Zinebi: film besta bat mundutik Bilbora ekarria

Bihar hasiko da 67. Zinebi jaialdia, eta hilaren 28ra arte izanen dira filmak ikusgai. Pablo Bergerrek eta Esther Garciak jasoko dute Ohorezko Mikeldi saria.

Joan den urteko Zinebi jaialdiaren irekiera gala. ZINEBI
Joan den urteko Zinebi jaialdiaren irekiera gala. ZINEBI
Iratxe Muxika
2025eko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bildu daitezke 44 herrialdetako 156 film herrialde bakarrean; baita hiri berean ere: Bilbon. Pelikula bat dirudi, baina ez da hala. Bihar hasiko da Zinebi Bilboko dokumentalen eta film laburren nazioarteko jaialdia, eta hilaren 28ra arte izanen dira ikusgai mundu mailako ikus-entzunezko 156 proiektu. Horietatik 132 film laburrak dira, gehienez ere 30 minutuko iraupena dutenak, alegia; 30-60 minutu bitartekoak sei izanen dira, eta 60 minututik goitikoak, berriz, hemezortzi. Hona bertze datu bat: film horien zuzendarien artean, 78 emakumezkoak dira, eta 101 gizonezkoak. 41 dira denera euskal ekoizpeneko filmak: 33 labur, sei ertain eta bi luze. 

Bilboko Udalak antolatzen du Zinebi jaialdia, eta 67. aldia izanen du aurtengoa. 19:30ean eginen dute bihar irekiera ekitaldia, Arriaga antzokian, eta azaroaren 28an, aldiz, itxierakoa; orduan banatuko dituzte sariak. 

Eta sariei dagokienez, bi ataletan banatuko dituzte proiekzioak: Sail Ofiziala, batetik, eta gainerako lanak, bestetik. Sail Ofizialean lehiatuko ez diren proiekzioak Bertoko Begiradak eta Beautiful Docs sailetan kokatu dituzte nagusiki, baina bertze hainbat atal txikitan ere sailkatu dituzte lanak. 

Orain dela 25 urte hasi ziren festibalean Ohorezko Mikeldi saria banatzen, eta dagoeneko jakina da aurten zer bi artista omenduko dituzten. Batetik, Pablo Berger. Zinemagile bilbotarra da, eta hari emanen diote lehendabiziko Ohorezko Mikeldia, argudiatuta «filmografia koherente, arriskatu eta sakonki humanista baten egilea» dela. Gainera, Zinebiko antolatzaileek esplikatu dute «egunerokoan ezohikoa dena arakatu» egiten duela artistak, eta halako ibilbideek zinemaldiaren izpiritua «inspiratu» egiten dutela. 

Bertzetik, Esther Garcia omenduko dute, «Espainiako zinema garaikidean funtsezko figura eta zinema ekoizpenean erreferente ukaezina» delako, haien irudiko. Pedro Almodovarren kolaboratzailea da Garcia, baita El Deseo ekoiztetxeko arduradunetako bat ere. Joan den Donostiako Zinemaldian Donostia saria jaso zuen Garciak, eta Zinebik, bertzeak bertze, «zorroztasunagatik, sentsibilitateagatik eta duen bokazio sakonagatik» omenduko du.. Bergerrek bihar bertan jasoko du Ohorezko Mikeldia, irekiera galan; Garciak, berriz, itxiera galan jasoko du berea. 

Errekor bat hautsita

Sail Ofizialak 33 herrialdetako 58 film bilduko ditu: hemeretzi fikziozko film, hemeretzi dokumental eta animaziozko hogei film. Antolatzaileek erran dutenez, Alemaniako eta Frantziako konpainiek ekoitzitako edo koproduzitutako film laburrak nabarmenduko dira, eta errekorra egin dute inskripzioetan: 9.090 filmek eman dute izena. 

Zazpi kidek osatzen dute zinemaldiko programazio taldea: Ruben Corral programazio arduradunak, Alaitz Arenzanak, Ramon Ganuzak, Victor Iturregik, Laura Lazcanok, Aitziber Olaskoagak eta Marcos Urkijok. Eta bortz euskal ekoizpen eta koprodukzio hautatu dituzte Sail Ofizialerako: El cuerpo de Cristo (Bea Leman, 2025), Geratzen den hori (Aitor Gametxo, 2025), Habana industrial (Ainhoa Ordoñez, 2025), Le prime volte (Giulia Cosentino eta Perla Sardella, 2025) eta Ultramarino (Maren Zubeldia eta Silvina Gugliellmotti, 2025). 

Bortz euskal ekoizpen eta koprodukzio hautatu dituzte Sail Ofizialerako: El cuerpo de Cristo (Bea Leman, 2025), Geratzen den hori (Aitor Gametxo, 2025), Habana industrial (Ainhoa Ordoñez, 2025), Le prime volte (Giulia Cosentino eta Perla Sardella, 2025) eta Ultramarino (Maren Zubeldia eta Silvina Gugliellmotti, 2025)

Film laburrak dira denak, eta Nazioarteko Film Laburren Lehiaketan hartuko dute parte. Espainiako bost lan ere lehiatuko dira han: 09/05/1982, La durmiente, El ensayo, Mal de madre, eta The Rock Speaks. Kataluniako lan bat ere izango da lehian, La desesperaciĂ³ de la pell; baita Galiziako bat ere, Mon autre maman izenburukoa. Eta are urrunago ekoitzitako bertze hauek ere bai: As if to Nothing, Singapurren sortua; A Very Straight Neck, Suitzako Locarno Zinemaldian saritutako filma; Slet 1988, Serbian egina; Late Harvest alemaniarra; eta palestinar jatorriko zinemagile eskoziarraren The Flowers Stand Silently, Witnessing. 

Horietatik guztietatik bakarrak jasoko du saria —83.000 eurokoa, hain justu—, eta espresuki horretarako sortutako epaimahaiak hartuko du erabakia. Bortz kide arituko dira horretan: Ramia Beladel marokoarra, Callisto McNulty frantziarra, Norika Sefa kosovarra, Daniel Sjulic kroaziarra, eta Santiago Tabernero espainiarra. 

Baina dena ez da Sail Ofiziala, eta badira makina bat proiektu hortik kanpo emanen direnak. Bertoko Begiradak atalak, kasurako, «tokiko zinemagileen kezka tematiko eta formalen panoramika zabala» aurkeztuko du, eta, horretarako, bortz film luze dokumental eta 33 film labur aukeratu ditu programazio taldeak. Aktibismo feminista, memoria artistikoa eta herri kulturaren historia hurbila jorratzen dutela argudiatuta, honako bortz hauek proiektatuko dituzte: LlĂ¡mame Sinsorga (Marta Gomez eta Paula Iglesia), Petrus (Helena Bengoetxea), Txillarreko sukaldaria (Asier Ibaibarriaga eta Edurne San Martin), Eloy de la Iglesia, adicto al cine (Gaizka Urresti) eta Akelarre: marearen kontra (Xabier Zabala eta Carlos Iglesias).

Hiru sari berri

Aurten sail horretan bertan hiru sari lortzeko aukera izanen dute parte hartzaileek estreinako aldiz. Batetik, EITBk emango duen Publikoaren saria, 3.000 eurokoa; bertzetik, Epaimahai Gaztearen saria, 2.000 eurokoa; eta, azkenik, Mirentxu Loiarte saria, 2.000 eurokoa. Azken sari horrekin omenaldia egin nahi izan diote nafar zinemagile aitzindariari. 

Beautiful Docs atalak, berriz, bederatzi film luze bilduko ditu, guztiak ere Euskal Herritik kanpo ekoitziak. Zinemaldiko antolatzaileek erran dute «dokumental garaikidearen aniztasuna» erakusten dutela film horiek, eta «begirada politikoaren, memoria intimoaren eta esplorazio formalaren erakusle» direla. Palestinatik, Belgikatik, Espainiatik, Italiatik, Portugaldik, Frantziatik, Suitzatik, Alemaniatik eta AEBetatik etorritako dokumentalak dira, eta With Hasan in Gaza obra palestinarra emanda irekiko dute saila. 

Irekiera ekitaldia eta itxierakoa Arriaga antzokian izanen badira ere, filmak hiriko hainbat aretotan proiektatuko dituzte, hala nola Guggenheim museoan, BBK Salan, As Fabriken, Golem-Alhondiga zineman eta Azkuna Zentroko auditoriumean. Bi aukera daude sarrerak erosteko: proiekzio bakar baterako sarrera erostea, edo bonua erostea hamar emanaldi ikusteko. Zinebik, gainera, hogei euroko bonu bereziak eskainiko ditu langabetuentzat eta erretiratuentzat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.