Xostakovitxen ‘Leningrad’: gizatasun atenporala

Bilboko Orkestra Sinfonikoak konpositore errusiarraren pieza joko du gaur eta bihar, Bilboko Euskalduna jauregian. Vasili Petrenkok gidatuko ditu saiook, eta Karmele Jaiok aurkeztu, gerren hainbat ertz azaleratzen dituen testu batekin.

Bilboko Orkestra Sinfonikoaren entsegua, gaur, Bilboko Euskalduna jauregian. GORKA RUBIO / FOKU
Bilboko Orkestra Sinfonikoaren entsegua, gaur, Bilboko Euskalduna jauregian. GORKA RUBIO / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko azaroaren 6a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira gerra entzuteko hainbat modu, badira gerra kontatzeko hainbat modu. Bizitzaz mintzatzea izan daiteke gatazka bati neurria hartzeko manera. «Anna Akhmatova poeta errusiarrak dio bizitzan hiru egoitza daudela», esan du Karmele Jaio idazleak, Bilboko Euskalduna jauregiko auditoriumeko isiltasuna hautsiz. «Lehen egoitza etxe polit bat da; lagunak daude bertan, solasak, musika, poesia. Bigarren egoitza desolazioarena da: etxea hutsik dago, dena erraustua. Eta gero hirugarren estantzia bat dago, hildakoen oroitzapenarena, eta haiekin bizi beharra». Leningrad sinfoniaren emanaldirako prestatu duen testuan, marko unibertsala ezarri dio Jaiok Dmitri Xostakovitxen piezari: euskal idazlearen sarreraren ostean, Leningradeko setioa gogorarazi dute doinuek, baina baita 36ko gerra ere, edo Ukraina, edo Gaza. Gaur eta bihar joko du sinfonia BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak Euskalduna jauregian, eta Vasili Petrenko zuzendari errusiarrak gidatuko ditu saioak.

Lau mugimenduk osatzen dute Xostakovitxen lana, eta egitura bera baliatu du Jaiok ere testua taxutzeko, atal bakoitzak gatazken alde bati erreparatzen dio-eta. Akhmatovaren berbetatik tiraka osatu du lehen mugimenduari dagokion zatia, allegretto Do maiorrean. «Hori da, batez ere, gerra bat: hildakoekin bizi beharra», irakurri du azken entseguan, gaur goizean, eta errezitala bukatutakoan xehatu ditu bere hitzak, auditoriumetik kanpo. Leningrad-erako zerbait idatz zezala enkargatu ziotela kontatu du, eta ez ziotela baldintzarik ipini. «Gaian pentsatu nuen aurrena: sinbolismo handia duen sinfonia bat da, sarraskien kontrakoa, gerren kontrakoa, egoera baten aurrean dagoen erresilientziaz mintzo dena. Eta, zoritxarrez, gaurkotasuna duen gaia da».

«Adierazpen artistikoen uztarketa beti da aberasgarria; zerbait berria sortzen da, nahiz eta sentimendu berberen inguruan ari garen»

KARMELE JAIO Idazlea

Lehen mugimenduko testua da «gertukoena», haren hitzetan. «Gizarte eta herri bakoitzak ditu bere hildakoak, eta guk ere badauzkagu». Bigarren mugimenduan, moderato, gerretan ikusten ez denari heldu dio Jaiok, beste poeta «handi» batean bermatuta. «Wislawa Szymborska poloniarrak dio gerra bakoitzaren ondoren norbaitek egin behar duela garbiketa», esan du auditoriumeko agertokian. «Gauzak ez dira bakarrik ordenatzen, norbaitek bota behar ditu hondakinak hildakoz betetako gurdiak bidetik igaro daitezen». Zaintzaz ari da, batez ere, eta lan horiek duten «epika» azpimarratu du. «Amonak, poeta izan gabe, bazekien hitz handiek gauza asko ezkutatzen zituztela: elikatu behar diren haurrak, zaindu behar diren agureak, bota behar diren hondakinak, behin eta berriz igurtziz garbitu behar diren trapu odoltsuak, josi behar diren alkandorak, berpiztu behar diren etxeak».

Hirugarren mugimenduan, adagio, erbestearen minak jorratu ditu bi emakumeren testigantzak hizpidera ekarrita. Eta laugarrenean, allegro non troppo, sinfoniaren jatorrizko testuinguruari heldu dio. «Oso interesgarria iruditzen zitzaidan konposizioari buruz hitz egiten bukatzea. Baina pieza entzun bitartean jendeak gerrari buruzko ikuspegi zabalagoa edukitzea nahi nuen», esplikatu du. Musikak eta literaturak elkar elikatu dute. «Adierazpen artistikoen uztarketa beti da aberasgarria; zerbait berria sortzen da, nahiz eta sentimendu berberen inguruan ari garen».

Arteen «indarra»

1942ko uda zen. Ia urtebete lehenago hasi zuten naziek Leningraden setioa —egungo San Petersburgo—, eta gosez hilak ziren daborduko milaka herritar. Hala ere, orkestra bat batu zen hiriaren hondarretan. Ahituta zeuden musikariak, ozta-ozta eusten zieten instrumentuei, baina gai izan ziren Xostakovitxen konposizioa jotzeko, ordu pasatxoko sinfonia bat, alemaniarren bonben mehatxupean. «Han batutako pertsonek harrotasun kolektiboa sentitu zuten. Eta eredu bat da, erakusten duena zer-nolako balioa eta indarra izan ditzaketen musikak, literaturak eta arteak muturreko egoeretan», balioetsi du idazleak.

Vasili Petrenko zuzendaria, entseguaren une batean. GORKA RUBIO / FOKU
Vasili Petrenko zuzendaria, entseguan. GORKA RUBIO / FOKU

Eta, hala ere, alaia da Leningrad, tarteka aditzen diren burrunbek itxaropenaren kutsua dute, sarraskiarena bainoago. Jaiok hitzaldia bukatu duenean, berehala ozendu dira orkestrako tresna gehienak, eta gorputza indartsu astinduta ekin dio Petrenkok entseguari. Laster apaldu da zaratotsa, eta haize instrumentuen txistu leuna gailendu da segidan; musika tresna grabeagoek modu diskretuan hartu dute parte, eta laburrak izan dira tonu goibelak, biolinek ziztuan alaitu dute-eta konposizioa ostera. Perkusio atsegin batekin abiatu dute bigarren mugimendua, gehitu dira biolinak eta biolak, nabarmenagoak bihurtu dira gorputzen balantzak, eta biziago buruen astinaldiak, ageriagoak egin dira kontrabaxuaren doinuak. Eta, poliki-poliki, tresna guztiak nahastu dira zarata eztanda batean.

«Musika gizatiarra da hau; gradualki aldatu beharra dauka», adierazi die Petrenkok orkestrako kideei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.