Kritika-Antzerkia

Zauria

2025eko ekainaren 14a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'ANALPHABET'

Zuzendaritza, dramaturgia, testuak: Alberto Cortes. Biolina: Luz Prado. Argiak: Benito Jimenez. Lekua: Bilboko Azkuna zentroa. Eguna: ekainaren 12.

Zaurgarritasuna irudikatu du Cortesek ausardia guztiarekin. Malagako aktoreak bi ahots gorpuzten ditu, bata Analphabet fantasmarena, eta bestea haren boza eta hitzak aditzen dituen maitalearena. Azken horrek aitortza ariketa egiten du bikote-erlazioaz eta bertan gertatu den abusu eta bortizkeria kontsentituaz. Hori guztia, queer edota maritxuen unibertsotik eskainia, eta barrokoko mistikaren eta estasien ikonografiari keinu eginez eta diskotekak aipatuz. 

Analphabet-ek baditu istorio zatiak non aktoreak kontatzen digun bi maitaleak hondartza batean daudela, maitasunaren hasierako liluraz bustiak. Amodioaren alde ilunek, aldiz, gero eta protagonismo handiagoa hartuko dute bakarrizketan. Horrela, aktorea izpiritu ikusezinarekin mintzatzen da, hartu-eman sexu-afektiboen gaineko kontraesanak azaleratu nahian. Zenbaitetan zaila egiten zaigu jakitea zein ari den hizketan, eta ulertzen dugu defentsa-mekanismo gisako disoziazioaren adibide bat daukagula aurrean.  

Erromantizismoa oso presente dago: gizarte garaikideko gizon batek asumituta dauzka XIX. mendeko lirikotasuna eta usteak, harik eta maitasuna oinazea dela onartuko duen arte. Cortesen berbak aditu baino lehen, biolinak solo izugarria jo digu. Alondegiko oholtza txikiagotu dute, hiru errezel beltz erabilita. Esango nuke iluntasunak Caravaggioren argi-ilunak imitatzen dituela abilki, eta zoru erdiko loreen zirkuluak gogora ekartzen digula Milaneko pintorearen Frutaz beteriko saskia daraman mutikoa izeneko erretratua. Elementu guztiek esanahia dute. 

Artista andaluziarrak era berezi batean mugitzen du gorputza fokupean, mimo eta dantza diziplinako teknikak baliaturik badaki une fotogenikoak biderkatzen. Gorpuzkeraz Kristo eta San Sebastian apolineoak nahiz barrokoko santuen estasien espresioak kopiatzen ditu maisuki. Ideia bat izan dezazuen: Berniniren Santa Teresaren aurpegiera irudikatzen duela pentsatu dugu.  

Eta goikoa gutxi balitz, kontaketa dramaturgia berrietan bilduta dator. Horri eta hainbat umore-zertzeladari esker, sufrikariorekin distantzia jartzea lortzen du artistak. Horrela, aldika pertsonaiatik aterata publikoari jarraibideak eman eta galdera zuzenak egiten dizkio. Atsedenaldia behar duela esan ondoren, antzeztu gabe gelditzen da lehenbiziko ekitaldiaren eszenografia bi zamaketarik desmuntatzen duten bitartean. Belztasunean, larrugorrian daudela eta eskultura greziar klasikoen edertasun kanonikoa dutela antzematen da.   

Cortesek benetako sufrimenduaren aurrean gaudela sinetsarazi digu. Eskarmentu pertsonaletik abiatuta, artista katarsi kolektiboaren bila dabilela dirudi. Ez da, hartara, eroso ikusten obra, publiko ausartarentzat da.

Bukaera aldean euskaraz kantatu digu: ezin ikusirik nago barruan dudan umea, beldurrez nahasten ditu maitasuna eta oinazea. Kearen artean beste irudi batzuk oparitu dizkigu, esaterako, zerura igotzen diren Murilloren ama birjinenen kopiak.  

Amaieran publikoa zutik, txalo zaparrada, eta baita malko batzuk ere. Hunkigarria benetan. Artea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.