Xabier Lete idazleak (Oiartzun, Gipuzkoa; 1944) irabazi du aurtengo Euskadi Literatur Saria, Egunsentiaren esku izoztuak poema lanarekin. Epaimahaiak dioenez, liburuaren "klasikotasuna, ahotsaren sendotasuna eta aberastasun diskurtsiboa" hartu ditu kontuan.
Hemezortzi mila euroko saria jasoko du Letek eta, gainera, lau mila euroko laguntza emango diote poema liburu saritua beste hizkuntza batean argitaratzeko.
Letez gain, euskarazko Euskadi Literatur Saria jasotzeko finalistak Harkaitz Cano (Zinea eta literatura lanagatik), Luis Garde (Gertakarien Urtzea), Anjel Lertxundi (Zoaz infernura, laztana), Juanjo Olasagarre (Tragediaren poza) eta Kirmen Uribe (Bilbao-New York-Bilbao) ziren.
Euskadi Itzulpen Saria Antton Olanorentzat
Euskadi Itzulpen Saria norentzat izango den jakinarazi dute: Antton Olanorentzat, Wilkie Collins idazle ingelesaren The Moonstone eleberriaren Ilargi-harria euskarazko itzulpenari esker. Epaimahaiak "obraren tonu orokorra, kontalari desberdinen erregistroen aberastasuna eta ezaugarri pertsonal eta sozialak" hartu ditu aintzat. Itzulpengintza ikasketak egin zituen Olanok Donostian eta urte askoan euskarako irakasle bezala aritu da. 2000. urtetik Katalunian bizi da. Hemezortzi mila euroko saria jasoko du Ilargi-harria eleberriagatik.
Olanorekin batera, Juan Martin Elexpuru (Tartufo/Zekena eta Printzea), Koro Navarro (Belarra kantari) eta Karlos Zabala (Esperantza) ere finalisten artean zeuden.
Datozen asteetan haur eta gazte literatura arloko saritua eta ilustraziokoa jakingo dira. Haur eta gazte literatura sailean finalistak Juan Kruz Igerabide (Amilami), Fernando Morillo (Leonardoren Hegoak), Eider Rodriguez (Nikoleta eta gaua) eta Ruben Ruiz (Anekdotak) dira.
Ilustrazio saria eskuratzeko hautagaiak, berriz, Mariona Cabassa (Katiuska horiak), Eider Eibar (Anekdotak), Elena Odriozola (Aplastamiento de las gotas eta Un secreto del bosque), Iraia Okina (Ilania), Mikel Valverde (El pirata Pepe y los animales) eta Alfonso Zapico (Cafe Budapest).
Azaroaren 24an emango dituzte Euskadi Sari guztiak, Bilbon Euskal Irrati Telebistaren egoitzan.
literatura
Xabier Leterentzat izango da Euskadi Literatur Saria, 'Egunsentiaren esku izoztuak' lanagatik
Poema liburua saritzeko garaian, "klasikotasuna, ahotsaren sendotasuna eta aberastasun diskurtsiboa" hartu ditu kontuan epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu