'Le Skylab'
Zuzendaria: Julie Delpy. Aktoreak: Lou Alvarez, Julie Delpy, Eric Elmosnino, Aure Atika, Noemie Lvovsky, Bernardette Lafont, Emmanuelle Riva, Vincent Lacoste, Marc Ruchmann, Sophie Quinton. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2011. Iraupena: 91 minutu.Iazko Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zuen Julie Delpy aktore eta zuzendari frantziarrak 70eko hamarkadan girotutako film koral hau. Albertinek gaztetan Bretainiara egin zuen bidaia gogoratuko du: familia osoa elkartu zen amonaren etxetzarrean. Ordukoak egun ahaztezinak izan ziren Albertinerentzat, besteak beste, amodioaren garra deskubritu zuelako. Horrekin batera, filmak garai hartako gizartearen erretratua izan nahi du, eta orduko egoera sozio-politikoaren ispilu. Skylab espaziontzi estatubatuarrak Lurrera erori behar duen urtean gertatu zen hori guztia.
'Madagascar 3: Europa's Most Wanted'
Zuzendaria: Eric Darnell. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 85 minutu.Ice Age laugarrenera ailegatu da, eta Madagascar, berriz, hirugarrenera. Animazio zinemaren klasiko txikia da jada Eric Darnellek 2005ean abiarazi zuen saila; oraingoan, hiru dimentsiotako formatura egin dute jauzi protagonistek. Bigarren filmean, Afrikara ihes egin zuten New Yorkeko zoologikoan gatibu egondako animaliek. Orain, berriz, New Yorkera itzuli nahiko dute, baina biderik zuzenena aukeratu beharrean Europatik pasatzea erabakiko dute. Han, Chantel Dubois kapitainaren atzaparretatik ihes egin beharko dute, eta zirku batean aurkituko dute Alexek eta lagunek ezkutalekurik onena. Ohikoa den moduan, aktore ezagunek jarri diete ahotsa animazioei; Ben Stillerrek, Chris Rockek eta Frances McDormandek, besteak beste.
'Terraferma'
Zuzendaria: Emanuele Crialese. Aktoreak: Filippo Pucillo, Donatella Finocchiaro, Giuseppe Fiorello, Claudio Santamaria, Francesco Casisa. Herrialdea: Italia. Urtea: 2011. Iraupena: 88 minutu.Siziliatik gertu dagoen irla txiki batean bizi da Filippo gaztea, aitonarekin eta ama alargunarekin. Betidanik arrantza izan dute bizibide nagusia, baina, gaur egun, inor ezin da horri esker bizi, eta, horregatik, beste nolabait egin beharko dute aurrera bertakoek. Turismoa da zabaltzen ari den aukera berria: Filippok eta familiak bisitariei etxea alokatzea erabakiko dute. Baina turismoa ez da irla txikian gertatzen ari den aldaketa bakarra; horrekin batera, pateretan etorkinak hasi dira ailegatzen. Crialesek idatzi eta zuzendu zuen pelikula honek epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen Veneziako Zinemaldian, eta arrakasta dezentekoa izan du Italian.