Ilustratzailea

Maddi Astigarraga: «Zer egin ez nekiela, ilustrazio zientifikoa deskubritu nuen, eta buru-belarri hasi nintzen horretan»

Sormenaren Kabia bekaren bederatzigarren deialdian irabazle hautatu dute ilustratzaile zientifikoa, 'Hartu-sortu-eman' izeneko proiektuari esker. Proposamena garatzeko, hiru asteko egonaldia egingo du abenduan, Alkizan.

Maddi Astigarraga, Sormenaren Kabia bekaren aurtengo irabazlea. JON URBE / FOKU
Maddi Astigarraga, Sormenaren Kabia bekaren irabazlea. JON URBE / FOKU
Donostia
2026ko uztailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ate bat zabaltzeak beste asko ixtea dakarrela pentsatzen da maiz; ikasketei lotutako erabakiek bizi osoa baldintzatzen dutela. Maddi Astigarraga Bergarak (Deba, Gipuzkoa, 1997) badaki, ordea, hori ez dela horrela. Ongi jakin ere. Biomedikuntza ikasi zuen, baina gerora konturatu zen agian ez zuela laborategi kliniko batean lanean aritu nahi, eta, gaur egun, ilustratzaile eta dibulgatzaile zientifiko gisa dihardu. Aurten, Alkizako udalak (Gipuzkoa) antolatzen duen Sormenaren Kabia beka irabazi du, Hartu-sortu-eman izendatu duen proiektuari esker.

Nola heldu zinen ilustrazio zientifikora?

Karrerako azken urteetan, planteatzen hasi nintzen zientziak gustatu arren ez nuela tesia egin nahi. Eta esan nuen: «Orain zer?». Krisialdia. Baina ilustrazio zientifikoaren inguruko argitalpen bat agertu zitzaidan sare sozialetan. Nik ez nekien existitzen zenik ere. Hasi nintzen kuxkuxean, eta esan nuen: «Hau niretzat perfektua da!». Marrazketa beti gustatu izan zait, baina beti utzi izan dut bigarren planoan. Zer egin ez nekiela, ilustrazio zientifikoa deskubritu nuen, eta buru-belarri hasi nintzen horretan.

Sormenaren Kabia bekaren bederatzigarren deialdia izan da aurtengoa. Zergatik erabaki zenuen aurkeztea?

Ezaguna nuen, baina, egia esan, beste lagun ilustratzaile batek eman zidan niri deialdiaren berri, Ionek [Larrago]. Esan zidan: «Maddi, aurkeztu hona. Nik egina dut egonaldi hori, eta oso ondo dago». Hark animatu ninduen. Begiratzen hasi nintzen, eta pentsatu nuen agian zerbait egin nezakeela. Ideia bat izan nuen, eta, gainera, iruditzen zitzaidan bat etor zitekeela justu proiektuak eskatzen zituen oinarriekin. Horrela, proiektua garatuz joan nintzen, eta aurkeztu egin nuen.

«Zerbait sortu nahi dut, nik eman dezakedanetik, baina baita herriak daukanetik ere»

Hartu-sortu-eman izena du zure proiektuak. Zertan datza?

Ilustratzaile zientifiko izan aurretik, teknika tradizionalekin margotzen nuen beti; batez ere arkatzez eta akuarelaz. Gero, masterrean, teknika askotarikoak ikasi genituen, eta digitalak harrapatu ninduen. Proiektu honekin teknika tradizionaletara bueltatu nahi nuela oso argi nuen, eta Sormenaren Kabiak eskatzen du ingurumenarekin erlazionatutako proiektuak izatea. Egonaldia ere eskaintzen du, Alkizan, eta nik inguru jakin horretara egokitutako zerbait egin nahi nuen. 

Lehen egunetan, Alkizako herritarrekin solasaldiak egin nahi ditut, jakiteko haientzat zer espezie diren garrantzitsuak. Horrekin lan bat sortuko dut, non aukeratutako espezie horren ilustrazio eta ezagutza zientifikoaren begirada agertuko dudan, baina baita herritarrek pasatutako jakintza ere. Badakit bi jakintzak ez direla gauza bera, baina biek daukate garrantzia. Zerbait sortu nahi dut, nik eman dezakedanetik, baina baita herriak daukanetik ere. Horregatik, haiek ematen didaten hori guztia hartu da. Sortu, sortzeko prozesuari ere denbora emateko, lehengoko sortze tekniketara itzultzeko. Eta eman: jasotako horrekin guztiarekin bueltatu.

Maddi Astigarraga Sormenaren Kabia bekaren aurtengo irabazlea. JON URBE / FOKU
Maddi Astigarraga, Sormenaren Kabia bekaren aurtengo irabazlea. JON URBE / FOKU
Eman aipatu duzu. Izan ere, jakintza komunitateari itzultzea da proiektuaren helburuetako bat. Zergatik iruditzen zaizu garrantzitsua emate hori?

Nik dibulgazioan lan egiten dut asko; beraz, beti iruditzen zait garrantzitsua proiektua sortu den inguru horretan zabaltzea jakintza. Baina uste dut proiektu honetan berebiziko garrantzia duela, herritarrak ere tartean sartuko dituen proiektu bat egin nahi dudalako, eta haiek ere parte hartzen badute obra hori nirea bezain haiena izango delako. Itzultze horrek, azken finean, esker ona adierazteko ez ezik ezagutza hori zabaltzeko ere balio dezake. Agian, jakintza hori han lanean zebilen 60 urteko emakume batek eman dit niri; ba, aitzakia izan dadila plazan bizi den lau urteko haurrak ere bere ingurua ezagutu dezan.

«Informazioa bilatzea da agian jende askori gutxien gustatuko litzaiokeen lana, baina ni horrexek mantentzen nau zientziari konektatuta»

Ilustrazio bakoitzaren atzean, marrazketari emandako orduez gain, dokumentazio lan handia egongo da, ezta?

Agian hau da ilustrazio zientifikoan glamour gutxien duena, baina niretzat hau da erakargarriena, pintatu aurretik ikerketa bat dagoelako. Kasu honetan, Alkizak aukera ematen dit ikerketa horren parte bat behaketan oinarritzeko. Baina informazio bibliografikoa ere hor dago. Informazioa bilatu eta gero istorio bat osatu behar da. Informazioa bilatzea da agian jende askori gutxien gustatuko litzaiokeen lana, baina ni horrexek mantentzen nau zientziari konektatuta. Bazegoen ilustratzaile bat esaten zuena pintatze horretan, prozesua motela denez, espeziearekiko intimitate bat lortzen dela, eta edozein harremanetan bezala intimitatean sortzen dela afektua. Informazio bilaketa eta behatze horrek badauka niretzat xarma berezi bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA