Pentsamendua

Zer dute komun Joxe Azurmendik eta Judith Butlerrek?

Joxe Azurmendi eta zenbait pentsalari feminista elkarrizketan jarri ditu Mikel Urdangarin Irastorzak ‘Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan’ liburuan.

Mikel Urdangarin Irastorza filosofoa, bere liburu berria eskuetan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Urdangarin Irastorza filosofoa, bere liburu berria eskuetan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko ekainaren 5a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jar liteke elkarrizketan Joxe Azurmendi Judith Butlerrekin? Eta Simone de Beauvoirrekin? Donna Harawayrekin? Jule Goikoetxearekin? Baiezkoan zen Mikel Urdangarin Irastorza Filosofiako doktorea gaia aztertzeari ekin zionean, eta lotura horiek frogatzea hartu zuen erronka. Sei urteko ikerketaren emaitza liburu batera ekarri du orain: Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan izenburupean plazaratu du lana, eta Jakinek eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrak argitaratu dute, Ur Jauzia bildumaren barruan —bildumako bosgarren liburua da—.

Gizakia eta askatasuna ulertzeko moduak izan ditu Urdangarinek ikerketa lerro nagusi, eta horren inguruko hainbat lan argitaratu ditu, hala nola Simone de Beauvoir. Norbanakoa eta burujabetza saiakera (Jakin, 2021). Liburu berrian, Azurmendiren gizakiari buruzko pentsamendua eta azken mende erdian feminismotik egin diren ekarpenak aurrez aurre jartzera eta aztertzera jo du. «Saiatu naiz, gizaberetxoa ardatz hartuta, gizaki eredua lantzen, eta, horretarako, Joxe Azurmendi eta zenbait autore feminista elkarrizketan jarri ditut, nire ustez iturri bakarrak ez, baina iturri emankorrenetakoak behintzat izan badirelako».

«Esango nuke pentsamendua antropologizatu egin dela hein batean, eta sekulako bataila politiko, sozial, ekonomiko, kulturala dagoela gizatasun eredua birdefinitze aldera»MIKEL URDANGARIN IRASTORZAFilosofian doktorea

Gaia bera zergatik aukeratu zuen ere azaldu du, eta, hasteko, Azurmendiren obra oparoa ekarri du gogora. «Hamarnaka gai landu ditu, eta nazioaren bueltan egindako gogoetengatik da ezaguna. Baina berak esaten duen bezala, nazioaren ideia orok gizatasun oso bat aurresuposatzen du, hau da, gizakia ulertzeko modu bat, komunitatea ulertzeko modu bat, moral jakin bat, batasunak eta diferentziak artikulatzeko era jakin bat... Haren hitzetan esanda, gizaberetxoa ulertzeko modu bat». Gizaberetxoa, hain zuzen, Azurmendiren obra osoan zehar-lerro bat eta «kontzeptu garrantzitsuenetako bat» izan dela gehitu du. Halaber, Azurmendik zer landu duen ez ezik, nola landu duen ere interesgarri zaio Urdangarini, «bere obra elkarrizketan osatu» duela iritzita. «Bere obran ez du elkarrizketarik garatu autore feministekin, baina gutxienik belarriak irekita agertu da». Elkarrizketa kritikorako prest izan da beti, haren hitzetan.

Azurmendi feminismoekin eta, zehazki, zenbait autore feministarekin elkarrizketan jartzeko arrazoia ere esplikatu du Urdangarinek: «Uste dut feminismoa azken hamarkadetan Euskal Herrian bertan ere politizaziorako ardatz nagusietakoa bilakatu dela, nagusia ez bada, eta horrek hainbat auzi astindu dituela, tartean filosofia bera». Elkarrizketa horrek dagoeneko bide bat egin duela ere iritzi dio, eta berak landu dituen hainbat gako eman dituztela aurrez Lorea Agirrek, Alaitz Aizpuruk, Idurre Eskisabelek eta beste hainbat autorek. Ñabartu duenez, feminismoez baino gehiago, autore feminista jakin batzuen ekarpenez hitz egiten da liburuan.

Gizaki ereduaren gaia elkarrizketaren erdian jartzeko hautuaz, halaber, esan du bai Azurmendik bai hainbat autore feministak landu izan dutela, eta gaur egungo gogoetagai nagusietako bat dela. «Joxek askotan esaten du krisi garaietan filosofia antropologizatu egiten dela. Uste dut gaur egun krisiak egon badaudela, egiturazkoak, askotarikoak... kasik zibilizazio krisi bat bizi dugula, eta horren adierazpideak geroz eta era gordinagoan eta nabariagoan bizi eta jasaten ditugula. Eta esango nuke hor pentsamendua ere antropologizatu egin dela hein batean, eta sekulako bataila politiko, sozial, ekonomiko, kulturala dagoela gizatasun eredu hori birdefinitze aldera». Gizakia eta askatasuna ulertzeko moduen inguruko «disputa» horretan, bai Azurmendik bai autore feministek «gako oso interesgarriak» ematen dituztela uste du Urdangarinek.

«Azurmendiren eta landu ditudan autore feministen ideiak, balio sistemak, mundu ikuskerak ez dira hain ezberdinak. Nik uste dut elkar elikatu dezaketela»

MIKEL URDANGARIN IRASTORZAFilosofian doktorea

Sei auzi, bi kolpetan

Bi ataletan banatu du liburua egileak. Lehen zatian, Azurmendiren gizaberetxoaren kontzeptua azaldu du, bere testuinguruan eta obran kokatuta. Eta bigarrenean, pentsalaria beste pentsalari batzuekin jarri du elkarrizketan, sei auzi zehatzen bueltan, eta auzi bakoitza bi kolpetan egituratu du: «Alde batetik, saiatu naiz antzekotasunak topatzen eta komun duten hori bistaratzen. Eta bigarren partean elkarrizketa hori eztabaida bihurtu dut, eta hor dauden ezberdintasunetan —bai Joxe eta autore feministen artean, baina baita autoreen artean ere— eta ñabarduretan arakatzen saiatu naiz». Gorpuztasuna, naturarekiko eta kulturarekiko harremana, zaurgarritasuna eta interdependentzia, ekodependentzia, hizkuntza, askatasuna, burujabetza, komunitatea eta beste hainbat auzi aztertu ditu horrela.

Hori guztia aztertu ostean atera dituen ondorio nagusiak ere laburbildu ditu pentsalariak: «Alde batetik, Joxe Azurmendiren eta landu ditudan autore feministen ideiak, balio sistemak, mundu ikuskerak ez dira hain ezberdinak. Nik uste dut elkar elikatu dezaketela. Eta gainera, uste dut elkar elikatze horretan gizakia eta mundua ulertzeko eta era bizigarriago batean pentsatzeko gako oso interesgarriak eskaintzen dituztela. Mami ederra dago hor».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.