Artea

Zeri begiratzen dioten artelanei begiratzen dietenek

Publikoak bildumako zortzi artelanen aurrean eginiko gogoetak biltzen dituzten zortzi bideo osatu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak. Tamara Garcia Iglesias zinemagileak egin ditu, eta horiekin eman du amaitutzat 2021ean hasitako Ikuspuntuak proiektua.

Mari Puri Herreroren 'Jantokia' margolana da Bilboko Arte Ederren museoak 'Ikuspuntuak' proiektua osatzeko aukeratu duen lanetako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mari Puri Herreroren 'Jantokia' margolana da Bilboko Arte Ederren museoak 'Ikuspuntuak' proiektua osatzeko aukeratu duen lanetako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko martxoaren 31
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Heriotza bat da». Itsu-itsuan antolatu zieten topaketa. Zer ikusiko zuten jakinarazi gabe, Mari Puri Herro artistaren 1974ko Jantokia margolanaren aurrean jarri zituen Bilboko Arte Ederren Museoak Bilboko Goi Ostalaritza Eskolako ikasleak, eta Adsis fundazioaren Bestalde programaren erabiltzaileak, eta bideoz bildu zituzten haien erreakzio eta gogoetak. Enpresa bazkari bat ikusi uste dute hasieran, baina, afari bat izateko, eta sukaldariak egon arren, hain justu ere, janaria falta dela ohartzen dira geroxeago; eta, pixkanaka-pixkanaka, absentzia horren ondorioz, gero eta existentzialistagoa bilakatuz doa solasaldia, heriotzaren aipamenera heldu arte. «Zerbaiten zain daude, baina ez da gertatzen», deskribatzen du lana ikusleetako batek. «Desanimoa» aipatzen du beste batek. «Apatia». «Sufrimendua». «Linbo moduko bat». Eta azken esaldi batekin borobiltzen du hizketaldia beste batek: «Berez hutsune horrek ahalbidetzen dizu lana zuk barnean daukazunarekin betetzea».

Guztira, gisa horretako zortzi topaketa biltzen ditu Bilboko Arte Ederren Museoak Ikuspuntuak III. Voices bideo sortak. Tamara Garcia Iglesias zinemagileak sortu ditu, eta museoaren Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailarekin lankidetzan eta BBK banku fundazioaren laguntzarekin aritu da lanean. Herreroren lanaz gainera, Cristina Iglesasen, Dora Salazarren, Ana Laura Alezen, Elena Mendizabalen, June Cresporen, Elena Aitzkoaren eta Itziar Okarizen artelan bana hautatu dute proiekturako, eta zortzi minuturen bueltako bideo bana sortu dute ikusleek haiekin egindako topaketekin. Museoaren webgunean jarri dituzte osorik ikusgai.

Horrez gainera, erakusketa ere atondu dute, martxan duten eraikineko lehen solairuan. Bideoak ez ezik, bertan hizketagai diren lanak ere ikus daitezke bertan. Apirilaren 19ra arte egongo da zabalik.

«Normalean museoko korridoreetan galtzen diren ahotsak gordetzeko tresna bat da 'Ikuspuntuak III'»

TAMARA GARCIA IGLESIAS Zinemagilea

2021ean hasi zen museoa bere bildumako artelanak berrikusteko ikus-entzunezko lanak sortzen, eta hirugarren bideo multzoa da oraingoa. Baita proiektuko azken lana ere. Publikoaren erreakzioak bilduta burututzat eman baitute egitasmoa. «Gertakari eta esperientzia artistikoa gordetzeko erreminta oso zehatza» izan da Ikuspuntuak, Garciak azaldu duenez, eta aipamen zuzena egin die publikoaren hitzak biltzen dituzten ikus-entzunezkoei ere. «Normalean inon erregistratuta geratu gabe museoko korridoreetan galtzen diren ahotsak gordetzeko tresna bat da».

Euskararik gabe

Bost minutu inguruko zortzi bideo sortu zituzten 2021eko saioan. Gizonezkoek margotutako emakumezkoen figurak lantzen zituzten obrak ziren lehen sail hartako ardatzak. Kasu hartan, off-eko euskarazko narrazioak txertatu zituzten bideoetako bakoitzean. Horrez gainera, askotariko ibilbideak eta interesak zituzten hainbat esparrutako hamasei emakumeren ahotsak ere biltzen zituzten ikus-entzunezkoek, eta euskaraz mintzo dira haietako gutxi batzuk. Hurrengo bi bideo sailetan, ordea, ez da euskararik entzuten. Ez 2023an grabatutakoan, ez eta aurkeztu berri duten zortzi laneko sortan ere.

Bi sail horietan ere, euskarara azpidatzita daude bideo osoak, eta kapituluen tituluak ere euskaraz daude, baina ez dago euskarazko lekukotza bakar bat ere. Orotara, bi ordu 38 minutu eta 25 segundo irauten dute bi bideo sorta horiek, baina ez dago euskarazko esaldi bakar bat ere entzuterik.

Museoko ordezkariek zehaztu dutenez, ez da euskara sustatzeko irizpiderik egon bideoak sortzeko. Proiektuan parte hartu duten artisten eta ikusleen esku utzi dute ikus-entzunezkoetan erabiliko zuten hizkuntza aukeratzea. Taldeak osatzerakoan, ordea, ez dute hizkuntza irizpidea kontuan hartu, eta, beraz, tartean euskal hiztunak egon diren kasuetan ere, euskararik ez zekitenekin batera jarri dituzte elkarrizketan.

Egunotan egin dute azken ikus-entzunezkoen aurkezpena, eta bertan egon da Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta Bilboko Arte Ederren Museoko patronatuko egungo presidentea ere, baita Miguel Zugaza museoko zuzendaria, Marivi Antoñanzas museoko Hezkuntza Departamentuko burua eta Koldo Bilbao BBK banku fundazioko kidea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA