Nerabezaroan idazten hasi zenetik, makina bat istorio asmatu du Yurre Ugartek (Tolosa, Gipuzkoa, 1965). Ipuin liburuak, komikiak eta albumak ondu ditu, bai eta antzerkirako, marrazki bizidunetarako, film laburretarako eta telebista programetarako gidoiak ere. Baina aspaldian buruan zerabilen istorioak bestelako formatu luzeago bat eskatzen zion, baita aparteko lanketa ere, eta egokitze horretatik sortu da haren lehen eleberria: Harakinen alaba (Elkar).
Nondik nora sortu zen eleberrirako ideia?
Askatasunez idazteko gogoa neukan, eta jada irudikatzen hasia nintzen ahots narratiboa nobelaren formatu malguan ikusten nuen. Anekdota ustez hutsal moduan, esango dizut aspaldi ikusi gabeko lankide ohi batekin egin nuela topo, eta, nomada digital moduan zebilela kontatu zidanean, nire apunteen koadernotik ateratako elementu bat zela pentsatu nuen. Handik gutxira, lehen zirriborroa idazteari ekin nion, basoan gauez zabiltzanean bezala, itsuan eta erne. Nomada digital baten etxean kokatu nuen hasiera.
Esan liteke eraldaketa dela eleberri honen ardatza?
Nobela gauza bakar batera mugatzea litzateke hori. Egungo giroan dagoen zerbait da bizimodu aldaketa, eta nahi nuen horretan saiatzen ari den norbaiti buruz idatzi. Aldaketa betean dagoen protagonistak arrakasta izan du telesailak idazten. Haren familiaren iraganak naturarekin eta animaliekin lotura dauka, eta azken bikote harremanean porrot egin du. Nola heldu naiz ni honaino egiten hasita dago, eraldatzeko asmoz. Zer du interesgarria eraldaketak? Ez dela perfektua, eta ezin dela kontrolatu. Transformazioa interesatzen zait, eta ez perfekzioa; bai ahots narratiboan, bai istorioa eraikitzerakoan. Baita irakurle naizenean ere, noski.
Zergatik?
Eraldaketa prozesu batek, benetakoa izango bada, kontrolaezina izan behar duelako. Bizirik dagoena mugitzen ari da, aldatzen ari da; are heriotzarantz doanean. Harakinaren alabaren kasuan, kanpotik barrurako bidaia bati ekiten diolako interesatzen zitzaidan, bere barne mundua idazteko erronkari ekiten diolako. Besteaz edo kanpokoaz idazten du beti, eta kanpotik. Baztertutako emakume historikoak ezagutarazi ditu arrakastaz, eta, hala ere, aldatu nahi du. Puntu horretatik doa lehendabizikoz bere baitakoari bide ematera. Hori kontatzeko eraiki nahi nuen ahotsak jolasteko aukerak ematen zizkidan, gainera: irudimenari buruz aritzeko, gaztetan mozkorra zegoenean idatzitako testuak jartzeko... Hor sartu nahi nuen, Alexen barne ahotsaren mundu kaotikoan; bat-batean iraganean dago, gero orainaldian; setati, askotan gogaikarri, eta era berean ahul eta delirante.
«Eraldaketa prozesu batek, benetakoa izango bada, kontrolaezina izan behar du. Bizirik dagoena mugitzen ari da, aldatzen ari da; are heriotzarantz doanean»
Kontrara, askok arrakasta izaten dute helburu.
Hain justu, garai honetako beste ezaugarri bat da hori. Arrakastaz hilko gara; arrakasta, kuantitatiboki ulertuta. Gaindosi betean gabiltza, eta literaturaren, artearen eta ikus-entzunezkoen produkzioaren merkatuan ere halaxe da. Gaindosia edo ugaritasun kulturala ospatzeko modukoa da, noski, detailetxo batengatik izango ez balitz: enpresa gutxi batzuen esku dago hori, begiradak eta bizimoduak norabide batean baldintzatzen dituzten enpresa gutxi batzuen esku, hain zuzen. Hor kokatutako pertsonaia bat da Alex, hortik urruntzen ahalegintzen den norbait. Eta ahalegin horrek dakarzkion kontraesanak, inkoherentziak, trabak eta beste bizi ditu. Aukera guztiak ditu aldatzeko: landa eremura bizitzera joateko modua oinordetzan jaso duen baserriaren bitartez, dirua... Eta espero ez zuen zerbait gertatzen da, bizimodu burgesaren mugak apurtzea eskatuko dion egoera bat, eta hor dabil atzera eta aurrera. Ustez irudimen handia duen gidoilari arrakastatsua ere bere lekuan jartzen du errealitateak; bere muga pertsonalak nabarmentzen dizkio gaurko gizarteak.
Esanguratsua da titulua. Ofizio bat eta familian egokitutako lekua ageri dira. Gurasoek definitzen gaituzte?
Abiapuntua dira. Kontua zera da, hortik aurrera zer egiten dugun, zer egin dezakegun edo horrek zer erabaki hartzera garamatzan. Ze testuingurua beti dago hor, baldintzatzen, oztopatzen edo bultzadak ematen. Herri batean jaioa dena, norbaiten alaba edo semea da beti. Hein batean ez zara zu. Nobelan, abiapuntu izan zituenen kontakizuna egiten hasten da Alex, hain justu aldatu beharra sentitzen duenean. Geruzak askatuz doa.
Punki samarra da hasiera. Ezinbestekoa al da norbere zukuak onartzea eraldatzeko?
