Musika

Zetak-en «munstro erraldoia» eta haren oinarriko hartxintxarrak

Pello Reparaz musikariak Bilboko San Mames zelaian egingo duten ‘Mitoaroa III’ ikuskizunaren nondik norakoen aurrerapen bat aurkeztu du Bilbon. Zehaztu du 2084an girotutako distopia bat izango dela. Ehunka ikuslerentzako kontzertu txiki bat ere eman du.

Pello Reparaz musikaria eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, 'Mitoaroa III' emanaldien aurkezpenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pello Reparaz musikaria eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, 'Mitoaroa III' emanaldien aurkezpenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko apirilaren 16a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaieran bakarrik erakutsi du zer hartxintxar delikaturen gainean hartzen duen atseden eraikitzen ari diren «munstro erraldoiak». Pello Reparaz musikariak ofizialki gaur aurkeztu du Zetak taldearekin batera ekainaren 19an eta 20an Bilboko San Mames zelaia beteko duen Mitoaroa III izeneko ikuskizuna. 80.000 ikus-entzule bilduko ditu guztira, eta, bi orduz, musika ez ezik, 2084an kokatutako unibertso distopiko oso bat ere aurkeztuko die bertaratzen direnei, euskal mitologiari keinu egiten dioten irudi, bideo eta kontakizunez atonduta. Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat euroko babesa emango dio aurrekontu osoari, zeina are handiagoa izango baita, eta, aldundia proiektuaren babesle nagusia izanik, Bizkaiko foru jauregian egin dute aurkezpen ofiziala, baina ez da aurkezpen ofizial soila izan.

Izan ere, taldeak sare sozialetan iragarria zuen prentsaurrekoaz gainera ekaineko emanaldiaren aurrerapen moduko bat egiteko asmoa, eta ehunka pertsona batu dituzte Kale Nagusian. Inauterietako hamaika pertsonaiarekin osatutako performance bat egin dute prentsaurrekoaren aurretik, eta kalean itxaroten egon diren zale horien guztien harrabotsarekin lehiatu behar izan dute, ondoren, musikariaren aurkezpeneko azalpenek. Eta, azkenik, hori amaitutakoan, posible zen modurik biluzienean gogoratu dute zer dagoen aurkeztu duten muntaketa horren guztiaren oinarrian. Reparazek Enrike Solinis musikariaren lautearen laguntza soilarekin hiru kanta interpretatuta itxi baitu ekitaldia.

«Erronka handia dugu esku artean», onartu du Reparazek, eta urduritasun puntu bat sumatzen hasia dela ere esan du. Iragarri duenez, etorkizunean girotuta egongo da Mitoaroa III osatuko duen kontakizuna; 2084. urtean, zehazki, George Orwellen 1984 nobelari keinu eginez, eta «kontrol sozial ikaragarri baten pean» bizi den Euskal Herri distopiko bat aurkeztuko du.

(ID_15990721) (Aritz Loiola/@FOKU) 2026-04-16, Bilbo. MITOAROA IIIren aurkezpen instituzionala
Jendetza Bilboko Kale Nagusian, Pello Reparazen emanaldia ikusten. ARITZ LOIOLA / FOKU

Iragarri dutenez, San Mames ez da ikuskizunaren kokaleku hutsa izango, baizik eta proposamenaren parte aktiboa. «2084. urte horretan Zetak ere sistema horretan integratuta dago, eta herria San Mamesera doa, Zetak ikustera, eguneroko distopiko hori guztia tarte batez ahazteko eta etxera lasai-lasai joateko. Beraz, Zetak distopia horren eta sistema horren parte aktiboa da, eta kontakizunean San Mames horixe bera izango da, San Mames».

«Nik esango nuke sanoa dela nazioarteko proiektuak dauden lekuetan euskarak ere bere txokoa izatea»

PELLO REPARAZ Musikaria

Iazko urtearen hasieran antolatu zuten lehen Mitoaroa, Iruñeko Nafarroa Arenan, eta iazko irailean hiru egunez bete zuten Donostiako Illunbe zezen plaza, proiektuaren bigarren atalarekin. Ordukoan, entzuleek entzungailu indibidualekin entzun zituzten saioak, baina Reparazek iragarri du Bilbokoan ez dela halakorik izango. «Formatua ez da lehentasun bat guretzat: egingo dugun lekura egokitzen dugu showa».

Onartu duenez, badaki makrokontzertuen ereduak hainbat kritika pizten dituela, eta, dioenez, «interesgarria» da eztabaida hori. «Orain 2.000 pertsona sar daitezkeen kontzertu txiki bat antolatzen badugu, sarrera guztiak saldu direla iragartzen badugu, eta emanaldia hor amaitzen bada, leporatuko didate esklusibitatea izatea helburu, eta, orain, errealitatea da Zetak-ek 80.000 sarrera saltzen dituela. Esklusibitate konturik ez leporatzeko, espazio handia behar dugu, zeren Zetak-ek bizi behar du. Nire proiektua da, nire ametsa, eta erabat sinesten dut honetan». Eta hala ebatzi du gaia: «Nik esango nuke sanoa dela nazioarteko proiektuak dauden lekuetan euskarak ere bere txokoa izatea».

Babes instituzionala

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak ere parte hartu du aurkezpenean. Txalotu egin du Zetak taldearen asmoa. «Duela gutxira arte imajinatzen zaila zen zerbait aurkezten ari gara: San Mames betetzea euskarazko eta bertako sorkuntzarekin». Euskara eta euskal kultura sustatzeko estrategiarekin lotu du proiektua Etxanobek, eta, horregatik, aldundiak «ahalegin handia» egin duela esan. Zehaztu duenez, hain zuzen ere, miloi bat eurokoa izango da babes hori.

«Momentu hau aprobetxatzen ari gara, benetan oroituko dugun zerbait egiteko»

PELLO REPARAZ Musikaria

«Ezinbestekoa» da erakunde publikoen babes hori, Reparazen hitzetan, baina aurrekontu osoaren parte bat baino ez da. «Oso-oso-oso konplikatua da estadio batean kontzertu bat egitea, eta gu egiten ari garena, gainera, ez da kontzertu bat bakarrik».

Reparazek esplikatu duenez, haren lantaldea baino ez dago «estadioko bi produkzio» horien atzean, eta ez dute hori egiteko eredu argirik topatu ere, proposamenaren ezaugarri artistikoen ondorioz. Zehaztu duenez, zazpiehun pertsonatik gorako lantaldea izango dute bi saioetan, eta esan du emanaldiak antolatzeko aurrekontu osoa «erokeria hutsa» dela. Horregatik, Bizkaiko Aldundiaren babesa ez ezik, beste hainbat babesle txikiagoren laguntza ere badute horretarako. «Gainera, aurrekontua mugitzen ari da, eta eskerrak mugitzen ari den; duela bi aste ingurura arte, genituen diru sarrerak baino handiagoa zen aurrekontua».

Dioenez, kontuak egonkortuta daude orain, baina kontuan hartuta taldea bolada gozoan dela, orain aukera dute «imajinazioak egiten duen dei orori» erantzuteko. «Momentu hau aprobetxatzen ari gara, benetan oroituko dugun zerbait egiteko».

Aspaldi amaitu ziren ekainaren 20ko kontzertuko sarrerak, eta, Reparazek iragarri duenez, gutxi batzuk baino ez dira geratzen jadanik ekainaren 19ko emanaldirako ere, eta, horiek amaitutakoan, ez dute asmorik hirugarren saioa antolatzeko. «Garai nahiko onirikoa bizitzen ari naiz», aitortu du musikariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA