Andoni Imaz
Lauhazka

Xuxurlaka ilunpean

2025eko maiatzaren 18a
04:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Gautzen ari du Parisen. Fatxadei lotutako neonezko errotuluek argiztatzen dituzte kaleak, gero eta biziago: sex shop-ak, hotelak, farmaziak, zinemak. Film pornografikoak proiektatzen dituen zinema bateko langileak dira Simone eta Martine, eta hallean dabiltza atzera-aurrera, bezeroei txartelak eskatzen, hizketan, erretzen eta ogitartekoak jaten. Eserita daudenean, moketa marroizko pareta bat dute atzean, eta, paretan, neonezko bi begi zuri-hori, aretoetara hitzik esan gabe sartzen diren gizonenak bezain zabalik. Bat kexaka irten da, film gay bat ipini dutelako; beste batek astiro itzali du zigarroa haien ondoko hautsontzian, begirasun lizunaz; laguna dute txiste bat kontatzera soilik sartu dena; baita gizon itsua ere, ohiko bezeroak dira laguntzaile xuxurlaria eta biak. Proiektatzen ari diren film baten zuzendaria ere han da, bere lana zer jende klasek ikusten duen jakin-minez. «Auskalo. Begiak ixten ditugu, indarrez, gauza askoren aurrean», erantzun dio Martinek, Simone areto kirasdun batean esprai aire-gozagarria zabaltzera joan den bitartean. Etengabe irekitzen eta ixten dituzte ateak, igarotzen dira pertsonak eta soinuak, eta hala bihurtzen da pasaleku hori hiriko bizitza gautarraren agertoki perfektua.

Simone badoa, «kalearen amaierara, ilargiak esango du nora». Atezainari pasahitza esan ondoren —«feux, x-rekin»—, lesbianen taberna batera sartu da, eta barra izkinan geratu. Han dabil uniformedun neska laguna; berandu aterako da lanetik. Aretoak kabareta dirudi, bere musika eta dantzarekin. Barran, zodiakoaren zeinuez ari dira hizketan, zeloez eta desleial izateaz, maldizioez eta begizkoaz. Simone nekatuta dago. Aldameneko andreak arrosa loreak ditu salgai; batek eskatu dio emateko bat kamiseta zuriko neska hari, eta zutabe baten atzetik begiratu dio. Simonek, kalerako bidean, neska laguna agurtu duenean, hura begirada galduta geratu da une batez, itxi berri den ateari ez ezik, hiriko kale ilunei ere bizkarra emanez.

Gizon baten gonbidapena onartuta, haren autora igo da Simone, gidari. Gizonak trajea darama, croupierra omen da. Eztabaidan dabiltza trago bat hartuko ote duten, eta, hartzekotan, nork pagatuko duen. Kantu batek eten du elkarrizketa. Haiek entzuten al dute? Izan ere, autoaren kanpoaldea ageri da tarte batez, eta, haiengana itzultzean, gizonak malkotan du aurpegia. Simone nekatuta dago; etxera joango da, bakarrik. Agurtzera doanean, lehen plano bitxi batek bakartzen du segundo gutxi batzuez; ematen du zerbait esan behar diola gizonari, baina, hari begira —erdi errukiz erdi esperantzaz—, hasperen batean askatzen du gaueko ezinegona. Autotik jaitsi, eta badoa oinez etxera. Eguna argitzen ari du.

Nola ez maitatu Marie-Claude Treilhouren Simone Barbès ou la vertu filma (1980). Ikusi, eta kontatzeko gogoa ematen du, hain da txikia eta ederra. Diagonale taldeak ekoitzi zuen. Paul Vecchialiren indar bitalista gidari, tartean ziren Jean-Claude Biette, Jean-Claude Guiguet eta Treilhou bera, baita hainbat aktore ere. Handik eta hemendik lortzen zuten dirua —catering zerbitzuetatik, besteak beste—, filmak egiteko, elkarrekin eta herri-jendearentzat.

Ez al da gero eta premiazkoagoa ilunpera jotzea, ilunpean elkartzea? Ez naiz ari soilik aretoetara itzultzeaz, baizik eta eduki zaparrada itzaltzeaz, erabakimena eta jakin-mina berreskuratzeaz

Film hura estreinatu berritan, Daniele Dubroux kritikari eta zinemagileak inkesta bat egin zuen Cahiers du cinéma-n, zinemetan lan egiten zuten emakumeak elkarrizketatuta. Denen artean, maitagarria da Bastille Palaceko Fernande. «Mon chéri», esaten omen zien bezeroei, denak ezagutzen zituelako; gehienak migratzaile langabeak ziren, Bellevilleko zinema batean ezagutu, eta lantokiz aldatuta ere harengana joaten jarraitu zutenak. Penaz zegoen Fernande, kate handi batek aretoa erosi behar zuelako eta ez zekielako nora joko zuten bere maiteek, langabeek eta cruising-aren zaleek. 74 urte zituen, eta egunean hamar orduz lan egiten zuen, hilean 1.400 frankoren truke. Kung-fu zineman espezializatutako areto batean lan egin arren, ez zitzaion interesatzen film horietako biolentzia: nahiago zuen urrutiko lurraldeak ezagutu eta musikalekin gozatu.

Beste garai batera naramate Simonek, Fernandek eta Diagonaleko lagunek: zinemaren behialako gau luzera. Gaur, pantailen industriak begi parean jartzen dizkigun fokuek itsututa bizi garen garai honetan, inspiratzaileak dira hirurak. Ez al da gero eta premiazkoagoa ilunpera jotzea, ilunpean elkartzea? Ez naiz ari soilik aretoetara itzultzeaz, baizik eta eduki zaparrada itzaltzeaz, erabakimena eta jakin-mina berreskuratzeaz. Elkarri filmak kontatuko dizkiogu ilunpe bizi horretan.

'Simone Barbès ou la vertu'
Simone Barbès ou la vertu filma 1980an estreinatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.