Zirimola bitxiak sortzen dituzte Durangoko Azokako egun jendetsuek Landako plazan. Halakoetan elkarrekin nahasten dira erakusmahaiak ikustera sartzeko zain daudenen ilarak, talo bat eskatzeko daudenenak, Saguganbaran edo Ahotsenean antolatutako emanaldiak ikustera doazenenak eta bateko eta besteko manifestazioetan bildutako jende multzoak. Eta, hain justu, halakoa izan da Durangoko Azokaren bigarren eguna ere, goiz-goizetik hasita gainera: jendetsua. Eta, halakoetan, bereziki argi ikusten da Durangoko Azoka Landako guneko erakusmahaiez harago ere zabaltzen dela. Eta zabaltzen jarraitzen du, gainera. Aurten, esaterako, bi gune berri zabaldu baititu.
«Ikusgarritasuna ematen digu». Durangoko Arte eta Historia Museoko zuzendaria da Garazi Arrizabalaga. Urteak daramatzate Durangoko Azokaren egitarauko ekitaldiak eta erakusketak hartzen, baina aurrerantzean gune bat gehiago izango da: Atartea. Eta, lehenago ere azokaren parte baziren ere, ikusgarriago egingo du horrek haien eskaintza. «Azken urteetan beti hartu ditugu hitzaldiak, baina ikusten genuen kulturaren jaialdi global honetan arte plastikoak apur bat bazterrean geratzen zirela, eta ilustratzaileek ez zutela gune propiorik».
«Azken urteetan beti hartu ditugu hitzaldiak, baina ikusten genuen kulturaren jaialdi global honetan arte plastikoak apur bat bazterrean geratzen zirela, eta ilustratzaileek ez zutela gune propiorik»
GARAZI ARRIZABALAGA Durangoko Arte eta Historia Museoko zuzendaria
Azokaren lehen egunetik bertatik hainbat ekitaldi hartu ditu museoak, eta bi erakusketa ere izango ditu ikusgai. Iazko Sormen Beka jaso zuen Irati Bazetaren Harien isla izango da ikusgai egongo diren bi bilduma horietako bat, eta hainbat euskal irudigileren lanekin osatutakoa izango da bestea. Aurten lanen bat argitaratu duten hemeretzi ilustratzaileren irudi bana ere bildu dute, bilduma osatzeko.
Unai Elorriagak Elkar argitaletxearekin kaleratutako Andrakas jaunaren bizarrak libururako Alex Orbek egindako irudia topatuko du bertan bisitariak, bai eta Maite Gurrutxagak Ereinekin kaleratutako Tapakia libururako sortutako irudietako bat ere. Izaro Arroitak idatzitako Lina plastilina liburu serierako Joseba Larratxek sortutako musker itxurako izaki goibel bat ere ikus daiteke bilduman, eta, beste hainbat irudigile gehiagorekin batera, erakusketaren parte dira Ivan Landa, Mikel Santos Belatz, Ekaitz Agirre Garluk, Olaia Martinez Altuna, Arrate Rodriguez, Ione Larrañaga eta Iñigo Sarasola Monti ere.
Haien lanaren balioa nabarmentzeaz gainera, Durangoko Azokan leku bat merezi dutela adierazi du Arrizabalagak. «Ilustratzaileak ere badira argitaratzen diren liburu eta diskoen parte, eta euren tokia behar zuten azoka honetan. Museoa horretarako toki ona izan zitekeela pentsatu dute antolatzaileek, eta gu oso pozik gaude. Guretzat oso positiboa da azokaren zoramen honen parte izatea».

Puri-puriko formatuak
Berbagailua da aurtengo beste nobedade nagusietako bat: podcastei eskainitako gunea. Landako gunetik gertu du egoitza, Madalenako ermitan. Oihane Agirre Durangoko Azokako koordinazio mahaiko kidea dabil bertako joan-etorria koordinatzen, eta pozik azaldu da orain arte izan duten martxarekin. «Formatu hauek puri-purian daude orain», azaldu du, eta bizitasun horri leku bat emateko sortu dute gunea.
Aurten, egun bakoitzeko hiru bideopodcast antolatu dituzte, eta Durangoko Azokarekin lotura duten gaiak lantzea jarri dute baldintza modura. «Proba modura jarri dugu eguneko hiru saio egiteko muga, aurrez bakoitzarekin hitz egin behar genuelako, eta erraz bete ditugu tarte guztiak. Eta gerora ere, proiektuaren berri izan ondoren, jende asko etorri zaigu jakin-minez. Bozgorailu oso polita da».

Estudio txiki bilakatu dute ermita, eta barrura sartzeko aukera izan du publikoak ere. BERRIAren Berriketan podcasterako, esaterako, liburuen eta diskoen sortze prozesuaz aritu da Iker Tubia esataria, eta, horretarako, Lander Majuelo eta Ane Eslaba bildu ditu, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeko editoreak hurrenez hurren, bai eta Iker Aginaga eta Andres Kamio Jitu ere, Baga-Biga eta Elkar diskoetxeetako kideak hurrenez hurren.
«Emakumeen aurkako bortizkeriari buruz eta Palestinan gertatzen ari denari buruz badugu posizio bat, baina Durangoko Azokak zer jarrera du adimen artifizial generatiboak sorkuntzan duen eraginaren inguruan? Oso-oso eztabaida interesgarria da»
DIANA FRANCO Kabia guneko koordinatzailea
Hamar urte baino gehiago daramatza Kabia guneak Durangoko Azokan, baina leku propioa izan du aurtengoan. Azken urteetan, Landako guneko areto nagusian egin du bere programarentzako txokoa. Diana Franco Kabia guneko koordinatzaileak dioenez, zentraltasun hori lagungarria izan da azokan joan-etorrian zebilen jendea erakartzeko, baina, era berean, gune propio bat izateak egitaraua era borobilagoan prestatzeko aukera ematen diela onartu du. Landako kanpoan jarritako areto batean ari dira aurten, eta, Francoren ustez, orain, gunea ezagutaraztea izango da erronka. Bizpahiru urteko epea aurreikusten du horretarako. «Ea betirako geratzen garen hemen».
Mundu digitalari eskainitako programa du Kabiak, eta, gaur bertan, esaterako, adimen artifizialari buruzko hainbat hitzaldi eta aurkezpen antolatuko dituzte. Debate horren garrantzia nabarmendu du Francok: «Emakumeen aurkako bortizkeriari buruz badugu posizionamendu bat. Palestinan gertatzen ari denari buruz ere badugu posizio bat. Baina adimen artifizial generatiboak sorkuntzan duen eraginaren inguruan zer jarrera hartuko du Durangoko Azokak? Oso-oso eztabaida interesgarria da».
Plaza berezia
Ahotsenea guneak hemezortzi urte bete ditu aurten azokan, eta programaren gune identifikagarrienetako bat bilakatu da denborarekin. Plateruenan antolatu dituzte zuzenekoak, esaterako, eta Kak taldeko kideek egin dute bigarren eguneko lehen saioetako bat. Euren lehen diskoa aurkezten ari dira aurten azokan, eta Musika Zuzenean-en erakusmahaian jarri dute salgai. Asier Martinez taldeko baxu jotzailea aurrez ere bitan aritua da Ahotsenean, Zazkel izeneko taldearekin, eta ongi ezagutzen du gunearen dinamika. «Plaza berezia da», onartu du. «Zure musika ezagutarazteko aukera ematen dizu. Normalean egiten ditugun zirkuituetan, adibidez, ez da adin guztietako jenderik egoten, eta, oraingoan, goizez jotzeak aukera ematen dizu jende helduarengana edo umeekin dagoen jendearengana ere iristeko».
Urtero bezala, jende asko bildu dute Irudienea eta Szenatokia guneek ere. Jone batzuetan filmaren proiekzioa hartu du lehenak, esaterako, eta San Agustin antzokian, berriz, sendotua dirudi antzerki maratoien formatuak, publikoak urtez urte emandako harrera beroari esker.
«Zertara etorri zarete Durangoko Azokara?». Album ilustratuak sortzeko Etxepare Beka irabazi du aurten Gotzone Butron idazlearen eta Aitziber Raya ilustratzailearen Orkestra zooragarria lanak, eta Saguganbarako aretoan egin dute aurkezpena. Aretoa goraino zutela egin du Butronek Durangora joateko motiboei buruzko galdera, eta berehala erantzun dute umeek. «Liburuak ikustera!», garrasika lehenak. «Liburuak erostera», beste batek. «Diskoak erostera», ia bere baitarako beste batek. «Zer dagoen ikustera», heldu batek ondoren. Izan ere, gunez guneko programarekin, gero eta zabalagoa da itxuraz sinplea dirudien galdera horrentzako erantzuna: zertarako joaten da jendea Durangora? Zertarako ez.