Xabier Sarasolaren hogei urteko konposizioak jaso dituzte lan batean

Basilio Astulezen zuzendaritzapean, Vocalia abesbatzak jarri dio ahotsa musikagilearen obrari

Donostia
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Xabier Sarasola beasaindarrak 20 urtean egindako konposizioak «ahanzturatik atera eta betikotu» nahi izan ditu, Vocalia andrazkoen abesbatzarekin batera ekoitzitako Haizeak dakar diskoan. Azkoitiko Santa Kruz komentuan grabatu zuten joan den irailaren 15ean eta 16an. «Bene-benetakoa» da ekoizleen ustetan, «horrelako leku batek ematen baitio abesbatza bati jarduteko ingurune egokia». Basilio Astulez Vocaliako zuzendaria izan da Sarasola proiektuari ekitera bultzatu duena, «kalitatea eta proiekzioa dauzkatelako Sarasolaren konposizioek», haren ustez.

Sarasola ezaguna da Beasaingo musikagintzan egin duen jarduna dela eta. Musika irakasle lanetan, Loinatz abesbatzan eta harizko orkestraren zuzendaritzan aritu izan da. Beasaingo Udalari aurkeztu zioten ideia, «esperantza gutxirekin, nahiz eta ez dugun inoiz ezezkorik jaso». Ez zuten jaso oraingoan ere, eta diruz ekoizpenean lagundu du, Enrique Lartundo fundazioarekin batera.

Abesti sakroez gain, JosAnton Artze, Xabier Amuriza, Tere Irastortza, Kirmen Uribe eta Joxerra Garziaren olerkiei ere jarri diete doinua Sarasolak eta Vocaliak. Sarasola aritu da pianoan, Aitor Mitxelenak klarinetea jo du, eta Amaia Arostegi eta Jone Rezola flautarekin aritu dira. Larunbatean aurkeztuko dute diskoa jendaurreko lehendabiziko emanaldian, 19:30ean Beasaingo San Martin Loinaz basilikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.