Donostiako 86. Musika Hamabostaldia

Xabier Anduagaren bigarren saioa etxean

Atzo izan zen Anduaga tenorraren lehen kontzertua Musika Hamabostaldian. Bigarrena datorren asteartean izango du, Maciej Pikulski piano jolearekin batera. Rafaela Carrasko flamenko dantzariak 'Nocturna' lana taularatuko du gaur, Viktoria Eugenian.

Maciej Pikulski eta Xabier Anduaga, Viktoria Eugenian, gaurko aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Maciej Pikulski eta Xabier Anduaga, Viktoria Eugenian, gaurko aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko abuztuaren 5a
16:40
Entzun 00:00:0000:00:00

«Atzoko sentsazioak dardarka ditut oraindik». Halaxe dago Xabier Anduaga tenorra (Donostia, 1995), Musika Hamabostaldian lehen agerraldia egin ondotik. Valentziako Erkidegoko Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin izan zuen saioa atzo, Kursaal auditoriumean. Oso kontzertu berezia izan zela azaldu du; etxean izateaz gain, Orfeoiko kide ugari lagunak dituenez, kontzertuan haiek ere oholtzan ikustea oso polita izan zen harentzat: «Oso gau berezia izan zen». Datorren asteartean izango du bigarren kontzertua, Viktoria Eugenia antzokian oraingoan, 20:00etan. Maciej Pikulski pianista izango du lagun tenorrak.

Nazioartean sona handia lortu duen bakarlari bat da Anduaga, eta, besteak beste, New Yorkeko Metropolitan, Vienako Staatsoper, Berlingo Deutsche Oper eta Londresko Royal Opera House antzokietan aritu da. Euskal Herrian, berriz, 2014an izan zen lehenengoz Musika Hamabostaldian, eta geroztik behin baino gehiagotan hartu du parte. Musikenen egin zituen ikasketak, eta, hain zuzen ere, bertan ezagutu zuen Pikuslki. Irakasle izan zuen bertan, baina lagun ere egin ziren, eta gaur egun Anduagaren aholkularietako bat ere bada.

«[Errepertorioa] Publikoan pentsatuta antolatzeaz gain, nire ibilbidean oinarrituta dago; bai iraganean, baita etorkizun hurbilean ere»XABIER ANDUAGATenorra

Bi zatitan antolatutako errepertorioa eskainiko dute bi musikariek astearteko saioan. «Publikoan pentsatuta antolatzeaz gain, nire ibilbidean oinarrituta dago; bai iraganean, baita etorkizun hurbilean ere», azaldu du Anduagak. Lehenengo zatian Italiari egiten zaio erreferentzia, tenorrak bertan hasi baitzuen bere bakarlari ibilbidea. Esate baterako, Lucia di Lammermoor eta La Traviata operen zatiak eskainiko dituzte. Bigarren zatia Franz Liszten konpositorearen Tre Sonetti di Petrarca lanarekin hasiko dute. Gero, Reynaldo Hahn Frantziako konpositorearen hainbat lan interpretatuko dituzte. Tenorraren hitzetan, kontzertuko momenturik «biluziena» izango da. Amaitzeko, zarzueletara joko dute. Pablo Sorozabalen La taberna del puerto zarzuelako No puede ser izango da emanaldiaren «urrezko amaiera».

Bat egitearen garrantzia

Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariaren esanetan, bakarlari batek piano jole on bat behar du alboan: «Ez da erraza izaten, baina bikote ona egiten badute, biak bat dira». Haren ustez, Anduagak eta Pikulskik bat egitea lortzen dute. Ganbera kontzertu bat ematerako orduan, orkestrarik ez dagoenez, elkartze hori are garrantzitsuagoa dela gaineratu du tenorrak; «Maciejekin [Pikulskirekin], gainera, oso erraza da».

Piano joleak esker hitzak besterik ez dio eskaini Anduagari. Hamar urte dira elkar ezagutzen dutela, eta Musikeneko «talentu handienetako bat» dela gaineratu du. Bestalde, kantuen arlo teknikoaz ere mintzatu da Pikulski. Esan duenez, fisikoki oso programa zaila da kontzerturako prestatu dutena, baina, hala ere, zera gehitu du: «Xabierrek ez du beldurrik abesti zailak abesteko». Kontzertuak giro artistikoak erakutsiko dituela aipatu du, eta ikusleek Anduagaren erregistro guztiak ezagutu ahal izango dituztela.

