Euskal kultur ondarea ikertzeko, ezagutzeko, iraunarazteko eta zabaltzeko xedea izango du 2013. urte amaieran Gasteizko Maturana Berastegi jauregian zabalduko den Zain zentroak. Kultura Ondarearen Arloko Ikerketa Euskal Zentroaren egoitza ireki bitartean,proiektua gorpuzten ari da. Atzo, egitasmoaren fundazioa aurkeztu zuten, Gasteizen. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gasteizko Udalak osatu dute patronatua, eta laster Arabako Foru Aldundiak eta Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiakparte hartzea espero dute. Zain zentroaren helburuekin bat eginez, bi xede nagusi izango ditu fundazioak ere: kultur ondarea ikertzea eta berrikuntza proiektuak sustatzea.
Fundazioa duela hiru hilabete eratu bazen ere, atzo eman zuten horren berri. Santa Maria katedraleko atarian eman zituzten egitasmoaren xehetasunak fundazioko kideek. Agustin Azkarate Zain zentroarenzuzendariak, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak eta Javier Maroto Gasteizko alkateak parte hartu zuten aurkezpenean. Azkaratek azaldu zuenez, ikerketa eta berrikuntza proiektuak sustatuko ditu Zain Fundazioak, eta egitasmo horiek teknologia, ezagutza eta jarduera ekonomiko berriak sortzeko izango dira. Halaber, arreta berezia jarri nahi diete proiektu horiek zabaltzeko moduei, eta, horretarako, graduondoko programak eta lanean ari diren profesionalak trebatzekoak ere garatuko dituzte.
Datozen lau urteetarako, sei proiektu izango ditu ardatz Zain Fundazioak. Horien artean, ondarea eta irudi birtualari lotutakoak eta ondarea eta garapen ekonomikoarekin zerikusia dutenak.
Erakunde publikoek ez dute dirurik jarriko Zain Fundazioan, autofinantzatuta egongo baita, Azkaratek jakinarazi zuenez. Zain Fundazioak bere burua mantendu ahal izateko, honako bideetatik lortuko ditu funtsak: ikerketa eta berrikuntza lehiaketa deialdietara proiektuak aurkeztuta; herri administrazioei, enpresa publiko eta pribatuei, fundazioei eta elkarteei ondare eraikinekin lotura duten gaien inguruan aholkularitza emanez; eta adituentzat graduatu ondoko ikasketak eta espezializazio handiko ikastaroak eskainiz. «Zain proiektu iraunkorra izango da, eta ez da zama bat izango erakundeentzat», azaldu zuen.
Santa Mariaren itzalpean
Ondareari lotutako ikerketa zentroa sortzeko ideia Santa Maria katedrala zaharberritzeko plana landu zutenek atzemandako beharren ondorioz sortu zen. Haien asmoa zen ikerketa gune bat egitea, han egindako lanari, lortutako eskarmentuari eta izandako aurkikuntzei jarraipena emateko. Azkenean baina, helburu hori zabaldu, eta euskal kultur ondarea bere osotasunean zaindu, ikertu eta ezagutzera emango duen zentro bat martxan jartzea erabaki zuten Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak.
Santa Maria katedralaren eraberritze lanak hasi zirenetik, lan horiek bisitatzeko aukera dago, eta, horregatik, Lanengatik irekita leloa bere egin du katedralak. Lema beraren bidetik heldu nahidio orain Zain Fundazioak ere, EHUko errektoreak azaldutakoaren arabera:«Zain Fundazioa eredugarria izango da ezagutza zabaltzeko orduan, eta bere fruituak Santa Maria katedraleko zaharberritze lanak bezain erakargarriak, zorrotzak eta emankorrak izango dira».
Blanca Urgell Kultura sailburuaren hitzetan, berriz, kultur ondarea «gehiago ezagutarazi eta baloratuko da fundazioaren bidez. «Ez dago kulturarik ondarerik gabe, ez gizarterik memoriarik gabe», azpimarratu zuen. Helburu hori lortzea, baina, zaila dela aitortu zuen, ondarea sarritan «aurrerapenaren oztopo gisa» ikusten delako. Horregatik, erakunde publikoek eta gizarteak ondarea zaindu eta datozen belaunaldiei helarazi behar dietela esan zuen Urgellek.
Proiektuak nazioartean izango duen proiekzioa ez ezik, enplegua sortzeko tresna ere izango dela nabarmendu zuen, azkenik, Gasteizko alkateak.
Zain Fundazioa sortu dute, kultur ondarea ikertzeko eta sustatzeko
Eusko Jaurlaritzak, EHUk eta Gasteizko Udalak eratu dute, baina autofinantzatuta egongo da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu