Zartako eta Radiocrimen punk taldeek baxu jotzailea kaleratu dute, haren kontrako zenbait salaketa agertu direla eta. Instagram sare sozialeko '@denuncias_euskalherria' kontuak eman du akusazioen berri, eta, bertan zehaztu dutenez, «bikotekide ohi guztiei fisikoki eta psikologikoki» eraso egin izana leporatu diote musikariari. Haietako bat «eskaileretatik jaurti» izana ere bai. Horretaz gain, nabarmendu dute musikariaren ingurukoak jakinaren gainean zeudela. «Akusazioa ez da zurrumurrua, ageriko sekretua baizik», adierazi dute.
Kidea kanporatzeaz gain, bi musika taldeek ohar bana zabaldu dute. Kanporaketaren berri emateko, hitz berak erabili dituzte biek: «Baxu jolea berehala baztertzea erabaki dugu, atzo sare sozialetan zabaldu ziren indarkeria matxistako salaketengatik».
Radiocrimenek adierazi du konpromisoa duela «autokritikarekin, erreparazioarekin eta kaltetuei laguntzearekin». Zartako taldeak, era berean, esan du bere konpromisoa musikatik harago doala. Horrelakoak gertatzen direnean «seinalatzen, salatzen eta antolatzen» jarraitzeko mezua zabaldu dute.