Xabier Silveira nagusitu da Donezteben jokatutako finalaurrekoan

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen faseko azken saioan sei lagun ariko dira lehian, gaur, Berriozarren

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Iaz atseden hartzea erabaki ostean, indartsu itzuli da Xabier Silveira Nafarroako Bertsolari Txapelketara. Lesakarra gailendu zen atzo Donezteben jokatutako saioan, 341 puntu lortuta. Finalaurrekoetan kantatzeko zuzeneko txartela lortu zuen horrela. Haren atzetik sailkatu ziren Jon Barberena (310,5 puntu), Iñigo Ibarra (302), Saioa Alkaiza (301,5), Iñaki Aleman (279,5) eta Iban Garro debutaria (270,5). Doneztebera saioa entzutera joan ziren 180 lagunek lepo bete zuten herriko zinema aretoa.

Txapelketaren lehen faseko azken bi saioetako bat izan zen Doneztebekoa. Bigarrena gaur jokatuko dute Julen Zelaietak, Patxi Castillok, Jon Elizetxek, Aimar Karrikak, Aritz Saraguetak eta Josu Sanjurjok, Berriozarko musika eskolan, 17:30ean. Gaurko saioarekin, Beran, Leitzan eta Elizondon egingo diren hiru finalaurrekoak eta finala baino ez dira faltako Nafarroako txapelduna nor den erabakitzeko.

Beste horrenbeste faltako zaio amaitzeko Arabako bertsolarien lehiari ere. Herenegun eta atzo jokatu zituzten Arabako Bertsolari Txapelketako azkeneko bi azkenlaurdenak arabarrek, Ataurin eta Elosun. Arabako finala apirilaren 2an jokatuko da, Gasteizko Principalen; Nafarroakoa, berriz, astebete geroago, apirilaren 9an, Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.