Liburu aurrerapena

Zaldi bat

Ostiralean aurkeztuko du Maddi Ane Txoperenak bere hirugarren nobela, 'Zaldi bat' (Txalaparta). Alaba jaio eta sei hilabetera, zaldi batekin egingo du topo Mirenek mendian, eta hainbat gai esentzial ere aterako zaizkio bidera bere ahots zatikatuari.

BERRIA
BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2026ko otsailaren 28a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neukan guztia zen amets bat
amets bat
Beti egoten nintzen
haren bisitaren zain
haren bisitaren zain

Bernardo Atxaga, Itoiz

 

Zaldi bat ikusi dut ilunabarrean. Zaldia, edo behorra. Grisa, marroia baino gehiago.

Ilunabarrean izan da, eguzkia tontor urrunenaren gibelaldean ezkutatzen hasi denean. Etxera ilundu aitzin ez itzultzearen beldurrez, ez diot luzaz begiratu. Eta, baieztatzeko burua biratu dudanean, jada ez zegoen.

...

Ez nukeen jakinen hurrengo esaldia aukeratzen.

...

Orain ez naiz oroitzen grisa edo marroia ote zen. Marroia beharbada. Etxe zahar honetako gapirioen tankerakoa. Margotu beharko nituzke. Baina ea Markelek egiten duen. Hura tematu zen: hobe zela lan hori obraren ondorenerako uztea; hain segur nagikeriaz. Eta oraindik horrela gaude. Erranen nuke pipirik bederen ez zaiela sartu, baldin eta mamorroak ez badira lanean barnetik hasi. Baina pipien kontrako pintura ere eman beharko nieke, badaezpada. Edo biak batera dituzten produktu horietako bat.

Lagunekin afaltzen ari da Markel, sei hilabetean bigarrenez. Ez nuen nahi, baina azkenean atseden hartu dut. Bakarrik gaude Noa eta biok, eta loak hartu du. Gapirioak eta ni.

Noaren arnasa erritmikoa da orain, urte erdiren buruan. Jada ez naiz altxatzen bizirik ote dagoen ziurtatzera. Orain mendira joan naiteke astean behin arratsalde batez. Ez da Markelengatik. Lankideek erraten didate gauza bera gertatzen zaiela.

Ez diot inori kontatu gertatutakoa.

Zaldi bat ikusi dut. Zaldi bat?

...

Badakizu zer gertatu zitzaidan behin?, hasi natzaio lo ahotsez Markeli. Ondoko herri bateko bestetatik bueltan gindoazen, errepidea ez hartzeagatik mendiko pista batzuetan barrena, eta, bidegurutzera ailegatzerakoan, zaldi tropa bat zegoen justu guk hartu beharreko norabidean.

Eta zer egin zenuten? Zaldiei begira gelditu ginen. Nekatuegi zaude, maitea.

Noa negarrez hasi da sehaskan, nire haserrea entzun izan balu bezala. Esnea bularretara igotzen nabaritu dut, baina Markelek atseden har dezadan agindu dit altxatzen ahalegindu naizenean.

Emanen diot nik biberoia.

...

Buelta bera egiten dut beti, eta bakarrik. Badakit lagunak ohartu direla, eta ez didate haiei ez abisatzeagatik kexarik adierazi. Edoskitze saioetako gidariak gomendatu zidan, erditze ondoko nire egonezina ikusita. Ez zuela uste depresioa nuenik, baina hartzeko denbora tarte bat niretzat, ttikia bazen ere.

Ahal baduzu, zuretzat bakarrik.

Berreskuratzeko lehenagoko bizitzan egitea maite nuen zerbait. Eta ez nuen zalantzarik egin aukeraketan. Noa telazko zapian bilduta eramateko tentazioa izan nuen hasieran; Markel eta hirurok elkarrekin joatekoa gero. Baina azkenean kasu egin nion, ez dakit zergatik.

Emaginak mendira joateko gomendatu dit, azaldu nion Markeli.

