Buruz buru (II). Enkarni Gomez

Zientzia gidatzen duten hariak

Ingeniaritza ikasketetan oso neska gutxi zirela ohartzean piztu zitzaion kezka Enkarni Gomezi, eta sakonerago jo zuen gero. Urteak daramatza orain zientzia mugitzen duten sakoneko interesak ikertzen.

Inigo Astiz
Donostia
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nekatu egiten da batzuetan azalpenak eman beharraz Enkarni Gomez Genua (Donostia, 1965). Hamaika bider errepikatuko zituen antzeko hitzak azken urteetan, baina, hala ere, aldiro berritu behar izaten du esplikazioa. Batzuetan entzungor xamarra da jendea, ordea, eta orduan botatzen du bere defentsa esaldia: «Zientzia mundura neskak erakartzea da nire kezka». Irribarre egiten du gero. Izan ere, ez da hori kontua. Edo ez hori bakarrik, behintzat. Sakonagoa da gaia. Askoz ere sakonagoa. Txotxongilolariak ditu gurasoak, baina haienarekin zerikusi gutxi zuen lanbide bat hautatu zuen berak: ingeniariarena. Doktore tesia egin, eta EHUko irakasle da egun. Hamarkadak daramatza, ordea, zientzia eta teknologia genero ikuspegitik landu eta kritikatzen. Eta agian horregatik ez da hain irudi txarra ere txotxongiloena. Balio dezake haren egungo lana zertan den azaltzeko: objektibotasunaren maskararen atzean zientzia eutsi eta gidatzen duten hariak dira haren ikerketa gaia. Eta korapiloa ez da txikia.

Nafarroako Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta sei urteko karreraren erdia egiterako, bazekien ez zuela ingeniari izan nahi. Bide erdia egina zuela-eta, jarraitzea erabaki zuen, ordea. Hala egin zuen topo materialen zientziarekin. Gustatu zitzaion gaia, eta sakontzea erabaki zuen. Baina materialen zientziak piztu zizkion galderak. Orduan hasi zen hariak igartzen, eta traba egiten zioten. «Ingeniaritzan egiten diren ikerketetariko asko defentsa ministerioek bultzatzen dituzte, eta hori da material zientzien kasua ere. Material berri askoren lehen aplikazioa militarra izaten da. Niri horrek sekulako egonezina sortzen zidan, eta doktore tesiaren zuzendariarengana jotzen nuen erantzun bila». Hala hasi zen sokei tiraka.

«Material hau zertarako da?». Galdera ez zen zaila, baina erantzuna ez zen erraza. «Nire zeregina propietate zehatz batzuk aztertzea zela esaten zidan doktore tesiko zuzendariak, eta horrekin zer egingo zuten erabakitzea beste batzuen erantzukizuna zela. Politikariena, ekonomialariena... Eta bazuen beste erantzun bat ere. Lan hori nik egin ezean beste norbaitek egingo zuela esaten zidan». Baina harrak barruan jarraitzen zuen. «Nik ere erantzukizun bat banuela sentitzen nuen. Eta ezin nion ihesik egin». Muturrera jo du bere azalpenarekin jarraitzeko. Bonba nuklearra sortzeko osatutako Manhattan proiektua aipatu du, adibidez. «Zientzialari haiek bota zuten bonba Hiroshiman? Ez, noski. Baina egin bai, haiek egin zuten. Ez da egia zientzialari guztiak bonbak egiten dabiltzanik; egiten dira oso ikerketa interesgarriak ere, baina estrukturala da nire kezka». Eredua bera, alegia.

«Zer gizarte ari gara eraikitzen? Guk zer erantzukizun daukagu mundu horren eraikuntzan? Bizitza eta guretzat garrantzitsuenak diren balioak jartzen ditugu zientziaren erdigunean, edo ekonomiak eta beste interes batzuk gidatzen dute garapen hau?». Horiek dira zientzialari batek bere buruari egin behar lizkiokeen galderak, Gomezen hitzetan. Ez horiek bakarrik, baina horiek ere bai. Izan ere, erantzukizunari estu lotutako ikuspegia da harena. Feminismotik hasi zuen kritika, baina sakonago jo du azkenaldian. «Gizarte hau ez da denentzat bizigarria. Gure arteko jendearentzat ere ez da ongi bizi ahal izateko moduko leku bat. Ardura ez da bakarrik zientzialariena, baina guk ere egin behar dugu erantzukizunari buruzko ariketa hori. Eta egin behar dugu era kolektiboan».

Handia da zientziaren erantzukizunari buruzko eztabaidarako zure proposamen hori. Handiegia, agian. Ez al da etsigarria?

David eta Goliaten artekoa da hau. Baina nik gizarte mailan gero eta mugimendu gehiago ikusten dut. Ez naiz hala pentsatzen duen bakarra. Irla batean bezala nabil ni nire kezkak dituztenekin, baina tarteka ikusten ditut beste irla batzuk ere. Eta konexioak sortzen dira. Orion galaxiakoak gara, agian, baina badira Orioneko beste batzuk ere. Mundua zaila da aldatzen, baina, behintzat, ni orain lasai nago neure buruarekin. Eta hori ere bada zerbait.

Gomezek nahikoa ditu bi galdera zientzialariarentzako oinarrizko kode etiko bat proposatzeko. Zirriborro bat baino ez da, baina handia da erakusten duen korapiloa. Dora Haraway pentsalariari hartutako esaldi bat da lehen galdera. Ipar moduko bat da harentzat. «Ikerketa bakoitzaren aurrean errepikatu behar litzateke Harawayren galdera hori: 'Nor bizi da honi esker? Nor hilko da honen erruz?'». Baina gizarte garatuetan ikusezinak dira maiz hiltzen diren horiek, Gomezek azaldu duenez, eta horregatik aipatu du garapenaren beste alde hori ere presente izan beharra. Eta kezka hori da bigarren galderaren iturburua: «Kontua ez da inor hiltzeko prest al zauden edo ez, baizik eta zer distantziatatik zaude inor hiltzeko prest?».

Feminismotik jaso zuen lehen hari muturra. Eta bitxia da egin duen ibilbidea. Hark ere aitortzen du. «Ni ingeniaritzatikheldu naiz feminismora. Eta ez feminismotik ingeniaritzara. Karrera bukatuta ohartu nintzen ikasgelan oso neska gutxi ginela. 200 ikasleko gelan hamabi neska baino ez ginen izango. Halako gaiei buruz hasi nintzen gogoetan, eta Carmen Magallon izeneko fisikari bat ezagutu nuen. 1996ko martxoan, Genero Zientziari eta Teknologiari Buruzko Lehen Kongresu Iberoamerikarrera gonbidatu ninduen. Hala egin nuen topo mundu harekin. Ikasle ona izana naiz, eta sekula ez nituen zalantzan jarri halako gauzak. Baina ohartu nintzen ez dela soilik zientzian neska gutxi daudela; horrek eraman ninduen zientziaren barruko estrukturak ikertzera».

Historiari, literaturari eta antropologiari kritika zorrotzak egin dizkiete feminismoak eta postkolonialismoak, besteak beste. Halakoen aurka babestuago dirudi zientziak, ordea. Zergatik?

Antropologian, biologian eta beste hainbat esparrutan egon da jarrera kritikoago bat, bai. Zientziaren makineria, ordea, oso boteretsua da. XVIII. mendean ez zen soilik zientzia iraultza bat gertatu, gizarte iraultza bat ere egon zen, eta zientziak erlijioaren papera hartu zuen, neurri batean. Zientzia jainkotu egin da gaur egun. Eta eraso kritikoen aurkako kontentzio handia eskaini dio horrek. Gainera, aitortzen zaion objektibotasun horrek babesten du. Eta, gainera, zientzia esperimentalek hori dute haien defentsan, sagarra erori egiten dela. Zuk zientziaren eraikuntza zalantzan jartzen duzunean, halakoen defendatzaileek beti jotzen dute argudio horretara: «Baina sagarra erortzen da ala ez?», galdetzen dizute. Eta bai, noski, erori egiten da. Baina ez da hori zalantzan jar daitekeen gauza bakarra. Gai gehiago daude.

Objektibotasun asmo horren inguruan, zuk argi esaten duzu zientzialari feminista zarela.

Nik argi eta garbi esaten ditut nireak, bai. Zientzialari feminista naizela, eta sozialista, eta... Beste batzuek ez dituzte erakusten beren abizenak, baina, noski, badituzte.

