Kanterri

Zer dago musika jaialdien kartelen atzean?

Emakumeak Euskal Herriko musika eszenan duten lekuaz aritu da Iraia Cambra kazetaria Kanterriko lehenengo egunean. Jaialdietako programatzaileek duten rolaren garrantzia azpimarratu du, musikan ereduak sustatzeko ardura ere badutela uste baitu.

Iraia Cambra, gaur, Oiartzungo udaletxean bere hitzaldia ematen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iraia Cambra, gaur, Oiartzungo udaletxean bere hitzaldia ematen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Oiartzun
2026ko uztailaren 2a
18:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udarekin batera gora egiten dute musika jaialdiek. Ekainaren 19an amaitu zen Azkena Rock festibala Gasteizen, joan den astean izan zen EHZ jaialdia Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Beherea), datorren astean egingo dute BBK Live jaialdia Bilbon... Musikariz eta taldez betetako kartelak dituzte den-denek, orotariko zaleen gustuak asetzeko asmoz. Baina kartel horietan agertzen diren izenen artean, zenbat dira emakumezkoak, edo zenbat emakumez osatutako taldeak? Ariketa horixe bera egiten du Iraia Cambra Naiz irratiko kazetariak duela urte batzuetatik hona, eta aitortu du emaitzak «buruko min asko» ematen dizkiola. Horiez eta emakumeek euskal musika eszenan duten presentziaz aritu da gaur Oiartzunen (Gipuzkoa), euskarazko kantagintzaren inguruko Kanterri jardunaldietan. Haren aurretik, Iratxe Retolaza jardun da, euskal kantagintzaren genealogia feministaren inguruan, eta bihar emango diote jarraipena hitzaldi sortari.

Cambrak hurbiletik ezagutzen du hizpide izan duen eszena; musikaria da bera ere. Unibertsitateko gradua amaitzen ari zen, eta Gradu Amaierako Lanerako podcast bat egitea egokitu zitzaion. Eszenan «kaka pila bat» dagoela iruditzen zitzaion, batez ere genero ikuspegitik begiratuta. Hori dela eta, podcasta emakumeek industrian duten lekuaren inguruan egitea pentsatu zuen; Leku baten bila izena jarri zion. Elkarrizketak egin ahala, eta gaiaren inguruan gehiago irakurri ahala, galdera bat bururatu zitzaion: «Nork erabakitzen du oholtza gainean nor ikusten dugun?». Unibertsitateko lan baten gisan hasi zena Naiz irratiko programa bat da egun —bigarren denboraldian da jada—.

«Nabaritzen da beste belaunaldi sartu dela, eta indar handiz sartu, gainera. Eszena errotik aldatzen ari dira»IRAIA CAMBRA Kazetaria eta musikaria

Euskal Herriko jaialdi eta bestelako kontzertuetan emakumeen kopurua jasotzen aritu da Cambra ordutik, baina ez hori bakarrik; horren atzean dagoenari buruz ikertu du, zer gertatzen den ulertzeko. Hainbat aldagai daude jaialdietako artisten aukeraketaren atzean, eta horietako bat ikusgarritasuna da; ikusgarri direnak aukeratzen direla uste du kazetariak.

Baina, zer da ikusgarri izatea? Jendeak artista bat ezagutzea? «Pertsona bat ikusgai egoteak ez du esan nahi existitzen denik, gizarteak legitimatu duela baizik». Hamarnaka talde daude gaur egun euskal eszenan, baina, Cambraren ustez, orokorrean, ezagutzen direnak «hogei inguru» baino ez dira. Ikusgarritasunak, jakina, zenbait aukera ematen dizkie talde horiei: kontzertu gehiago lotzea, sare sozialetan jarraitzaile gehiago izatea, salmenta gehiago lortzea —bai sarreretan, baita diskoetan ere—. BBK Live jaialdia jarri du adibidetzat: «Ez da kontzertu bat jotzea bakarrik. Nazioarteko jaialdi bat da, legitimitatea ematen du bertan jotzeak, ate batzuk irekitzen ditu...».

«Botere mapak»

Jaialdietako kartelak ikustean, ohikoa da letra larriz eta gainerakoenak baino handiago topatzea zenbait izen —sarritan gizonezkoenak—. «Kartelak botere mapak dira», adierazi du kazetariak, eta erantsi ez dela kasualitatea izen batzuek beste batzuek baino protagonismo handiagoa izatea. Haren ustetan, kartel horiek hartzailearen identitatea definitzen dute, hau da, jaialdiaren antolatzaileek zer entzunarazi nahi dioten bisitariari. Egon badaude emakumezkoen proiektuak geroz eta gehiago programatzen dituzten festibalak, baina antolatzaileek ematen dieten tratamendua, oraindik ere, ez da nahikoa: «Ordu okerrenetan dira haien kontzertuak, edo jaialdiaren promozioa egiteko erabiltzen dituzten artistak gizonezkoak dira».

«Esaten da musikak ez duela generorik, baina gaur egun badauka generoa, eta hartzen diren erabakietan ikusten da»

IRAIA CAMBRA Kazetaria eta musikaria

Hori aldatzeko, erreferentziazko musikariak izatea beharrezkoa da Cambrarentzat; eta argi utzi du horiek «eraiki» egiten direla. Adibide pertsonal bat jarri du: haurra zenean, Lain taldearen jarraitzailea zen, eta abeslariak bi emakume ziren —Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe—. Biak oholtza gainean ikustean, «ni hor egon naiteke» pentsatu zuen; bera ere izan zitekeela abeslari inoiz. Erreferentzialtasun hori txiki-txikitatik landu beharreko zerbait dela uste du, genero rolak oholtzetaraino iristen baitira: «Esaten da musikak ez duela generorik, baina gaur egun badauka generoa, eta hartzen diren erabakietan ikusten da».

Podcasta egiten hasi zenean, kosta egin zitzaion Euskal Herriko egungo errealitatea jasotzen duten ikerketak topatzea kazetariari. Azkenean topatu zituenak Emakunderenak, Musika Bulegoarenak eta MIM elkartearenak izan ziren, eta, nahiz eta datuak erabat gaurkotuak ez izan, ondorio bat atera zuen: geroz eta emakume gehiago daudela euskal eszenan. «Nabaritzen da beste belaunaldi bat sartu dela, eta indar handiz sartu, gainera. Eszena errotik aldatzen ari dira». Hala ere, musika generoaren arabera aldatuz doa emakumeen kopurua; popa eta indiea jorratzen dituztenetan daude gehien; eta metala, rocka eta musika elektronikoan, esaterako, ezkutuan geratzen dira.

Programatzaile lanak

Non aukeratu badago, beraz. Eta hori kontzertuak programatzerako orduan ikusten al da? «Botererik handiena oholtzaren azpian dago», esan du Cambrak. Izan ere, haren ustez, programatzaile gehienak gizonezkoak dira, eta, sarritan, gizonezkoen musika programatzeko joera izaten dute. Hori dela eta, programatzaileek duten lanaren garrantzia azpimarratu du: «Kontzertua programatzen duenak ez du programatzeko ardura bakarrik: musikariei bide emateko ardura ere badu erreferentziazko eredu bihur daitezen».

Hitzaldia amaituta, bertaratutakoak lanean jarri ditu kazetariak; talde txikietan banatuta, programatzaile rolean jarri ditu. Euskal Herriko jaialdi baten kartela pentsatu behar zuten, hainbat baldintza beteta. Eta partaideak hasi dira izenak esaten: Olaia Inziarte, Sua, Errobi, Maruxak, Naxker... Hausnartzera bultzatu nahi izan ditu saioa ixteko. «Kritikotasuna landu nahi izan dut. Zuen aletxoa jarri badezakezue, industriak eskertuko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA