Artea

Zibernetikaren inguruan gogoeta egitera bultzatzen duen erakusketa bat zabaldu dute Tabakaleran

Tokiko eta nazioarteko 24 artistaren lanak biltzen ditu. Artearen eta zibernetikaren artean sortu diren askotariko konexioak aztertzea da xedea.

Erakusketako obra baten irudia. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Nagore Arin.
2020ko martxoaren 6a
15:47
Entzun

Zer da zibernetika? Zein da haren jatorria? Zertarako erabiltzen da gaur egun? Nola egin aurre hortik eratorritako paradigma berriei? Galdera andana bat planteatzen du Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak erakusketak. Donostiako Tabakalera zentroan zabaldu dute, eta, artearen bidez, zibernetikak ekonomiaren zein politikaren gainean duen nagusitasunaren inguruko gogoeta anitz biltzen ditu. Atzo ireki zuten, lehenengo solairuko erakusketa aretoan, eta abuztuaren 23ra arte egongo da ikusgai: asteartetik igandera bitartean, 12:00etatik 20:00etara arte.

Diedrich Diederichsen eta Oier Etxeberria dira erakusketaren komisarioak: Alemaniako kultura kritikaria da lehena; Tabakalerako arte garaikidearen arloko arduraduna, bigarrena. Vienako Kunsthalle museoarekin elkarlanean osatu dute bilduma, eta tokiko eta nazioarteko 24 artistaren lanak jasotzen ditu. Horien artean dira, adibidez, Jon Mikel Eubaren, Lily Reynaud-Dewarren, Heinrich Riebesehiren, Alex Mendizabalen, Anthony Braxtonen, Jorge Oteizaren eta Camila Spostiren zenbait lan. Bilduma pribatuetatik, galerietatik eta museoetatik ekarritako obrak dira.

Bost hamarkada dituzte erakusketan bildutako obrarik zaharrenek, eta aurten sortutakoak dira berrienak; izan ere, lau obra espresuki erakusketarako ondu dituzte. Horietako bi dira Jon Mikel Eubak eginiko eskultura instalazio bat eta Lili Reynald-Dewarrek ekoitzitako ikus-entzunezko bat. Eubaren obra azaldu du Etxeberriak: «Argi gutxiko obra bat da; izan ere, iluntasunean lan egiten du. Idazkerari lotuta dago obra, eta askotan egin ohi dugun tranpa bati buruz hitz egiten du: munduko arazoei buruz pentsatzen dugu, hizkuntza bera arazoaren parte izango ez balitz bezala. Tranpa horren gezurra erakusten digu; izan ere, hizkuntza beti da planteatzen zaizkigun arazoen parte». 

Beste zenbait obra, aldiz, duela 50 urte baino gehiago eginikoak dira, eta zibernetikaren jatorrizko ideiari erantzuten diote. Horren adibide da Heinrich Riebesehi artistaren lana: 1969. urtean egin zuen, eta Menschen im Fafhrstuhl du izena. Guztira, 21 irudi biltzen dituen obra da, eta zuri-beltzak dira denak. Nahiz eta 21 argazki izan, oso antzekoak dira: elementu bera errepikatzen da guztietan, igogailua. Bere burua artistatzat izan baino lehen ekin zion irudi horiek ateratzeari, eta, apurka-apurka, igogailu batera igotzen zen jendearen argazki andana bildu zuen, denak ikuspuntu beretik aterata. 

Eskultura intalazioez, ikus-entzunezkoez eta irudiez gain, baina, bestelako obrak ere jaso dituzte, askotarikoak: hala margolan, partitura zein litografiak nola zuzeneko rol joko baten gidoia, besteak beste. Zibernetika da lan guztien abiapuntu, baina bakoitzak arlo bati egiten dio erreferentzia. Besteak beste, musikari, herri kulturari, zinemari, eskulangintzari eta aktibismoari loturikoak dira. 

«Ziberkapitalismoa» 

Bidaia moduko bat proposatzen du erakusketak, historian artearen eta zibernetikaren artean sortu diren askotariko konexioetatik barna. Etxeberriaren hitzetan, 2018. urtean egin zuten programa publiko batean du jatorria koprodukzioak: «Ikerketa izaera zuen, eta abenduan hasi ginen lanean. Proiektuaren asmoa zen munduari ariketaren bitartez begiratzea». Lanketa horretan murgilduta, ezinbestekotzat jo zuten zibernetikaren inguruan gogoeta egin eta «inguruko mundu teknifikatua jendeari ulertarazten ahalegintzea».

Horretarako, ariketa egitea zer den eta zer ez den azaldu du Etxeberriak: «Ariketa da proba egitea, da entseatzea, da haztatzea... Dakiguna eta ez dakiguna konbinatzen dituen teknika ugariak abiatzea. Borondatez egitea, baina automatismoz egiten den hori ere biltzea». Era berean, beste gauza asko biltzen dituela ere nabarmendu du: «Jolasak eta protokoloak aktibatzea ere bada ariketa egitea. Banakakoa eta kolektiboa txandakatzen diren posizioak hartzea. Aktibotasun eta pasibotasun gisa ulertzen diren banaketak alderantziz jartzea...». 

Grezierako kybernêtikê hitzean du jatorria zibernetikaren kontzeptuak, eta gobernatzearen artea esan nahi du. Esanguratsua da kontzeptu horrek urteetan jasan duen bilakaera. Diederichsenen esanetan, «urte luzeetan gobernatzeko eta mendean hartzeko erregimen gisa ulertu da», eta mugimenduan zeuden objektuen aurrerapena egiaztatzeko erabiltzen zen. Norbert Wiener matematikariak asmatu zuen, 1940. hamarkada inguruan, trafikoa kontrolatzeko eta jende multzo handiak gobernatzeko asmoz. Berehala, ordea, zapalkuntza eta kontrol teknika gisa erabiltzen hasi zen.

Gaur egungo egoera, ordea, bestelakoa da: negoziazio eredu batean bilakatu da. Hain justu, ziberkapitalismo kontzeptuari buruz mintzatu zen Diederichsen: «Datuen bilketa ezinbesteko zerbait bilakatu da gaur egun; ziberkapitalismo batean bizi gara». Horren inguruko gogoeta sustatzea da antolatzaileen xedeetako bat, Euskal Herrian ez ezik, Vienan ere bai: urtearen amaieran hara lekualdatuko dute erakusketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.