Aski ezaguna da Uma Thurmanen katana. Beatrix Kiddo pertsonaiak nahi beste egiten zuen harekin, baina bakarra zuen helburua: Bill hiltzea (David Carradine). Quentin Tarantinok 2003an estreinatu zuen Kill Bill filma, bi bolumenetan; orain, mozketarik gabeko bertsioa aurkeztu dute, eta inoiz argitaratu gabeko sekuentzia animatu bat ere gehitu diote filmari. Lau ordu baino gehiagoko iraupena du.
Protagonista haurdun eta ezkontzear dagoela eraso egingo diote bere lankide ohiek; alegia, Deadly Viper Assassination Squad taldeko kideek. Protagonista ere hiltzaile profesionala da, baina bizimoduz aldatu nahi du, eta aldendu egin da taldetik. Bikotekidearekin ere eten du harremana; hau da, Billekin, hiltzaileen taldeko buruzagiarekin. Harremana eteteagatik hartutako mendekua izan da emakumeak sufritutako erasoa, baina lau urtez koman egon ondoren, emakumeak berak hartuko du bueltan mendekua.
Hasiera-hasieratik, Tarantinoren asmoa film bakar bat egitea izan zen, mozketarik gabekoa. Baina lau ordutik gorakoa izango zela ikusita, ekoiztetxeak bi zatitan banatzeko proposamena egin zion zuzendariari. Hala sortu ziren Kill Bill: Volume 1 (2003) eta Kill Bill: Volume 2 (2004) —sei hilabeteko tartearekin argitaratu zituzten—. Lehenak bete-betean murgiltzen du ikuslea indarkeriazko giro batean. Protagonistak etengabean akabatu beharko ditu aurrez aurre jarriko zaizkion aurkariak. Azkenik, borroka ikoniko batek emango dio amaiera filmari: Crazy 88 bandaren aurka izango duenak. Bigarren filmak, aldiz, erritmo patxadatsuagoa du. Protagonistaren iraganean murgiltzeaz gainera, Bill eta protagonistaren arteko liskarrean dago oinarritua. Zatituta aurkeztuta ere, ikusle mordoa izan zuten bi filmek, eta, indarkeriaren erabilerak zeresana sortu bazuen ere, hauxe esan zuen zuzendariak: «Film bortitzek ez dituzte haurrak bortitz egiten. Asko jota, film bortitzen zinemagile egingo dira».
Auzi odoltsu bat
Badira hogei urte Kill Bill filmaren zaletuek kondaira moduko bat dutela: filmaren balizko bertsio original bat egon bazegoela. Azkenean, ekoiztetxeak iaz iragarri zuen estreinaldia, eta hainbat aldaketa ditu aurreko bertsioekin alderatuta: Crazy 88 bandaren aurkako borroka zuri-beltzean izan beharrean koloretan ageri da. Bestalde, O-Ren Ishii pertsonaiaren iragana kontatzen duen sekuentzia animatuak zazpi minutu gehiago ditu, eta, gainera, filmak epilogo animatu berri bat ere badu: ‘The Lost Chapter: Yuki’s Revenge’ izenekoa. «Oso pozik nago ikusleek azkenean film bakar gisa ikusi ahal izango dutelako», adierazi du Tarantinok.
'KILL BILL: THE WHOLE BLOODY AFFAIR'
Beste estreinaldi batzuk:

'MIROIRS NO. 3'
Musika ikasle gazte batek kotxe istripu bat izango du. Onik aterako da, baina bikotekidea hil egingo da. Familia batek aurkitu eta jasoko du gaztea, eta denboraldi bat igaroko du haiekin. Hasieran babesa jasoko duen arren, zerbait gaizki doala antzemango du. Familia horretako kideak egiazki zein diren deskubritu beharko du.
'LE CRI DES GARDES'
Herri lan batzuk egin behar dituzte Mendebaldeko Afrikan, eta bertako instalazioetan bizi dira bai obraren burua, baita ingeniari gazte bat. Gau batean gizon bat agertuko da hesiaren bestaldean: egun horretan bertan anaia hil zaio obran, eta gorpua berreskuratu nahi du.
'UYARIY'
2023ko urtarrilaren 9an jazotako Juliacako Sarraskiaren ondoren, artista perutarrek Puno eskualdea zeharkatuko dute beren musikarekin. Memoria historikoa aldarrikatuko dute, eta lurraldeak sufritutako errepresioa kondenatu. Dokumentalak biktimen familien testigantzak jasotzen ditu, eta justiziaren gainean hausnartu.