Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Zentzumen erabatekoa

2026ko martxoaren 8a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haurdunaldiko zazpigarren hilabetean nago, eta azken kontzertuetan, pisu ezberdinak kargatzen ditudanean izan ezik, hau da, kontzertua jotzen nabilenean, momentu horretan, arina sentitzen naiz. Ez zait gustatzen arteari edo musikari erromantizismoa gehitzea, dagoeneko tontakeria askoz apainduak egoten diren kontzeptuak direla iruditzen baitzait, baina agertokian sortzen den ez-leku kolektibo eta, aldi berean, introspektiboan, errealitatea beste bat izaten da, egoerak grabitatea aldatuko balu bezala.

Musikak zer izango ote du! Harmonia, kadentzia, agian arreta desbideratu edo finkatzeko gaitasuna…

Dena delako horrek animaliei ere eragiten die —oroitzen dut nire katua, hitz egiten nionean ez, baina abesten nionean nola miauka egiten hasten zen begietara begira, batek daki zer komunikatu nahian—, eta baita sabelean dudan txikiari ere, zeina mugitzen hasten den play-ari eman bezain laster. Soinu kateamendu berezi bat izango da, uhin-espektro horretan, guk ikusi gabe, gurekin harremanetan beste modu batean jarriko dena, gure azaletik ateratako beste uhin batzuk kiribilduz?

Gogoratzen naiz margotzen murgilduta ibiltzen nintzenean nonbait irakurri nuela margoak gure erraiei eragiten ziela, bazegoela lotura bat kolore eta barne-mugimenduekin, sentsazio sentsual eta batzuetan baita eskatologikoekin ere. Momentuan zentzu handia zeukala sentitu nuen. Aho bat pintatua ikusi, olioa hezea zegoenean margotutako distira batez ohartu eta horrela lehortzen uztean, hezetasun hori, ikusle gisa, nabaritu. Nolabait, limoi batean pentsatzen dugunean bezala, zaporea listura datorrela. Hau adibide oso literala izan da esan nahi dudana ilustratzeko, baina bistako zentzumenetatik haratago loturez hitz egin nahi nuen.

Gorputza asko da, hartaz uler dezakeguna baino gehiago, ziur.

Musikak mugiarazten gaituenean, mugimenduak barneko zainak ere hartzen dituela pentsatzen dut, nerbio-sistema zabaldu edo estutuz, ileak aztoratuz, eta horrela, dantzatzen garenean, edo elkarrekin abesten dugunean, partikula asko imajinatzen ditut norbaiten azaletik bestearenera salto egiten, noizbait ere, zorionez, azal hori zeharkatuz, eta pertsona horren barrualdea limurtuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA