Museoaren sarbidearen ondoan dagoen aretoa egokitu, eta Zero izeneko espazioa ireki du Bilboko Guggenheim museoak. Museoaren historia biltzen duen sei minutuko ikus entzunezkoa gordetzen du aretoak, eta bisitariei “harrera” egitea da gunearen helburua, Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariaren hitzetan. “Abiapuntu emozional bat da, museora sartu aurretik bisitariak kokatzeko bide bat”. New Yorkeko (AEB) Local Projects enpresarekin batera garatu du egitasmoa museoak. Gaur egin dute egitasmoaren aurkezpena, eta ikusgai dago jada.
Aretoaren hormak ispilu bihurtu dituzte, pantailan azaltzen den bideoa hamalau aldiz biderkatzeko. “300 graduko ikus eremu kaleidoskopikoa eskaintzen du”, azpimarratu du Vidartek. Iragana eta etorkizuna bildu dituzte ikus entzunezkoan: gaur egungo Abandoibarra inguruan zegoen Euskalduna ontziolaren irudiak, Bizkaiko hiriburuko irudi zaharrak, Guggenheim museoaren eraikuntza lanen prozesua eta museoaren bilduma iraunkorreko hainbat artelanen irudiak nahastu dituzte. Ikus entzunezkoaren soinu banda egitasmorako sortu dute, propio: Ander Sanchez, Bittor Pastor, Iñaki Plaza eta Ion Garmendia musikariek, zehazki.