Joan den urtarril hasieran taularatu zuen Zetak taldeak Mitoaroa ikuskizuna, Iruñeko Nafarroa Arenan; azkar amaitu ziren bi kontzertuetarako sarrerak, eta denera 30.000 pertsona bildu ziren haietan. Azken kontzertuaren amaieran, Pello Reparaz kantariak iragarri zuen Donostian ariko zirela irailean. Zehazki, irailaren 5ean, 6an eta 7an izango dira kontzertuak, Illunben. Horietarako sarrerak ere ziztu bizian saldu ziren, baita bukatu ere. Orain, baina, edukiera handitzea eta sarrera gehiago eskuragarri jartzea erabaki du taldeak; bihar erosi ahal izango dira, osteguna, 10:00etatik aurrera, salmenta kanal ofizialetan. Hiru egunetan 40.000 lagun bilduko direla aurreikusi dute taldekide eta antolatzaileek.
Mitoaroa, kontzertu bat baino gehiago, euskal tradizioko pertsonaia herrikoiei egindako omenaldia izango zela azaldu zuen taldeak ikuskizuna iragarri zuenean. Hain zuzen ere, mamuxarroen jantzi zuriak, katolak eta koloretako zapiak, esate baterako, inspirazio iturri izan zituen Reparazek emanaldia prestatzeko.
Nafarroa Arena lepo bete zuten zaleen aurrean iragarri zuen Reparazek Aaztiyen birako azken kontzertua irailaren 6an izango zela, Donostiako Illunben. Sarrerak salgai jarri eta berehala amaitu zirela ikusita, irailaren 5erako beste saio bat iragarri zuten, eta segidan amaitu ziren hartarakoak ere. Irailaren 7erako beste emanaldi bat iragarri zuten orduan, eta azkar bukatu ziren hartarako lekuak ere. Guztira, 30.000 sarrera saldu zituzten.
Hiru kontzertu horiek «beste zerbaiten atari» izan litezkeela eman zuen aditzera Reparazek, besterik zehaztu gabe, artean «kontzeptu fasean» zegoelako irailean aurkeztuko dutena. Mitoaroa-n, hainbat gonbidaturen kolaborazioarekin, Nafarroako pertsonaia mitologikoak eraman zituzten oholtzara; irailerako, berriz, pertsonaien aukera zabaltzeko asmoa agertu zuen taldeak.