Barton Films banaketa enpresak martxoan estreinatuko du Xora, Peio Cachenautek zuzenduta, zubereraz filmatu den lehendabiziko fikziozko lana. Ipar nahiz Hego Euskal Herrian estreinatzeko asmoa du Barton Filmsek, enpresako arduradunek zehaztu dutenez. Horretaz gain, Malutatxo (Andres G. Schaer) animaziozko filma abenduaren 23an estreinatuko du, eta urtarrilean, berriz, Aita zonbia naiz (Ricardo Ramon eta Joan Espinach) emango dute zinema aretoetan, hori ere animaziozko lana. Azken horrek film onenaren saria eskuratu berri du Gijongo Zinemaldiko Enfants Terrible sailean.
Barton Filmsek euskarazko filmen katalogoa aurkeztu berridu. Bertan daude azken hilabeteotan zinema aretoetara iritsi diren film batzuk: Urte berri on, amona! (Telmo Esnal), Gartxot, konkista aitzineko konkista (Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta) eta Olentzero eta iratxoen jauntxoa (Gorka Vazquez), besteak beste. Katalogoak ehundik gora film jasotzen ditu: animaziozkoak (Alhambrako giltza, Ilargiaren sekretua, Planet 51, Arthur eta munduen gerra...), dokumentalak (Amerikanuak, Checkpoint Rock, Lucio, Zaintzaileak...) eta fikziozkoak (80 egunean, Aupa Etxebeste!, Evil, Izarren argia, Koruko mutilak, Urte ilunak...).
'Xora' zubereraz eginiko filma martxoan estreinatuko dute
Barton Films banaketa taldeak ehundik gora euskarazko film jaso ditu bere katalogoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu