Xarnegu jaia Bardozen

Esne Beltza, Xarnege eta Sergent Garcia ariko dira euskal eta gaskoi kulturen arteko topaketan

Xarnege taldea ariko da jaialdian. BERRIA.
Baiona
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Xarnegu Eguna deitu festibala iraganen da asteburu honetan Bardozen ( Lapurdi). Zortzigarren urtez jarraian, Lapurdiko herri lasai eta txikia besta giroan murgilduko da gaur eta bihar. Isabel Detxeberri festibaleko antolatzaileak azaldu duenez, Xarnegu Eguna ospatzeko arrazoiak ugariak dira. «Belaunaldien arteko ezagutza eta elkarteen elkarlana bultzatu nahi ditugu. Bestalde, eskualdeko gazteek urtean behin, behintzat, kontzertuez eta besta giro handiaz gozatzeko parada izan dezatela nahi dugu», erran du.

Xarnegu Eguna Bardozeko herrian ospatzeak badu bere arrazoi propioa ere. Bardoze Lapurdin eta Euskal Herrian dago, baina Landen eta Biarnoren arteko mugetatik biziki hurbil. Hala, kultura gaskoiak eta euskal kulturak elkarrekin topo egiteko gune zein une gisa hartzen da festibala. «Bardo- zen zein inguruetan, euskal jatorririk ez duten familia ugari daude. Kultura ezberdinek topo egiten duten leku bat da, eta kulturen artean harremanak izatea nahi dugu», azaldu du Detxeberrik.

Egitarau oparoa

Gaur gauetik hasita, Salda badago deitu erreportajea izanen da ikusgai, euskal rockaren hasierei buruzko film bat. «Ostiral gauekoa urririk izanen da, sartzea ordaindu ezin dutenak ere bertaratu daitezen», azaldu du Virginie Diribarnek, Xarnegu elkarteko lehendakaria denak. Ondotik, jaia gaztetxean amaituko da. Larunbatean, 10:00etatik hasita, Xarles Bidegain euskaltzainak Euskal Herriko Hizkuntza Atlasa aurkeztuko du. Arratsaldean Xarnege taldearen musika tradizionalaren emanaldia izanen da. Arratsean, besta giroari eginen zaio lekua: Old School Funky Family, Sergent Garcia, Esne Beltza eta Larzenak taldeen kontzertuak izanen diren. Ospakizunak aterpean iraganen dira.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA