar
Konturatu ordurako iritsi da ganbara, eta harekin batera, isiltasuna: «Denak barrez ari diren arren, zuri ez dizu batere graziarik egiten», gaia. 5 urteko haur baten gorputzetik kantatu du zozketan lehenak, Araiztegik, eta klasekideek barre egiten diotela esplikatu. «Nere kontura klasean/ egiten da mila saio/ ez nintzelako beraiek/ diren bezain bizkor jaio/ eta beti errenari/ zankadilla jartzen zaio». Klasera sartu eta eseri bertzerik ez zuen egin nahi, baina txintxeta bat topatu du eserlekuan. «Bertan jarri naiz ia-ia/ gaur e beldurrez gainezka/ imajina ezazue/ ume batentzat ze festa/ ni negar malkotan eta/ guztiak neri barrezka». Saio hagitz polita egin du Araiztegik, ariketa bakar batean erori ere egin gabe.
Hasieran tartetxo bat hartuta kasik elkarren jarraian kantatu ditu hiru bertsoak Mantxik, Altsasuko plazara so ari zela simulatuta. Gizon bat ikusi du balantzaka, mozkor, eta gazte kuadrilla bat haren kontura irriz. «Zergatik edaten dun/ inortxok ez daki», hausnartu du segidan, eta azken bertsoan ederki borobildu du gertaera: «Igual semea galdu/ zun istripu bidez/ edo emazteak utzi/ beste asko legez/ edo lanean dana/ irten zaio trabes/ bai, alkoholikoa da/ ta ixildu mesedez/ ez zerate ohartu/ hontaz adibidez/ berai pasako zaio/ baina zueri ez».
Enpresa bateko egoera deskribatu du, berriz, Etxeberriak. Atseden orduan elkarrekin dira lankideak, eta hitz jokoa eginez erakutsi du ez duela gustuko ikusten ari dena: «Bekadun berri batekin sartu/ zein irribarre erraza/ gure makinan iruditzen zait/ kafea beti mikatza». Aitzinera jarraitu du elkarrizketak, baina hark ez du hitzik ere egin: «Ahulenari barre egitea/ horixe baita afera/ enkargatua bere defentsan/ ere hasi zitekeen ba/ baina erraza da egitea/ umorea goitik behera».
Kantatzen laugarrena: Uria. Lagunarte bat deskribatu du, eta lagun baten jarrera matxista kritikatu. Hiru bertsoetan arituagatik diskurtsoa lantzen, azken puntuan onartu du anitzetan gertatzen dena: isilik geratu zela. «Nik trago bat edan dut eta/ izkutatu naiz zerbezan/ ta ez dakit egon naizen/ kikildu edo perezan/ baina zerbait esan nahi ta/ nik ez diot ezer esan».
Egoki ondu ditu hiru bertsoak Altubek, haur baten azaletik hark ere. 11 lagun aritzen ziren ordura arte futbolean, baina azken klasean bertze haur bat batu da taldera: haur migratzaile bat. Takodun oinetakorik eduki ez eta barrez hasi zaizkio gazteak, eta hausnarrean hasi da Altube: «Ceutan badaude razistak baina/ ez daude bakarrik Ceutan». Eta irtenbide bat otu zaio, azkenerako: «Zapatila ia denok badugu/ baina batzuk ez badute/ denok takodun zapata gabe/ jokatu behar genuke».
Seigarren aulkia egokitu zaio Martikorenari, eta, hortaz, hura izan da lan puntuagarriak akabatzen azkena. Baina ez motelena: gaia aditu eta segundo gutxira mikrofonoaren aitzinean zen, hiru bertso kantatzeko prest, harrigarriki agudo. Lagunen bila joana zen, parrandan atera zirelako eta etxera bueltan ekar zitzan deitu zutelako. «Nahiz ta taldea ondo begizta/ honetan noski ez naiz artista/ ta lagun hauek hortxe ai dira/ ondotik zizta ta zizta/ egina baitet irrista/ eta raiatu da piska/ hauek okertuta bista/ beraiek barrez etengabian/ ni hemen masail gorriz ta/ hurrengo baten beste baten bat/ bila zazue taxista». Errima anitz erabili ditu elkarren jarraian, eta fin aritu da horiek nola lotu asmatzen.
Eta bukatu da saioa: batzuk desmuntaketa lanak egitera, eta bertze batzuk etxera bueltan. Bihar ikusiko dute elkar berriz, Lekeition (Bizkaia).