Hasieran, burutik pasatzen zaion guztia idazten dabil protagonista. Irudimena batetik bestera doakio saltoka, eta estreinakoz hor jartzen du fokua, eta ez dirua emango dion telesail batean. Barrurako bidaia horretan kanpoalde bat ere badago, hau da, gorputza. Kanpoalde horretatik ari gara beti. Norberaren zuku fisikoen seinaleen ezabatzea bada beste egungo adierazle bat. Muturreko garbitasunaren asepsia 2020az geroztik areagotu dela esango nuke. Ez dakizu zure besapeak zer usain duen ere. Edo, baldin badakizu, desodorantearekin ezkutatzen duzu. Edo korrika dutxatzen zara. Izerditzen dugu, baina gure izerdiak ez du usainik. Ia robot hezeak gara. Animaliatxoak ere ageri dira hasiera horretan, objektu bihurtuta. Gizakitxo kontrolatuak balira bezala erabiltzen ditugu animaliak. Nolabait bizirik, baina distantzian nahi ditugu. Ba, horri guztiari gertutik begira jarri dut protagonista; hor nahi nuen.
«Gizakitxo kontrolatuak balira bezala erabiltzen ditugu animaliak. Nolabait bizirik, baina distantzian nahi ditugu. Ba, horri guztiari gertutik begira jarri dut protagonista»
Bi prostitutaren hilketak txirikordatu dituzu, baina ez da nobela beltza. Zergatik prostitutak?
Emakumeen hilketak dira, eta eragiten duten morboaren ustiaketatik eta glamourizaziotik aldendu nahi du protagonistak, hurrengo true crime gisako telesaila idazteari uko eginda. Baina ezer ez da hain sinplea, ze halako telesail batek ere bere interesa eduki dezake. Gainera, Alexek gutxien espero duen lekuan topatuko du halako beste kasu bat; non, eta bere familiaren muinean ezkutatuta. Haiei buruz ez idazteak zer dakarren planteatzen zaio protagonistari. Bestalde, hildako emakumeen gorpuen iruditeria oso bat dago artean eta literaturan. Kontua da nola eta zer ikuspuntutatik islatzen den errealitate hori.
Harremanetako lehortasun emozionalaz ere hitz egiten duzu.
Iraganaren indusketa horretan, Alexek gurasoekin erlazionatzeko moduan jartzen du fokua. Une batean, bere buruari galdegiten dio ea haiekiko erlazioa bestelakoa izan balitz desberdinak izango ote ziren bere harreman intimoak. Transmisioarekin lotutako gai bat da, nola erlazionatzen garen oro har. Feminismoa lan handia egiten ari da horretan ere. Badaude indar atzerakoiak, noski, baina feminismoak zabaldutako bideak ez du atzera-bueltarik, edo hori pentsatu nahiko nuke. Dena den, nobela batean gaude.
«Alexek gurasoekin erlazionatzeko moduan jartzen du fokua. Une batean bere buruari galdegiten dio ea haiekiko erlazioa bestelakoa izan balitz desberdinak izango ote ziren bere harreman intimoak»
Idaztearen aldeko apologia egiten dela ematen du. Idaztea sendagaia da?
Idaztea agian sendagaia izango da batzuentzat, baina Alexentzat gutxi esatea da hori, bizibidea baitu idaztea. Eta nobela hau da bere barne mundua adierazteko daukan premiaren emaitza. Alexen amak ez zuen halakorik lortu, eta hain justu horregatik animatzen du alaba, hilda egon arren. Gizakiok adierazpide bila gabiltza beti: bizirauteko ezinbestekoa dugu.
Baserri munduak toki handia hartzen du. Non aurkitu duzu horretarako inspirazioa?
Batetik, nire amaren aldeko baserritik; Galiziako migranteak ziren. Tolosako moja batzuen baserrian lan egin zuten, eta bertan bizi ziren. Denbora asko pasatzen genuen han, kalekumeak ginen arren. Gaur ez da existitzen baserri hori: autobidea eraikitzeko eraitsi zuten. Beste alde batetik, aitaren aldeko amonaren baserria dago, Oñatin. XVII. mendeaz geroztik bizi da han gure familiaren beste zatia. Eta txikitan hara eramaten ninduen amonak udan. Maiorazkoz maiorazko transmititu da jabegoa. Bi horien memoria sentsoriala daukat.
Era berean, landa eremua eta gure baserri totemikoak leitmotiv eternal bat izan dira gure literaturan. Nolanahi ere, nire protagonistaren fikziorako, egungo baserrien problematika behar nuen. Eta baserri abandonatu batzuk ezagutzen ibili naiz. Halako asko daude. Zer egin baserriekin? Nekazaritza turismorako izan behar dute? Nekazaritza estentsiborako toki? Txalet bihurtu behar dira beti?
Sormena eta imajinazioa behin eta berriz aipatzen dira. Balioesten dira nahikoa?
Alex bere irudimenaren nondik norakoak aztertuz doa nobelan zehar, eta haren mugei barre ere egiten die une batean. Gizartean balioesten diren? Etekin ekonomikoak produzitzen dituzten heinean soilik. Gaitasun ororen esplotazioa balioesten den moduan. Eta orain AA txertatzen ari dira arlo horietan ere. Baina AA gu baino hobeto idaztera heltzen denean ere, guk gure esaldiak idazten jarraitu beharko dugu; hitz egiten ahaztuko zaigu bestela. Lengoaiak gurea izateari utziko dio, eta orduan ezingo dugu geure burua defendatu, ez kontra egin, ez poztu. Adierazteko prozesua eta gaitasuna galduko genuke.