Xabier Berasaluze Leturia 1979an hasi zen jendaurrean panderoa jotzen eta kantatzen. Hamaika herritako plazak zapaldu ditu 45 urteko ibilbidean, eta hamaika kopla kantatu eta entzun. Bada, saio horien xehetasunak idatziz jaso izan ditu urteotan, baita haietan kantatu eta entzundako koplak eta doinuak ere. «Gorde egiten nituen gauza horiek. Etxeko ganbaran, maleta zahar batean sartuta neuzkan hitzen zirriborroak». Orain urte batzuk, ganbarara igo, zirriborro haiek maletatik atera, eta txukuntzea bururatu zitzaion. Eta zeregin horren emaitza da Elkar argitaletxearekin plazaratu berri duen Koplarik kopla liburua. Haren bidez, koplen mundua ezagutaraztea izan du helburu musikariak. «Betirako geratuko den zerbait da».
«Liburu hau tipo metodiko baten lanaren fruitu da», adierazi du Andres Kamio Jitu Elkarreko musika arduradunak aurkezpenean, Leturia eta Xabier Amuriza aldamenean zituela —bertsolariak lagundu dio musikariari testuekin, eta hitzaurrea ere idatzi dio liburuari—. Liburuaren atzean «lan handia» dagoela nabarmendu du Kamiok. Izan ere, musikariak 152 kopla bildu ditu, eta hiru ataletan sailkatu. Lehen urteetako koplak jaso ditu aurrena, 1970etik 1984ra bitartekoak. Ondotik, Joseba Tapiarekin batera egindako ibilbide luzekoak ageri dira, hiru epealditan banatuak. Eta azkenik, 2010. urtetik aurrerakoak irakur daitezke. Kopla bakoitzaren izenburuaren azpian, eta hitzen aurretik, hainbat datu zehaztu ditu egileak, hala nola hitzen eta doinuaren egileak zein diren —ezagunak baldin badira—, noiz, non eta norekin kantatu izan duen, edo non entzundakoa den, grabaziorik ba ote dagoen, eta beste.
Koplak irakurtzeko aukera ez ezik, doinuak entzutekoa ere badago. Izan ere, kopla bakoitzari moldea ere zehaztu dio Leturiak, eta, hala, hiru zerrenda osatu dituzte liburuaren amaieran: Porrusalda doinu arruntak, Trikitixa doinu arruntak eta Koplaren doinu finkoak. Bakoitzak kantu zerrenda batera daraman QR kode bat du aldamenean. Kamio: «Lehen bietan, doinuek balio dute bi molde horietako edozein kopla abesteko, eta hirugarrenean, hainbat talderekin egindako kantuak sartu ditugu, batez ere Tapia eta Leturiarenak. Hala, doinu bat egokitu diogu kopla bakoitzari».
Leturiak azaldu du bost iturritatik jaso dituela koplak. Batetik, hasi zenean kantatzen ziren kopla zahar batzuk sartu ditu. Bestetik, Amurizak egindako bildumako zenbait kopla ere eraman ditu liburura, Bizkaiko kopla zaharrak (Elkar, 1999) diskoan grabatutakoak. Hainbat erromeriatan entzundako —eta etxean ikasteko grabatutako— piezak ere hitzez hitz eraman ditu, bertsolari, olerkari zein idazleek ondutakoak. «Nik neronek ere, ausardia handiz eta muinak ondo estututa, kopla batzuk atera izan ditut tarteka, eta horiek ere sartu ditut», gehitu du. Eta musikariak bertso zaharretatik abiatuz kopla gisa egokitutako piezak ere badira. «Ez naiz ni aurrenekoa; pentsa dezagun 1999ko Trikiti Txapelketan Egañazpik berak Bilintxen bertso batzuk kantatu zituela, koplara egokituta».
«Nik neronek ere, ausardia handiz eta muinak ondo estututa, kopla batzuk atera izan ditut tarteka, eta horiek ere sartu ditut liburuan»
XABIER BERASALUZE, 'LETURIA' Musikaria
Leturiak berak kantatutako koplak dira gehienak, baina ez denak, zehaztu duenez; batzuk gordeak zituen, ateratzeko aukeraren bat sortzen zenerako, txapelketa, jaialdi edo emanaldi bereziren baterako. Bi moldeetako piezak bildu ditu liburuan.
Aldaketen lekuko
«Trikitizale guztientzako altxorra izateaz gain, molde txikiko euskal poesiaren erakusgarri bikaina da liburua», nabarmendu du argitaletxearen ordezkariak. Hain zuzen, trikiti munduak eta koplagintzak izandako bilakaera erakusten du bildumak. Leturiak berak kontatu duenez, «aldaketa handiak» izan baitira urteotan. Hasteko, bai soinuak bai panderoak hainbat aldaketa izan zituzten. «Baina, niretzat, aldaketa handiena bozean etorri zen, kantuan, batez ere kantatzeko mikrofonoak azaldu zirenean, 1990etik aurrera. Era hartan kantatzen ikasi behar izan genuen, tartean mikrofonoa genuela».
1979tik aurrera, baina, hitzak hasi ziren aldatzen, koplak berak, Leturiaren arabera. «Alde batetik bai, kopla politak eta onak egiten ziren; baina beste alde batetik, kopla graziosoak esaten genituenak ere bai, mutilzahar eta neskazaharrekin sartzen zirenak eta halakoak». Horietako batzuk gorde bai, baina ez ditu eraman liburura. Edonola, gaiak denetarikoak izaten zirela azaldu du: eguneroko bizitza, maitasuna, natura...
Hamarkada berean, txapelketak martxan jartzen eta diskoak plazaratzen hasi ziren, baita koplak sortzen, bilatzen eta bertsolari zein idazleei eskatzen ere. Denetariko koplak ageri dira liburuan, eta egile ugari ere bai, tartean Tapia, Amuriza, Joxe Mari Arrieta, Juan Kruz Igerabide, Koldo Izagirre, Jon Sarasua, Iparragirre, Xenpelar, Lauaxeta... «Soka luzea da». Koplaz kopla aritu da musikaria aurkezpenean ere, eta besteak beste, Amurizak idatzitako Gure eskolan kantatu du, panderoarekin lagunduta: «Gure eskolan bazan eskola klasea (bis)/ aurrerapen motza ta/ makila luzea./ Bai horixe!/ Makila luzea./ Gure eskolan bazan/ eskola klasea».