Iban Zaldua.

Zakil-fotoa

2025eko abuztuaren 17a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00
(ID_17543149617345) Iban Zaldua idazleak BERRIAko Udako narrazioa idatzi du ZAKIL-FO
EXPRAI

Ez nuen inondik espero, norengandik eta Maddirengandik. Oraindik ezin dut sinetsi. Junez, Maddiren adiskiderik handienaz, ordea, behin baino gehiagotan pentsatu izan nuen, eta, azkenean, baita asmatu ere. Aurpegian ikusten zaio Juneri, nahiz eta halakorik iradokitzea bururatu zitzaidan gutxietan berehala egiten zidan aurre Maddik, aurreiritziz betetako troglodita bat naizela aldarri eginez. Ondorioz, aspaldi ez diot ezer aipatu, eta egun ez litzaidake bururatuko ere egingo. Baina garai batean pentsatu nuen Andoniri behintzat zer edo zer esan beharko niokeela, ziur nengoela Junek adarrak ipintzen zizkiola, horren itxura guztia zeukala, begiradan ikusten zitzaiola, horietakoa dela. Baina, azkenean, ez nintzen sekula animatu, Andoni, June bezala garai batean, ez nuelako oso gogoko, Maddiren ikaskide ohi itzultzaile eusnob gehienekin gertatzen zaidan bezala. Eta, tira, ez nuelako hainbestetan ikusten, Maddik urtean gure etxean antolatzen dizkien afari urrietatik kanpo. Zeinetatik lehenengoa bainintzen erretiratzen, nobelen, egile-zinemaren eta halakoen inguruan eduki ohi dituzten eztabaidez enpo.

IVEFeko ikaskideek esaten zidaten ba sekula ez endredatzeko itzulpengintzako batekin, jai zegoela lepo-tente horiekin. Oraindik gogorarazten diet, aldiro, Gasteizko festetan antolatzen dugun parrandan, Maddirekin ezin zoriontsuago bizi naizela. Zazpi urtez honezkero.

Ez dakit hurrengo kedadan zer kontatuko diedan.

Arazoa da, deskubritu berri dudana gorabehera, ezin diodala ezer esan Maddiri. Dilema batean harrapatuta nago. Ni engainatu izana aurpegiratzeko, bere telefonoan aztarrika aritu naizela aitortu beharko niokeelako. Eta horrek egoera ahulean paratuko ninduke haren aurrean. Ados, norbait engainatzea okerragoa da, berez, norbaiten sakelakoari begiradatxo bat ematea baino. Baina Maddirentzat ―askotan utzi dit argi― konfiantza falta jokaera handia da, guztiz barkaezina. Beraz, ez dakit zer egin.

Kasualitate hutsa izan da. Oso gutxitan begiratzen dut Maddiren telefonoan, ia inoiz ez. Ahaztuta utzi du sukaldean, erosketaren bat egitera edo zerbaitetara atera delarik, ni abisatu gabe: soinutxoren bat emititu du, eta nire sakelakoarekin nahastu dut, hain dira antzekoak tamainan eta itxuran, plastikozko zorroaren kolorean izan ezik. Ez naiz berehala ohartu harena dela eta, Whatsappean sartuta, hantxe ikusi dut une batez, JJ izeneko igorle baten mezu-katearen erdian: zakil-foto bat, bere aintza betean.

Une batez, nazkatuta, Maddiren sakelakoa askatu eta sukaldeko marmolezko irlara bota dut atzera, eta hantxe geratu da, sutegien ondoan, laranja eta arrosa koloreen arteko distira haragitsu bat igortzen, pantaila emeki itzali eta argazkia erakusteari utzi dion arte.

Mundua gainera erori zait. Nire Maddik. Argi dago ezin dela ezer bermatutzat eman. Sekula ere ez.

Ez dakit zenbat denbora behar izan dudan neure onera etortzeko, eta sakelakoa hartu eta berriro zabaltzeko. Hortxe dago, baina, irudi madarikatua, eta ezin dut bista apartatu. Bi aldiz sakatu, eta JJ delako horren zakilak pantaila osoa okupatu du. Irudiak hori besterik erakusten ez duenez, eta zerekin alderatu ez dagoenez, zaila da ondoriorik ateratzea, baina ez zait iruditu beste munduko ezer, tamainaren aldetik. Ez dakit horrek pixka bat lasaitu nauen ala, ordea, are gehiago sumindu nauen.

Edonola ere, Maddi edozein unetan itzul daiteke kaletik, eta ezin nau harrapatu bere telefonoa eskuetan. Baina nola aurpegiratuko diot ezer bere sakelakoaren intimitatea urratu izanaren gutxiagotasun egoeratik. Beste bide bat topatu behar dut, derrigor, ataka honetatik ateratzeko.

Beste bi aldiz sakatu dut argazki lohiaren gainean, eta txertatuta dagoen Maddiren eta JJren arteko elkarrizketa agertu da berriro. Irudia aski esanguratsua bada ere, eta froga nahikoa eta soberakoa, elkarrizketak ez dit ezer zehatzik adierazi, alemanez dagoelako, lehen begi-kolpean ohartu naizen bezala.

Alemanez. Kripto-hizkuntza bezala erabiltzen ari dira? Berriro ere oroitu naiz nire IVEFeko ikaskideekin, itzulpengintzakoekin deus ere ez zela eduki behar aholkatzen zidatelarik. Azkarregiak direla, gulakoentzako. Txorakeriak zirela erantzuten nien. Eta, txantxetan, Maddik beti esaten zidana, gorputzagatik maite ninduela, ez adimenagatik.

Berriro ere zabaldu dut zakil-fotoa. Txikia izateaz gain, amorfo samarra da, eskuin aldera pixka bat okertua. Higuingarria.

Nor izango da JJ hori? Alemaniar bat? Baina hemen inguruan ez dago, nik dakidala, Maddirekin harremana daukan alemaniarrik. Egia da gauza batzuk alemanetik itzultzen dituela, nahiz eta ingelesetik eta are frantsesetik gero eta gehiago ari den, azken aldi honetan. Baina Maddik etxean egiten du lan, ordenagailu aurrean, oso gutxi ateratzen da kanpora, itzultzaileen kongresu batera oso noizean behin… Agian halako batean…

JJ hori nor izan daitekeen arrastorik ez. Profilean ez dago erretraturik, eta irudiak ―mitxoleta-zelai baten argazkiak― ez dit ezer aditzera ematen. Laburdura, edo dena delakoa, esanguratsua da, hori bai: bere Whatsappeko beste kontaktu guztiak izen-abizenez daude identifikatuta, errepaso bizkor bat eginda konprobatu ahal izan dudan bezala ―Maddi oso metodikoa da halako kontuetan―. Alemana, klabean komunikatzeko, eta profil anonimo bat.

Arazoa da ezin ditudala engainuaren froga ukaezin horiek erabili, nahiko banu ere, Maddiri telefonoan lardaskatzen aritu natzaiola aitortzea litzatekeelako.

Beste ezer pentsatzeko astirik ez daukat, ordea: Maddi giltzaz irekitzen ari da kaleko atea, eta laster izango da sukaldean. Sakelakoa zegoen lekuan utzi dut ziztuan.

Ez dakar erosketako poltsarik. Bai, aldiz, aurpegi txarra.

―Hitz egin behar diagu ―bota dit sartu bezain laster.

―Bai horixe hitz egin behar dugula ―erantzun nik, nola jarraituko dudan ez dakidan arren.

―Esplika diezadakek zer den hau? ―galdegin dit, bere telefonoa keinu bizkor batez hartu eta zakil-fotoa muturraren parean jarrita.

―Hori hik esplikatu beharko hidake, ez dun uste?

―Zer diok, nik? Orain esango didak ez duala ezagutzen.

Eta lehenengo mikrosegundoetan ez dut ulertu zertaz ari den. Baina bai hurrengoetan.

―Junek bidali zidak, erabat damututa. Ezin duela jolas honekin jarraitu. Eta bion arteko adiskidetasuna gainetik dagoela. Berehalakoan ezagutu diat, nola ez nian ba ezagutuko. Kabroia.

June Juarez. JJ. Kaka zaharra.

―Baina hau alemanez zagon… ―besterik ez zait bururatu esateko.

―Alemanarekin trebetasuna ez galtzeko erabiltzen dugun txata duk, bai, zer gertatzen duk, babo halakoa?

IVEFeko lagunek esaten zidaten ba, hobe zela itzulpengintzakoekin endredorik ez izatea.

IBAN ZALDUA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.