Defentsa sistema eraginkorra da sagarrarena, baina harentzat ere handiegiak dira galdera batzuk. Onargarria al da arma industriak milaka milioi euro jasotzea, eta hainbat gaixotasun sendatzeko botiken bilaketarako emandako dirua eskasa izatea? Martera espaziontzi bat bidaltzeak zer kostu du bestelako ikerketentzat? Nork erabakitzen du zer ikerketa ildo bultzatu, eta zein baztertu? Zergatik? Azken finean, zerk edo nork gidatzen ditu hariak? Erortzen jarraitzen dute sagarrek, baina ez dakarte erantzun argirik. Eta hor jartzen du begia Gomezek. «Askotan, ez da emaitza esperimentala bakarrik jarri behar zalantzan. Egungo ikerketa zientifikoak jadanik ez dira XVII. mendekoen gisakoak. Ez da teorien arteko eztabaida hutsa. Aplikazioak ere hor daude, eta kontuan hartu behar dira. Gaur egun, ezin da hitz egin zientziaz bakarrik, hitz egin behar da teknozientziaz. Izan ere, korapilo sozio-politiko-ekonomiko handi bat da zientzia. Funtsa da zientzia teknozientzia gisa ulertzea. Aplikazioak ulertu behar dira ulertzeko eredua. Eta hor sartzen da politika. Zer ikerketa indartu eta zein ez? Hori da lehen galbahea».

Hutsune bat aipatu du Gomezek. Nabarmena. Beste ikasketetan egoten da deontologia edo etikari eskainitako atal bat, baina zientzia puruetan ez da ohikoa izaten. «Medikuek pertsonekin egiten dute lana, eta presente dute beren ardurari buruzko diskurtsoa. Ingeniari batek errepideak egiten ditu, ordea, eta, errepidea ongi eginez gero, ez da arazorik izaten. Ingeniariok ez dugu gure gizartearekiko arduraren ideia gure egin. Askok uste dute kalkuluak ongi egitea eta metodologia jarraitzea dela gure deontologia, baina beste aspektu asko falta dira. Egituratuago egon behar luke etikari buruzko ikasgaiak zientzia ikasketetan».

Mahomarena egitea suertatzen zaio horregatik. Inork mendira joan nahi ez badu, mendia hurbildu behar jendeari. Dibulgazioa erabiltzen du amu gisa. Horretarako osatu zuen teknika munduko hemezortzi ikerlari, asmatzaile eta zientzialariri buruzko erakusketa. Emakumezkoak dira bertan ageri diren guztiak. Unibertsitateko eskaileretan jarri zuen ikusgai hasieran, baina nomada bilakatuta dabil azkenaldian. Herriz herri. Hitzaldiak ere ematen ditu haren kontura, eta pozik dago. Troyako zaldi baten modukoa da erakusketa: «Ardurari buruzko gure diskurtsoa ez da erraz hedatzen, baina emakume hauei buruzko erakusketa bai. Nahikoa arrakasta izan du. Horregatik, ardurari buruzko gogoetak hedatzeko bide ederra bilakatu da erakusketa, azkenean».

Alde du haizeak zientziaren parekidetasunari buruzko mezuak, eta baliatu egiten du Gomezek bultzada. Klase kideei entzunda, ezagunak ditu unibertsitate garaiko irakasleen komentario matxistak. «Zer zatoz, mutil-lagun bila?»; «Ez ikasi ingeniaritzarik, ikasi idazkaritza, eta aurkituko duzu ingeniaria den senarren bat». Kritiko mintzo da, halere, parekidetasunari buruz. «Garrantzi handia eman zaio denbora luzez zenbakizko berdintasun bat lortzeari. Nik inoiz ez dut izan kezka hori. Gainera, nik ez dut zientzia eredu hau elikatu nahi. Hori da funtsezkoena, eta, beraz, sistema hau elikatzeko ez dut nahi ez emakumezko ez gizonezkorik. Gizarte ereduari buruzkoa da nire kezka orain, eta haren barruan ikusten dut berdintasunarekiko kezka». Dioenez, sakoneko eztabaidari heldu ezean, gainera, marketin kanpaina baten antzekoak dira parekidetasuna bultzatzeko ahalegin instituzionalak. Estalkia aldatzen da, baina produktu bera saltzen dute: Lehengo bonba suntsitzaile bera, baina orain bi aldiz parekideagoa.

Badira ikuspegi optimistagoak ere. «Emakume gehiago sartuz gero eredua barrutik aldatzeko aukera gehiago dagoela uste dute batzuek. Baina nik ez dut horrelakorik sinesten. Nire ibilbidean ez dut halakorik ikusi. Alderantzizkoa bai. Sartzen dira emakumeak zientzian, eta egungo zientzia eredura hurbiltzen dira, eta errepikatu egiten dute, gehien-gehienetan. Berdintasuna lortu nahi dudala? Noski! Baina berdindu zeri? Egungo zientzia eredu txikitzaileari? Ez».

Funtsean, bere buruari aurrez aurre begiratzeko beldurrik ez duen zientzia bat nahi du Gomezek. Objektibotasunaren liluraz aske, harien mugimenduak zalantzan jartzeko gai den zientzia bat.

Bihar: Agustin Arrieta-Urtizberea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.