Xabier Lete, esanez esan

Elkarrizketetan esandakoak bilduz eta atonduz 'Xabier Lete. (Auto)biografia bat' liburua plazaratu du Inazio Mujika Iraolak1991tik aurrerako elkarrizketetan agerturiko oroitzapen eta iritziek osatzen dute lana

Inazio Mujika Iraola, atzo, Donostian, Xabier Lete. (Auto)biografia bat liburua eskuetan duela. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
«Letek ez zuen bere bizitza idatzi: esan egin zuen, eta elkarrizketa hauetan dago». Anjel Lertxundik Xabier Lete(Auto)biografia bat libururako (Alberdania) idatzitako hitzaurreko esaldiak ematen du giltza bertan topa litekeenaren muina ulertzeko. «Elkarrizketa hauetan ere bizi-bizi dago Leteren sena eta indarra».

Iazko abenduaren hasieran, beste asko bezala, Durangoko Azokaren zurrunbiloan barneraturik zela harrapatu zuen Xabier Leteren heriotzaren albisteak Inazio Mujika Iraola idazle eta Alberdania argitaletxeko editorea. Durangotik Urnietara (Gipuzkoa) Leteren hileta elizkizunetara autoan zihoala pentsatzen jarri zen; Leteren heriotzarekin zer galtzen zen pentsatzen, hain zuzen ere. «Alde batetik, etorri zitzaidan burura poeta bat galdu genuela, poeta bat kantu batzuk egin zituena. Kantari bat ere galdu genuen. Ahots zakar baina aldi berean goxo horrekin lagundu digu albotik, gure bizitzaren soinu banda modura».

Baina, oroz gain, «komunikatzaile handi bat» galdu zen Xabier Lete hiltzean, Mujika Iraolaren esanetan. «Bere iritzia ezaskotan baina beldurrik gabe adierazten zekien. Gogoan dut, ETAk bere jarduera amaitutzat eman duen honetan, esaterako, 1980an jada 33en manifestu hura sinatu zuela indarkeriaren kontra. Koldo Mitxelenak, Joxemiel Barandiaranek eta Julio Caro Barojak sinatu zuten, besteak beste, eta Lete izan zen sinatzaileen artean gazteena. Gogoan ditut, era berean, bere kantaldietan egiten zituen sarrerak, askotan barrez lehertzen uzten gintuztenak eta beste askotan hunkitu egiten gintuztenak». Hunkitu eta hunkigarrihitzak asko azaltzen dira liburuan: «Asko erabiltzen zituen elkarrizketetan. Gizon hunkitua zen Xabier».

Xabier Letek bere ibilbidean zehar izan duen komunikatzeko gaitasunaren isla dira, euskaldun askoren memorian iltzaturik geratu diren hamaika esaldi: «amaren bularra, haurraren janari»; «Nafarroa arragoa, argiaren pausaleku»; «aurrean papera ta atzean papera, periodikuak leituz ilustratzen gera»; «ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea»; «ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordea»... eta beste hamaikatxo. «Horiek guztiak esan zituena ez da edonor».

Antolaketa ezkutukoa

Galdutako hura nolabait berreskuratu beharra zegoela iritzita, eta Leteri hainbat hedabidetan egindako elkarrizketa zenbait gogoan izanda, haiek bildu eta antolatzeari ekin zion Mujika Iraolak, ondoren gaika antolatuta eskaintzeko asmoz. Elkarrizketez gain, hitzaldi eta artikuluren bat edo beste ere erabili ditu liburua osatzen duten 170 testu inguru horiek taxutzeko.

Orotara, hogei bat testu erabili ditu, baina bereziki hamar elkarrizketa. Liburuan ageri den zaharrena 1991koa da, eta Jorge Gimenez Bechek egin zion Plazara aldizkarirako. Urte berekoa da Pello Zubiriak eta Joxe Anjel Arbelaitzek egin ziotena Oiartzungo Urtekarirako. Hedabide idatzietan agertu ziren hurrenez hurren: Antxoka Agirrerena (Bertsolari), Joxe Arregirena (Hemen), Lander Arbelaitzena (Argia), Juan Luis Zabalarena (BERRIA), Pagourte aldizkarikoa eta Jabier Muguruzarena (Noticias de Gipuzkoa). Irratian eman zituzten beste hainbat: Euskadi Irratikoak dira Mertxe Ezeizak, Arantxa Artzak, Martin Tejeriak eta Arantxa Iturbek egindakoak; eta Irulegi IrratikoaMaria Agnes Gorostiagek egindakoa. Mujika Iraolak berak honela definitu du bere egitekoa: «Nire lana izan da haiena jaso eta haien ahotsa ezabatzea, Xabierrena lehen planora ekartzeko. Irakurleari Lete bera belarrira ari zaiola irudituko zaio horrela».

Elkarrizketen mugarri modura 1991. urtea jarri du Mujika Iraolak: «Gaixotasunaren pasarte gogorrena pasatu berri, Xabierren ordu arteko agnostizismoa zalantzan jartzen hasten denean, federako bidean».

Testuak ez daude kronologikoki ordenatuak, gaika baizik. «Testuen antolaketak badu bere logika, baina saiatu naiz ez esplizitatzen. Nahi eta nahi ez, ideia batzuk errepikatu egiten dira testuan zehar, baina esango nuke beti badagoela zerbait berri, zerbait aberasgarri errepikapen horietan».

Oroitzapenek eta iritziek osatzen dute Leteri egindako elkarrizketetatik abiatuta sorturiko biografiaren edukiontzi nagusia. Euskal Herriaz, poesiaz, kantagintzaz, erlijioaz, heriotzaz, adiskideez eta, utopiazale ez zen arren, baita ametsez ere.

Liburuan ageri den pasarte batean Letek aitortzen du amets bat bazuela: «Euskal Herria eraiki, eraikuntza eder bat eta denok hor, eraikuntza eder horretan kabi gaitezen eta bizi gaitezen modu zibilizatu batean eta gure kultura hedatuz eta beste kulturetara hurbilduz eta gure nor izateari eutsiz eta era berean aberastuz».

Testuak idatzita dauden ordena berean irakurtzeko gomendioa egiten du liburuaren egileak: «Irakurleak saltokako irakurketa aukeratzen badu, ez diot galaraziko, baina iruditzen zait hobeto egingo duela jarri zaion ordenan irakurrita. Ezer ez dago menturaz bere lekuan jarrita». Batzuetan bi zatitatik bat osatu du, eta horrela adierazi du egileak; aipatzen den lehena da oinarrizkoa. Testu bakoitzaren ondoan ageri da kode baten bidez noiz egina den elkarrizketa, nork egin zion eta non.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.