Eta ongi iruditu zitzaion. Edoskitze mistoarekin hasi ginen, hark ere izan zezan Noarenganako konfiantza memento esklusibo bat, hankamotz sentitzen zuen aitatasun grina baretzeko. Eta nik ere eskertu nuen: ez dakit zer gehiago.

Lehen aldian kosta egin zitzaidan bereiztea, umea abandonatuko banu bezala ia. Sakelakoari begira pasatu nuen mendi itzuli osoa, ezbeharren baten berri noiz eta nork emanen. Baina etxera itzuli nintzenean sofan atzeman nituen Noa eta Markel, lo seko biak. Sumatu ninduenean negarrez hasi zen haurra, eta dutxatik pasatu ere egin gabe eman nion bularra, Markelek begi ezkerraz zelatatzen ninduela, oraindik ametsetan. Nik behar nuen, agian, hark baino gehiago. Hurrengoetan ere nekez abiatu nintzen, gero eta gutiago, eta azkenerako gustua ere hartu diot, baita gauza debekatuek duten zapore limurtzaile hori ere.

Buelta motza egiten dut, eta ederra. Elizaren gibeletik abiatzen den zementuzko pista bat hartzen dut lehenbizi, eta arnasa estutu haritzak hasten diren arte, eskuak izter banatan eta begiak oinetarantz. Maite dut birikak lehertzeraino hanpatzearen sentipen hori, gorputza mugaraino eramaten didana. Hutsunea betetzen dit istant batez, eta nola.

Gehiago ezin dudanean pausoa mantsotzen dut, baina gelditu gabe, hurrengo urratsetan atseden hartuz. Eta hortik aitzina ez naiz gai azaltzeko zer pentsatzen dudan. Autoan noanean bezala, pilotu automatikoa jartzen dut, eta ez naiz gai errateko zehazki zein zuhaitz pasatu dudan, zenbat minutu falta zaizkidan azken bihurguneraino. Eta bat-batean tontorrean nago. Eguraldi ederra baldin badago, eseri egiten naiz arnasa berreskuratu bitartean altuerako bistez gozatzeko, eta pentsamenduetan murgilduta segitzen dut harik eta izerdia hozten hasten zaidan arte. Ez dut jatekorik eramaten.

Itzulera kaskoaren gibelaldeko bidexkatik egiten dut: ez dut probatu alderantziz. Unaik erran izanen lidake. Zerbait.

...

Ez nuen sekula pentsatuko lanera itzuli nahiko nuenik. Gero eta gogorragoa eginen zain, aipatzen zidaten goizetan errekadutan gurutzatzen nituen emakumeek. Bada, bai eta ez aldi berean. Ama soilik ez izateko gogoa ere banuen; berriro Miren izatekoa, aholkularitzako langilea, mendizalea, ezkutuko poeta, tarteka bazkari batzuk eta parrandaren bat egitea gustatzen zaiona. Eta lankideak berriz ikustekoa. Kafe orduan batez ere. Kafe makinaren ondoko pastak. Errealki inora ez doazen nagusiaren aurkako kexak.

Ez dun ezer ere aldatu, abisatu dit Nekanek goizean, agurtu nauenean.

Zehaztu gabe onerako ala txarrerako ari zen. Ordu erdiren buruan denak zeuden berriro euren postuan, Noari buruzko ezaugarri anatomiko-eskatologiko umoretsu-dramatikoak erregistratu ondoan —bertzeen irrien artean, neure buruari galdetu diot umea ongi moldatuko ote den horrenbertze denboraz Markelekin bakarrik—; eta ni excel orria lehen aldiz deskubritu banu bezala hasi naiz, kalkuluekin jostetan. Egin beharreko nominen zerrenda agertu den arte.

Irakurriko ez ditudan e-mailak ezabatzen pasatu dut eguna, gaiaren edo bidaltzailearen arabera hautatuz. Ortzeguneko eguraldiari begiratu diot gero: euria egiteko probabilitatea, % 70.

'ZALDI BAT'

Idazlea: Maddi Ane Txoperena Iribarren.

Generoa: eleberria.

Argitaletxea: Txalaparta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.