“Armairutik erabat ateratzea bezala bizi dut nik, paper zuri baten aurrean jarri, eta dena zerotik hasi”. Bestelako doinuak eta bestelako moduz lantzea da Pello Reparaz musikariaren asmoa, eta horregatik jarri du martxan Zetak taldea. 15 urte daramatza musikagintzan, eta Vendetta taldean eman ditu azkenekoak. Taldea desegin, ordea, eta bere proiektu pertsonala abiatu du orain Leire Colomo, Gorka Pastor, Iban Arreuri musikariekin batera. Vendettaren azken diskoan ere txertatu zituzten elektronika tanta batzuk, baina oraingoan erabat egin du jauzi estilo horretara. Pop melodiak eta elektronika uztartzen ditu proiektuak, eta eremu horretan dabiltzan hamar abesti biltzen dituen diskoa kaleratuko du abenduaren 5ean. “Oso aberasgarria izan da hau dena niretzat, eta oso-oso aske sentitu naiz”.
Nekeak ere eraman du Reparaz bide berriak zabaltzera. Nazkatuta ote dagoen? Argia erantzuna: “Ni nazkatu naiz, bai, ni bai, baina erabat gainera”, aitortu du. “Euskal Herrian muga asko jartzen dizkiogu geure buruari”. Dena zalantzan jartzeko ariketa egiteko beharra sentitu du horregatik, eta, dioenez, ariketa horren ondorio da Zetak. “Ez dut esan nahi hau iraultza moduko bat denik, baizik eta ariketa pertsonal bat”.
[youtube]https://youtu.be/7P9hrOOjV14[/youtube]
Ideia orokor batek biltzen du proiektu guztia, musikariaren hitzetan. “Ezberdin sentitzen den jendearen kolektibo moduko bat izan nahi du Zetak taldeak”. Eta, musikariak dioenez, ezberdin sentitzen den jende hori ezberdin sentitzera zerk eraman duen kontatzen du diskoak ere. Fikziozko pertsonaia bat sortu du horretarako diskoaren abesti bakoitzarentzat, eta pertsonaia horien bizipenak kontatzen dituzte kantek. “Oso iluna da diskoa”, onartu du. “Bakardade asko dago, eta horrez gain, egoera traumatikoak ere bai”. Sei urteko haur bati egindako bortxaketa bat kontatzen du Pater noster abestiak, adibidez. Baina argia ere bilatu dutela dio Reparazek. “Gure ahalduntzea da hau, zuzenekoetan elkartzea, sare sozialen bidezko hartu emana izatea, eta gauzak ezberdin egiten saiatzea”.
Duela hamar urte Bilboko Kafe Antzokian lagun batek esandakoa izan du gogoan musikariak. Prentsaurrekorik ez egiteko gomendatu zion lagun hark, eta ez diskorik ateratzeko ere. Kazetaririk apenas hurbildu ohi zelako halako ekitaldietara, eta entzuleek ere gutxitan entzuten zituztelako sei kanta baino gehiago jarraian. “Baina igual nahiko erromantikoak gara gu horretan ere”, onartu du kantariak, “eta hemen gaude hamar urte geroago, disko berri bat aurkezten eta prentsaurreko bat egiten”.
[youtube]https://youtu.be/zJ4XLqQOTcQ[/youtube]
Baina prentsaurreko bat izanik ere, ez da ohiko prentsaurrekoa izan Zetak taldearena. Bere modura egokitu du formatu hori ere musikariak, eta diskoaren aurkezpena ere horregatik izan da erdiz kontzertu moduko bat eta erdiz aurkezpen bat. Kazetariez gainera, publiko orokorra ere gonbidatu dute sare sozialen bidez, eta bete egin da Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoa. Formatu txikian aritu da taldea, eta bi kanta eskaini dituzte, baina zehaztu dutenez, emanaldi horretarako propio moldatu dituzte abestiak; normalean, formatu handiagoarekin igoko baitira oholtzara. “Askoz tresna gehiago daramatzagu zuzenekoetara; laborategi moduko bat muntatu dugu”.
Oraingoz kontzertu bakarra eskaini du taldeak, eta hura ere berezia. “Kontzertu-esperientzia bat”, musikariak deskribatu duenez. Emanaldia non izango zen jakin gabe erosi zituzten sarrerak entzuleek, eta gero zehaztu zieten emanaldia Astigarraga eta Hernani artean dagoen Oialume dantzalekuan izango zela, eta beltzez jantzita joan beharra zegoela. Entzungailu bana eman zioten bertaratu zen bakoitzari, eta haien bidez entzun ahal izan zuten diskoa lehenik, Reparazen azalpenekin, eta gero eskaini zuen taldeak zuzeneko kontzertua. Abenduaren 6an emango dute hurrengo zuzenekoa Durangoko Azokan, Plateruena gunean, eta beste hainbat saio ere badituzte jadanik itxita, besteak beste, Iruñean, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Madrilen eta Parisen.
Harrerarekin pozik
Pozik azaldu da musikaria orain arte jasotako erantzunarekin. Lehen aurrerapen abestia publiko egiterako, adibidez, 7.000 jarraitzaile zituen taldeak jadanik sare sozialetan, eta musikariak esker ona adierazi nahi izan die lehen diskoaren lehen aurkezpenera gerturatutako zaleei ere. Esan duenez, ordea, hasi aurretik ere lan ordu asko egin ditu taldeak oihartzun hori lortzeko. “Buru hauste asko izan ditugu”, esan du. “Zalantza izan dugu guk geuk ere, ez ote ginen ari kea saltzen modu batera edo bestera”. Erantzuna ikusirik, ordea, bistan geratu da publikoak proposamena ongi hartu duela, eta horren frogaizan da diskoaren aurkezpena bera: une batez, publikoak abestu du Errepidean abestiaren leloa.
Manifestu bat ere idatzi du Reparazek taldea aurkezteko. Gotzon Barandiaran idazlearekin elkarlanean prestatu du testua, eta hark irakurri du prentsaurrekoan. “Alfabetoa buruz behera/ izartu da./ Eta bazterra zentroa balitz?/ Eta zantarra zoragarri?/ Azkenak,/ ahaztuak,/ Zetak./ Abezean ere atzen./ Baina gu hor, eta zu hemen: zirkulua zarratzen”.
[youtube]https://youtu.be/riHHVx2drZs[/youtube]