Xabat Galletebeitia gailendu da Barakaldon, eta aitzinera doa txapelketan

653 puntu lortu ditu irabazleak, eta haren gibeletik sailkatu dira Onintza Enbeitia, Ibai Amillategi, Lurdes Ondaro, Mikel Goiriena eta Irune Basagoiti. Osatuta dago azken fasera pasatu diren hamabi bertsolarien zerrenda.

Xabat Galletebeitia, gaur, Barakaldoko saioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Xabat Galletebeitia, gaur, Barakaldoko saioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iratxe Muxika
Barakaldo
2025eko azaroaren 9a
20:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hemezortzi ziren lehen, eta hamabi dira orain. Azken azterketa bat bertzerik ez zaie gelditzen Bizkaiko bertsolariei, eta notarik altuena eskuratzen duten lehen zortziak pasatuko dira final handira. Gaur jokatu dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoaren lehen bueltako azken saioa, Barakaldon, eta Xabat Galletebeitia Abaroak lortu du aitzinera jarraitzeko pasea. 653 puntu eskuratu ditu, eta Markina-Xemeinen kantatuko du hurrena, azaroaren 22an. 2014.urtean kantatu zuen estreinakoz Galletebeitiak Bizkaiko finalean, eta geroztik aldiro sailkatu da finalera. Are, 2016an bigarren egin zuen. Gaurko lan puntuagarriak aditu ondotik, hurrenkera honetan zerrendatu dituzte epaileek irabazlea ez bertze bortz bertsolariak: Onintza Enbeita Maguregi (626 puntu), Ibai Amillategi Omaetxebarria (591,5 puntu), Lurdes Ondaro Mallea (586 puntu), Mikel Goiriena Larrazabal (569 puntu) eta Irune Basagoiti Agirre (515,5 puntu). 

Eta, horrenbertzez, honako hamabi bertsolari hauek pasatu dira finalaurrekoen bigarren eta azken fasera, hurrenez hurren: Aitor Bizkarra, Aitor Etxeberriazarraga, Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Imanol Uria, Txaber Altube, Gorka Pagonabarraga, Unai Mendiburu, Aissa Intxausti, Ibai Amillategi. Heldu den larunbatean hasiko da fase hori, eta bi saio bertzerik ez ditu izanen: Bermeon lehena, eta Markina-Xemeinen bigarrena, hilaren 22an. Orduantxe zehaztuko dira zortzi finalistak, eta abenduaren 20an jokatuko da finala, Bilboko Casillan. 

«Ia kantetan deutsadan/ egindako bideari/ lehia eder honek emon/ dodan lagun bakoitzari/ ta urte guzti honetan/ ikasi dodan danari». Begiak blaituta agurtu du txapelketa Enbeitak, bai berak eta bai Galletebeitiak lehen aldia baitzuten lehiaketan kantatzen, azken finalean egoteagatik finalaurrekoetako lehen bueltara sailkatu zirelako zuzenean. Bi horiek ziren, hain zuzen, olatura batzeko falta ziren bakarrak —Nerea Ibarzabalek ez du parte hartuko aurten—. 

Idoia Anzorandia aritu da gaijartzaile, eta berehala jarri ditu seiak lanean, zozketak erabakitako ordenean. Bertsolari bakoitzak asmatu du beretik ematen, eta ale politak utzi dituzte bidean. Hamarreko txikian hasi dira lanean, eta Galletebeitiaren eta Ondaroren ofizioak jaso ditu txalo gehien. 12 urteko alaba izan da Ondaro, eta aita zuen Galletebeitia. Etxeko ate denak zabal-zabalik edukitzen dituzte normalean, baina horiek ixten hasi da azken aldian alaba. «Atea zabaltzeko/ ez dizut eskatu/ baina esaidazu zerbait/ ez nadin kezkatu», erran dio aitak, eta hala erantzun dio alabak: «Eta nik ixten badut/ komunan atea/ da nik gura dudala/ intimitatea». 

(ID_15500230) (Marisol RamĂ­rez/@FOKU) 2025-11-09, Barakaldo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saioa 09-11-2025, Barakaldo
Ibai Amillategi, Xabat Galletebeitia eta Lurdes Ondaro, Barakaldoko saioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Zortziko txikian kantatzea zen bigarren lana, eta umoretik heltzeko gaiak bota ditu gaijartzaileak. Musika talde batean jotzen zuen aspaldi Amillategik, baina erretiratuta dago taldea. Harekin topo egin du gaur Galletebeitiak, eta galdegin dio zergatik ez ote diren oholtzara itzultzen. Irriz bota dio musikari ohiak: «Zeba ez garen bueltatzen/ azaldu beharra/ ni naiz bizi-bizirik/ dagoen bakarra». Kolpeari, bertze kolpe bat: «Nik zure sinadura/ dut ADN-an/ eta tatuajea/ dut abdomenean/ zurekin lehen taberna/ eta azkenean/ presente egon nahi dut/ hiltzen zarenean», erantzun dio Galletebeitiak. 

Antzerki bat ikustera joan diren bi lagun izan dira, berriz, Enbeita eta Goiriena. 2 urteko alabarekin agertu da Goiriena, eta kexuka hasi zaio laguna: «Berak be parte hartu/ gura leuke antza/ baina ez da ulertzen/ bere performancea». Haurraren negarrak hizpide, hitz jokoa egin du Goirienak: «Komedia nahi dozu/ ta nik dekot drama». 

Eta bikotea izan dira Ondaro eta Basagoiti. Belaunean ebakuntza bat egin berri diote Ondarori, eta Basagoitiren etxera joan da bizitzera, hark ongi zainduko duela sinetsita. Basagoitik, ordea, ez du eriak uste bezain ongi zaindu, eta espero ez zuen erantzuna eman dio kexa batean ari zaion bikoteari: «Lezioa ikasi/ duzu azkenean:/ beti gaude ondoen/ gurasoenean». 

Arin osatu dute bertsolariek azkeneko bikotekako lana: Iparragirre abila dela doinuan hiruna bertso. Enbeitarena eta Ondarorena izan da biribilena. Sare sozialetako eduki sortzaileak izan dira biak, eta jarraitzaileak irabazteko estrategia bila aritu dira. «Twitterra utzi behar genuke/ berak gu utzi aurretik», bota dio Ondarok, eta ezeztatu egin du Enbeitak: «Biluzik jarri edo/ erderaz hasi gero/ baina esan neutsun lehendik/ ez daukadala edozertako/ gogorik ez edaderik». 

Doinu bereko istorio bi

Ailegatu da ganbara, eta gogotsu aditu du entzuleak gaia: Notizia bat emon deutsue; ez dozu ondo hartu. Irabazleak zein saioko bigarrenak doinu bera aukeratu dute bakarkako lanerako: Izarren hautsa. Horrek bertso beraren barnean errimaz eta neurriz aldatzea exijitu die; zaila da teknikoki, baina anitz luzitzen du ongi eginez gero, eta halaxe egin dute. 

Galletebeitiak osatu du lanik borobilena, istorioa zehaztasun anitzekin eta egokiro kontatu duelako, batez ere. Agure bat gorpuztu du, eta beldurtuta begiratu dio faxismoaren gorakadari. Bata bertzearen hagitz segidan kantatu ditu bertsoak, eta errima finez josi, gainera. Bigarren hau adibidetzat: «Faxisten berri eduki nuen/ nintzenean mutil koxkor/ gure aitonak ta aitak ere/ borrokatuta egoskor/ gero heldu zen han diktadura/ poliziaren ohiko tortura/ ta zenbait greba orokor/ nik lana ere erruz egin dut/ ez amets eta ez opor/ ta geroari begiratu nahi/ izan diot sarri baikor/ etorri ziren hor bake mahaiak/ nahiz ta aldatu ziren garaiak/ inoiz bare inoiz gogor/ beldurra beti dago hor». Haserrea gailendu zaio azkeneko bertsoan: «Berriz atera behar ote gara/ bandera gisa bastoiak/ geure aldera itzul daitezen/ memoriaren gidoiak/ demokrazia ura uholdeetan/ etorri eta nahiz estoldetan/ gorde ziren arratoiak/ bizirik daude kabroiak». Lana txukun bukatuta, txalo zaparrada bero-beroa jaso du bueltan. 

Bertze abiapuntu bat izan du, berriz, Enbeitak: BERRIA egunkaria itxi eginen dutela. Gaztelaniaren gorakada salatzeko erabili ditu hiru bertsoak. «Nire kuadrillan lehendik nago/ arazoa ikusita/ gaztelaniaz da telebista/ gaztelaniaz musika/ euskaldunaren desgrazia da/ espabilatu ein behar gara/ danok txapak ipini ta/ Correo irakurrita». Baina dena ez da indarra eta gogoa, zerbait gehiago behar da egunkaria salbatzeko: «Elkartu eta egin leikeela/ beste aukerarik ez da bestela/ baina asko behar gara/ ta ni kantzauta nau jada». 

(ID_15500229) (Marisol RamĂ­rez/@FOKU) 2025-11-09, Barakaldo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saioa 09-11-2025, Barakaldo
Onintza Enbeita Maguregi, bakarkako lanean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aita baten tristezia

Gurasoaren larrutik jardun da Goiriena bakarka, eta lehendabiziko bertsoan kontatu du zein zen emandako notizia: alabak mutil laguna duela. Umoretik landu du gaia gehien-gehienean, eta ikusleak irrika jarri ditu azken ateraldi honekin: «Alaba agertu da ta/ mutil hau aldamenean/ ni indarrak ezin eutsi/ hortxe nabil ekinean/ ia bihotza hautsi zait/ Bro esan duen unean». 

Dezente bide serioagoa hartu du Amillategik. Gutun bat iritsi zitzaion aspaldi, eta hark hala gomendatuta, ospitalera joan zen prostatako osasun proba batzuk egitera. Bi urteren buruan etorri zaio erantzuna: «Pentsatzeari utzi neutzon ta/ bizi lasai egunero/ ta bat-batean karta bat bueltan/ jarri nabena hain bero/ gaur arte notizi zero/ egon ostean nik bat-batean/ ez neban hauxe espero/ minbizia dekot esan deustie/ baina bi urte ta gero». Haserre agertu da Amillategi, beranduegi delako haren ustez. «Zer egiterik ez dauenean/ erantzuten da negarrez/ ta telefonoa entzunez/ musikatxuek joten dau gogor/ eta osteko hutsunez/ negozioa ondo egiten da/ beste batzun osasunez». 

Bide sinpleagoa hautatu dute, bukatzeko, Ondarok eta Basagoitik. Zerbitzari bat izan da Ondaro, eta bota egin dute lanetik. Alabaina, orainidik ez du ulertzen zergatik: «Aizu bihar ez etorri/ nahiz ta han utzi azala/ egunean hamar plater/ hautsi banitu bezala». Haserrea erakusteko, zera bururartu zaio: «Ez dut egingo hau baina/ gustura egingo nuke/ purean pozoia bota/ eta ikusiko dute». 

Ondarok erabili duen doinu berarekin kantatu du Basagoitik, baina bide ezberdina jorratu du. Bilobaren ahotik kontatu du jaso berri duen berri tristea: «Bat-batean heldu zaigu/ berri zuzen eta hotza/ nola denontzat den bizi/ luzea eta bai motza/ inoiz ez duzu espero/ amamaren heriotza». Baina aitzinera egin behar du, eta hala pentsatu du, azkenean: «Nire egunerokoan/ konprenitu baitut hala/ bere zerbait betirako/ nigan eukiko dudala». 

Behin finalaurrekoen lehen fasea bukatu dela, hurrengora begira jarri dira bertsozaleak zein bertsolariak. Honako seikotea izanen da larunbatean kantuan: Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Onintza Enbeita, Ibai Amillategi, Unai Mendiburu, Aissa Intxausti. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.