XX. mendeko Euskal Herriko poetarik laudatuenetakoak izateaz gain, elkarren adiskide izan ziren Xabier Lete eta Gabriel Celaya, eta mirespen handia izan zioten elkarri. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari gisa zuen arduratik, Xabier Lete izan zen, 1984an, Aldundiak Gabriel Celayari egin zion omenaldiaren bultzatzaile nagusietako bat, Imanol Murua orduko diputatu nagusiarekin batera. Orain, poeta biak hilak direlarik, haien oroitzapena ohoratzeko asmoz, bi sari sortu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskarazkoa Xabier Leteren omenezkoa, gaztelaniazko Gabriel Celayaren omenezkoa, nazioartekoak biak, nahi duen orok parte ahal izango baitu sariak irabazteko lehiaketetan, hizkuntza horietan idatzitako poemekin betiere.
Aurten egingo da bi sariketen aurreneko ekitaldia, eta irabazleek hamarna mila euro jasoko dute, garaikurraz gain. Aurrerantzean urtero antolatuko ditu Aldundiak bi sariak, eta obra sarituak horretarako beren-beregi sortuko duen sailean argitaratuko ditu erakunde berak.
Gabriel Celaya nazioarteko poesia sarian parte hartzeko oinarriak martxoaren 18an zabalduko dituzte, poeta omenduaren jaiotzaren lehen mendeurrenean. Xabier Lete nazioarteko poesia sarian parte hartzeko oinarriak, berriz, apirilaren 5ean zabalduko dira, Letek, biziko balitz, 67 urte beteko zituzkeen egunean. Bi kasuetan, lanak aurkezteko epea irailaren 10ean agortuko da.
Gabriel Celayak 1984an Aldundiak antolatutako omenaldia jasotzean egindako adierazpenak ekarri zituen gogora atzo Haritz Solupe Aldundiko Kultur Sustapen eta Hedapeneko zuzendariak, sarien aurkezpena egiterakoan: «Beti egin didate kasu gehiago kanpoan hemen baino, eta horrek, egia esan, mindu egin nau», esan zuen orduko hartan poeta omenduak. «Gainera, giro jakin batzuetan nire aurkako jarrera sumatu dut. Horregatik, omenaldi honek garrantzi handia du niretzat. Omenaldi honek adierazten du nire herriak azkenean ere nire obrari onarpena eta aitortza ematen diola».
Aldundiak Gabriel Celaya omendu zuen garaian, Donostiako Udalaren jarrerarekin minduta zegoela ekarri zuen gogora Felix Maraña kazetari eta idazleak, udaleko agintariek uko egin ziotelako poetaren liburutegia eta dokumentuen funtsa hartzeari.«Gabriel triste zegoen, bere hirian egon nahi zuelako, eta hau da haren hiria.Orduan esan genion Aldundian Xabier Lete zegoela».Bi poeten arteko harremana emankorra gertatu zen. «Xabier Lete berehala jabetu zen ezin zitzaiola ezezkorik eman Gabriel Celaya bezalako poeta garrantzitsu baten ondareari».
Herriak eta poeten izenak
Horregatik guztiagatik, «Aldundiari dagokio», Marañaren ustez, «Gabriel Celayaren oroitzapenaz arduratzea». Poesia sari sortu berriak Lete eta Celayaren oroitzapena ohoratzeko zereginean garrantzitsuak izango direlakoan dago. «Horaciok esaten zuen zorionekoak direla haien izenak poetenekin nahasten diren herriak. Nik uste dut, eta 30 urte daramat hori esaten, honelako zerbait sortu behar zelaGabriel Celayaren inguruan».
Xabier Letek Aldundian utzitako arrastoak bizirik dirauela adierazi zuen Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskarako foru diputatuak. «Letek politikari gisa ezarri zituen hainbat mugarriri eutsi egiten zaie, eta hark egindako lanari jarraipena ematen zaio. Eta hori egiten baldin bada, zerbaitegartik da».
Xabier Lete eta Gabriel Celaya poesia sariak sortu ditu Gipuzkoako Aldundiak
Leteren izenekoan euskarazko poemak lehiatuko dira, bestean gaztelaniazkoakIrabazleek hamarna mila euro eta garaikurra jasoko dituzte, eta obra sarituak argitara emateko saila sortuko du erakundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu