Antoni Ros Marba. Orkestra zuzendaria

«Zaindu beharreko ondarea da hau»

Jose Maria Usandizagaren 'Mendi Mendiyan' opera zuzenduko du gaur Kursaalean. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo abesbatzak interpretatuko dute.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2015eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Antoni Ros Marba (Hospitalet de Llobregat, 1937) zuzendari kataluniarra Donostiako Kursaalean izango da gaur Jose Mari Usandizaga omentzeko (20:00). 28 urte zituela hil zen musikari donostiarra, baina ordurako ondua zuen Mendi Mendiyan opera. Obrak duen balioa edukita , gutxitan taularatu dutela uste dute Donostiako Hamabostaldiko antolatzaileek: 1987an Donostian eta 2001ean Bilbon; horiek izan dira azken emanaldiak. Konpositorearen heriotzaren mendeurrenean, 1910ean estreinatutako obra hori berreskuratu nahi izan dute.

Nolatan zuzenduko duzu Usandizagaren Mendi Mendiyan Donostian?

Patrick Alfayak deitu ninduen egun batean, Mendi Mendiyan egiteko asmoa zuela esanez. Zer iruditzen zitzaidan jakin nahi zuen. Baina nik ez nuen obra ezagutzen, eta partitura bidaltzeko eskatu nion. Usandizagaren partitura originalaren fotokopia bat bidali zidan, baina ia ezinezkoa zen hura irakurtzea. Orduan, Juan Jose Menarekin kontaktuan jarri nintzen —2001ean zuzendu zuen Mendi Mendiyan Arriaga antzokian—. Hark bere partitura eta grabazio bat bidali zizkidan. Halere, ez nuen erantzun obraren nondik norakoak ondo jakin arte. Hilabete batzuk partitura aztertzen igaro ostean, ohartu nintzen obrak ezohiko merituak zituela. Hain gaztea izanik, argi dago konpositore aparta izatera iritsi zela. Orduan, esan nuen: «Desafioa onartzen dut».

Opera euskaraz da. Zer moduz moldatu zara?

Zaila izan zait testua ulertzea. Badakit argumentuak zer kontatzen duen, eta elkarrizketak ere ulertu ditut gaztelaniara itzulita. Halere, testuaren ñabardurak ulertzeko euskaraz dakiten abeslariek lagundu didate. Oso hizkuntza konplexua da.

Opera euskal ohiturei buruzkoa da. Ez zaizu urrutikoa egin gaia?

Behin barruan sartzen zarenean, obran murgiltzen zara. Euskal pastoral bat dela esan daiteke. Nik uste dut Euskal Herriko historiaren parte diren gertaera batzuk kontatzen dituela, bere esentzian. Dena dela, landa drama bat kontatzen du.

Nolakoak dira pertsonaiak?

Neska bat eta haren anaia gazteagoa aitonarekin bizi dira mendiko txabola batean, beren ondareazainduz: ardiak. Egunerokotasun xumea duten arren, zoriontsu dira. Pertsonaia aberats bat ere badago, neska ligatu nahi duena, baina neskak Joshe Mari maite du. Orduan, pertsonaia boteretsuak Jose Mari hilko du, zeloak direla tarteko.

Zer moduzko esperientzia izan da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Easo abesbatzarekin lan egitea?

Oso ona. Kontziente izan dira partiturak dituen zailtasunez. Akats asko agertu dira prozesuan, eta, gainera, batzuetan ez genekien zehazten konpositoreak nota bat edo bestea idatzi zuen. Azkar idatzi zuen, eta tintaz.

Uste duzu kontzertu hau Usandizagaren lana ezagutarazteko hasiera bat dela?

Baietz uste dut. Juan Jose Menak egindako diskoa hor dago, eta oso dokumentu garrantzitsua da. Baina, nire ustez, obra hau ez da ezagutzen. Ez dago zirkuituetan.

Zuretzat, zer esan nahi du Mendi Mendiyan zuzentzeak?

Ohore bat da. Erabakia azkar hartu ez banuen ere, pixkanaka aurkitu dut obrak duen balio handia. Monumentu bat da. Duela ehun urte baino gehago idatzi zuen, eta Usandizaga ezagutu zuten musikariek beti esaten zuten jenio handia zela.

Zuk zer iritzi duzu?

Baietz, egia dela. 28 urterekin hil zen, eta ezin dugu jakin zer gertatuko litzaiokeen bizirik iraun izan balu. Nik ez ditut haren lanak ezagutzen, Golondrinas pixka bat; agian, ezagunena delako. La llama ere ez dut ezagutzen. Baina uste dut zentzu dramatiko handia zuela. Beti izan zituen osasun arazoak, baina barnean indar handia zuen. Hori antzeman egiten da haren partituretan eta musikan, argi eta garbi.

Zeinen eragina izan zuen?

Parisen ikasi zuen, eta hango konpositore handien eragina izan zuen; ziurrenik, Claude Debussy izar handiarena gehienbat. Gainera, badirudi [Giacomo] Puccini eta konpositore veristak zituela gustuko, joera horren aztarnak baitaude haren obran.

Zenbaterainoko balioa du obrak?

Eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiot Hamabostaldiari obra honen alde egiteagatik eta egin duten lan guztiagatik. Obra hau idatzi eta urte batzuk geroago, oso garai zailak bizi izan zituzten katalanak eta euskarak. Nik hori etxean bizi izan nuen 36ko gerra garaian. Beraz, Euskal Herriko kulturarentzat oso garrantzitsua da obra hau. Zaindu beharreko ondarea da.

Musika klasikoko irakasle ere izan zara. Nola transmititzen diezu gazteei afizioa?

Ingurukoekin zaren bezalakoa izatea da gakoa. Horrez gain, gazteek ez dute beldurrik izan behar opera bat ikustera joateko, ezagutzen ez dituzten balioekin topo egingo baitute. Nire bilobekin ere gertatzen zait. «Ez izan beldurrik, etorri entsegura», esaten diet. Gero esaten didate: «Ze polita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.