Literatura

Xabier Montoiak burges gizajo bat egin du protagonista 'Bakea, bakea' eleberrian

Bake bila dabilen ludopata, toxikomano eta pornoadikto donostiar bati jarraitzen dio egileak liburuan, sorterrian hasi eta patu makurrak eramaten duen tokiraino.

Xabier Montoia, Donostiako Elkar dendan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Xabier Montoia, Donostiako Elkar dendan. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2026ko otsailaren 4a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela 40 urte pasatsu azaldu zen Xabier Montoia (Gasteiz, 1955) euskal letren plazan, Anfetamina eta Likantropo poema liburuekin. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak gogoratu duenez, «boom» bat izan zen hura: «Berritasuna ekarri zuen, beste ahots bat, beste musika bat». Poeta gisa hasi arren, batik bat narratzaile gisa jarraitu dio idazleak literatur ibilbideari, eta ezin konta ahala ipuin liburu eta nobela eman ditu argitara geroztik; besteak beste, Emakume biboteduna (1992), Gasteizko hondartzak (1997), Baina bihotzak dio (2002), Euskal hiria sutan (2006) eta Hondamendia (2015) ipuin liburuak eta Hezur gabeko hilak (1999), Blackout (2004) eta Lautadako mamua (2024) nobelak. Orain Bakea, bakea plazaratu du Elkar argitaletxearekin, malezia handirik gabeko «gizajo» baten ibilerak kontatzen dituen eleberria.

Inazio Osa da protagonista, eta halaxe dago deskribatuta liburuaren atzealdean: «43 urteko donostiarra, etxe oneko seme bakarra, amak mimatua bezain aitak gaitzetsia, emazte ohiak mespretxatua eta alabatxoak maitatua». Hori gutxi balitz bezala, «ludopata, toxikomanoa eta pornoadiktoa» ere bada Osa; haren lagunek «pailazotzat» daukate. Egilearen arabera, beharrezkoa izan da halako erretratu krudel eta gupidagabea: «Nahi nuen puntura heltzeko hortik pasatu beharra zegoen, bestela ez zatekeen ulertuko pertsonaiaren bilakaera eta norabide aldaketa». Pertsonaia hori bidaia batean ipini du gainera: «Bere ibilbidea Marcorena da [Edmundo de Amicis idazle italiarraren pertsonaia], Apeninoetatik Andeetarakoa».

Baina bidaiak bidaia, pertsonaiaren sorterriak, Donostiak, aparteko garrantzia du narrazioan. Izan ere, liburuak hori du lehen eszenatokia; zehazki, Artzain Onaren katedrala. Hantxe egingo diote hileta elizkizuna Osaren amari, eta momentu horretan bertan jabetuko da hura atzetik datorkion hondamendiaz, hain zuzen bere bizitzako sostengu bakarrenetakoa galdu berri duenean. Montoia: «Protagonistaren lagunak ere hor daude, eta elizatik atera eta gero pintxoak jatera doaz denak». Eszena horietan idazleak Donostiarekin duen «maitasun-gorroto harremana» antzeman daitekeela nabarmendu du Mendigurenek. Montoiak bere gaztaroan «ia kasualitatez ezagututako burges kumeen giro batean» kokatu du tenka hori: «Liburu honetako pertsonaia batzuk halakoak dira, baina ez denak. Besteek beste bizio batzuk dauzkate». Bi belaunaldi erretratatu ditu egileak. Batetik, Inazio Osa eta 43 urteren bueltako jendea legoke, eta, bestetik, Osaren gurasoen belaunaldia. «Ama ni baino zaharxeagoa litzateke», zehaztu du idazleak.

«Hemen, amets batetik dator dena, ez nobela osoa, baizik eta lehen paragrafoa. Amets hartatik esnatu nintzenean, jaiki, eta idatzi egin nuen. Ez zait sekula halakorik gertatu»

XABIER MONTOIA Idazlea

Amets bat jatorrian

Bere lan egiteko moldeaz ere mintzatu da Montoia. «Idaztean ez dut planik izaten, ez dut mapa zehatz bat jarraitzen, ez atalez ataleko egiturarik ere. Zer gertatuko den jakin gabe hasten naiz idazten». Hala eta guztiz ere, kasu honetan inoiz ez bezalako abiapuntu bat izan duela nabarmendu du: «Hemen, amets batetik dator dena, ez nobela osoa, baizik eta lehen paragrafoa. Amets hartatik esnatu nintzenean, jaiki, eta idatzi egin nuen. Gerora, hortik jarraitu nuen. Ez zait sekula halakorik gertatu».

Nobelaren gakoetako bat ere bada lehen paragrafo hori, Mendigurenen arabera: «Kontua da nork esan duen dena delako esaldi hori eta zergatik esan duen».

Montoiaren estilo literarioaz ere hitz egin du editoreak: «Deigarri egiten da zuriunerik ez dagoela liburuan. Paragrafoak sendoak, trinkoak eta luzeak dira, gaiak horixe eskatzen duelako. Elkarrizketarik badago, baina paragrafoaren barruan». Hastapenean, paragrafo bakarrekoa omen zen liburua; hasi eta buka, puntu eta aparterik gabekoa. Montoia: «Gero irakurleaz gupidatu nintzen, eta bloke hori guztia paragrafo txikiagotan zatitu nuen».

Bestelako edizio lanik ere izan du liburuak, tartean guraizea sartu beharra. Montoia: «Bigarren zatiko bidaia zabalagoa zen. Iruditu zitzaidan zentzurik gabe ari nintzela luzatzen, eta 200 orrialde-edo kendu nizkion; Mexikon eta AEBetan barrena egindako ibilaldi guztiak».

Irakurleen mesedean, argibide gehiago ematea saihestu dute editoreak eta idazleak. Nolanahi ere, argitu dute liburua «bake santuan» amaitzen dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.