Viktoria Eugenia kontzertua emateko «leku perfektua» da Anduagarentzat: «Publikoak lagundu egiten zaitu. Hori du ona Viktoria Eugeniak, publikoa gertu sentitzeko aukera dagoela».

Gauaren gorabeherak

Insomnio gau bateko bidaia proposatzen du Nocturna. Arquitectura del insomnio dantza ikuskizunak. Rafaela Carrasco dantzariak eta Alvaro Tato antzerkigile eta poetak sortutako lana da. Gaur taularatuko dute, 20:00etan, Viktoria Eugenian. Sorkuntza lanetan ari denean «aldi konplexuak» igarotzen dituela azaldu du Carrascok; tartean, lo gutxi egitekoak. «Hala ere, gau horiek sormenez beterik egoten dira, eta sufrimendu horri etekina ateratzea erabaki nuen». Hori dela-eta sortu zuten proiektua.

(ID_15202492) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-08-05, Donostia. Musika Hamabostaldia
Rafaela Carrasco —eskuinean—, gaurko aurkezpenean. JON URBE / FOKU

Ibilbide luzeko dantzaria da Carrasco. Bere konpainia propioa sortu zuen 2002an. 2013tik 2016ra Andaluziako Flamenko Balleteko zuzendaria izan zen. Eta, duela bi urte, 2023an hain zuzen, Espainiako Dantzako Sari Nazionala jaso zuen. 2022an estreinatu zuen gaur Viktoria Eugenian eskainiko duen lana, Sevillako La Maestranza zezen plazan (Espainia).

Gaua du ardatz Nocturna-k; hasten den momentutik, amaitzen den arte. «Erakutsi nahi du zer kontraesan dituen gauak, bai lo egiten duenarentzat, bai eta lorik egin ezin duenarentzat ere», kontatu du dantzariak. Halaber, hiru zati bereizi ditu. Lehenengoak, «atseginena eta poetikoena» denak, lo egiten saiatzeko momentuari egiten dio erreferentzia. Bigarrenean, amesten hasten den unea erakusten du. Amets horiek bakarka eta binaka egindako dantza pieza laburren bidez gorpuztuko dituzte. Azken atalean, egunsentiari itxaroteaz hitz egiten da; «gauarekin bat egin, zer gertatu den ikusi eta berriro eguna hasteko momentuaz».

«Erakutsi nahi du zer kontraesan dituen gauak, bai lo egiten duenarentzat, bai eta lorik egin ezin duenarentzat ere»RAFAELA CARRASCODantzaria

Carrascoren ustez, oso lan poetikoa da ondu dutena. Hamar emakume dantzari izango dira eszenan, adin desberdinetakoak. Gainera, Gema Caballero arduratuko da zuzeneko ahotsaz.

Egoteko lekua

Normalean zuzeneko musikarekin lan egitera ohituta dago dantzaria, baina, Nocturna-ren kasuan, prozesua bestelakoa izan da. Lehen aldiz, aurrez grabatutako musika da ikuskizunean entzungo dena. Pieza guztiek pianoa dute oinarri, hain zuzen Johann Sebastian Bachen Goldberg bariazioak dira denak; ia denetan bertsioak egin dituzte. Dantzariak kontatu du behin irakurri zuela nola Errusiako konde batek, lo egin ezin zuenean, kontratatuta zuen pianista bati Goldberg bariazioak jotzeko eskatzen ziola, horiek entzunda lo hartzeko asmoz. Horregatik hautatu zituen pieza horiek ikuskizunerako.

Soinu identitatea lortzea zaila egin zaiela aitortu du Carrascok. Zerbait intimoa egin nahi izan dutela gaineratu du; horretarako, isiltasunekin, erlojuen soinuekin eta abarrekin jolastu dira. «Gaua egoteko leku bat bezala erakutsi nahi genuen, ez sufritzeko leku bat bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.