Objektuen bildumak egitea maite du Zineb Sedira artistak (Paris, 1963). Diskoak, dokumentuak, aldizkariak, arropak... Denetarik biltzen du. Eta, harentzat, duen hori besteei erakustea da bereziena: «Bildumak egitea garrantzitsua da niretzat, baina baita hori ikusgai jartzea ere». Hain zuzen, bere bildumaren parte txiki bat dago jasota Tabakalerako lehen solairuko aretoan. Standing Here Wondering Which Way to Go (Hemen zutik, zer bide hartu neure buruari galdezka) erakusketa ireki berri du, eta ekainaren 14ra arte egongo da irekita. Rita Fabiano eta Ane Agirre aritu dira komisario lanetan.
Artistak, batez ere, migrazioarekin, memoriarekin eta kultur transmisioarekin zerikusia duten proiektuak garatzen ditu. Erakusketaren proiektua 2019an hasi zuen, eta 1969an Aljerian egin zen Kultura Jaialdi Panafrikarra (PANAF) du abiapuntu. Festibal horren helburua da Afrikak diasporako herrialdeekin duen harremana erakustea, mota askotako ekimen kulturalak aurrera eramanda. Gaur egun ere antolatzen dute, baina 60ko eta 70eko hamarkadetan berebiziko garrantzia izan zuen, garaiko artista, politikari eta intelektual garrantzitsuenak izaten baitziren bertan.
Gainera, Afrikakoak bakarrik ez, munduko beste herrialde batzuetako ordezkariak ere izan ohi ziren, tokian tokiko borroka dekolonialen bozeramaile gisa: Portugal, Espainia, Palestina, Irlanda, AEBak... «Politika eta artea biltzen ziren festibal hartan; elkarrekin topatzeko gune bat zen», azaldu du Fabianok. Erakusketaren izenburua Marion Williams gospel abeslariaren kantu batetik dator; mostraren izen bera du, eta jaialdirako berariaz sortu zuen abesti hura.
Standing Here Wondering Which Way to Go Europako zenbait herrialdetan izan da Donostiara iritsi aurretik: Parisen, Lisboan, Suedian, Alemanian... Hiri horietako bakoitzak zerbait eman dio proiektuari; izan ere, tokian tokiko askapen mugimenduetako dokumentuak bilduz joan da Sedira, eta erakusketara gehituz. «Plazera da proiektua beste herrialde batzuetara eramatea», haren hitzetan. Espainian izan ziren borroka antikolonialista batzuei buruzko materiala bildu dute Tabakalerarako.
Filmen filma
Argazkiak, dokumentuak, bestelako objektuak eta musika jaso dituzte erakusketan. Aretora sartu bezain pronto, zinemako besaulki batzuk ikus daitezke. Irudi batzuk proiektatzen dira paretan, eta harantz orientatuta daude. Mise-en sceène (Eszenaratzea) du izena bideo instalazio horrek, eta zuri-beltzeko hainbat irudiz osatuta dago; batzuk argi ikusten dira, beste batzuk, ordea, ez hainbeste. Aljeriako bigarren eskuko denda batean topatu zituen irudiok Sedirak, bi pototan. Horietako batean, Aljeriako filmotekako irudiak zeuden, eta, bestean, militantziari lotutako filmak. Guztiak, 60ko eta 70eko hamarkadetakoak. Horiek eskaneatu, eta beste film bat sortu zuen haiekin. «Irudien artean dagoen desberdintasunak —batzuk ongi ikusten dira, beste batzuk ez— memoriaren inguruko hausnarketa bat proposatzen du; herrialde batek zer puntutaraino zaintzen duen bere memoria», azaldu du artistak.
Proiekzioaren beste aldean, horiz margotutako paretaren gainean, makina bat objektu daude, zeinak mosaiko koloretsu bat osatzen duten. Bi lan jasotzen dira bertan. Lehenengoan, For a Brief Moment the World Was on Fire (Tarte labur batez munduak su hartu zuen), aldizkariak, egunkari zatiak, argazkiak zein adierazpen politikoak daude. We Have Come Back (Itzuli gara) du izena bigarren lanak, eta artistak protesta abestien inguruan duen binilo bildumaren lagin bat da. Biek ala biek, zuzenean edo zeharka, PANAFekin dute zerikusia; Afrikako historia azaltzen duten liburuetatik hasi, eta Martin Luther Kingen diskurtsoetaraino.

Way of Life atalak (Bizimodua) hartzen du aretoaren parterik handiena. Sediraren Londresko etxeko egongelaren maketa bat da, benetako tamainan egina. Egongela baten askotarikotasunaz mintzatu da artista: «Jendea egotera gonbidatzen du egongela batek, festa egitera, hausnartzera, eztabaidatzera, irakurtzera, lasai egotera...». Eta PANAFen metafora gisa ere aurkeztu du, bertan ere edozer egiteko aukera dagoela argudiatuta. Egongelaren maketan sartuta, musika entzun daiteke; protesta abestien aukeraketa bat egin du egileak, beste artista baten laguntzaz.
Sediraren lanez gain, beste artista batzuen obrak ere topatu daitezke Standing Here Wondering Which Way to Go erakusketan. Festibalaren izaerari segika egin dute aukeraketa hori. Fabiano: «Elkartasun izpiritua dago bertan, eta, horregatik, beste artista batzuen lanak izatea interesgarria iruditu zaigu». William Klein, Jason Oddy, Nabil Djedouani eta Boubaker Adjali dira sortzaile horiek.