'Conviction'
Zuzendaria: Tony Goldwyn. Aktoreak: Hillary Swank, Sam Rockwell, Juliette Lewis, Minnie Driver, Melissa Leo. Herrialdea: AEB.Urtea: 2010. Iraupena: 107 minutu.Nola maite dituzten estatubatuarrek benetako istorioetan oinarritutako filmak! Oraingoan Betty Anne Waters dugu portagonista. 1983an, Kenny anaia kartzelan sartu zuten, egin ez zuen hilketa batengatik. Bettyk 28 urte zituen, taberna batean egiten zuen lan, eta banandua zegoen, bi semerekin. Egoera horretan, zuzenbide ikasketak egin eta kasuaz arduratu zen, 2001ean anaia errugabea zela erakutsi arte. Nolabait, Erin Brockovich eta Hurricane Carter uztartzen ditu filmak, eta Julia Robertsen eta Denzel Washingtonen inbidiarik ez dute Hillary Swankek eta Sam Rockwellek. Adi baita bigarren mailako aktoreei ere, Oscarraren disdira hurbiletik ikusi duten emakumeak baitira Driver, Leo eta Lewis.
'Cedar Rapids'
Zuzendaria: Miguel Arteta. Aktoreak: Ed Helms, John C. Reilly, Anne Heche, Isiah Whitlock Jr., Sigourney Weaver. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 86 min.Tim Lippe Iowara doa bere enpresaren izenean, seguru saltzaileen konbentzio batera. Han egin beharrekoak zer diren ondo jakin gabe, zein baino zein bereziago diren hiru lankidek euren laguntza eskainiko diote Timi, eta horrek eguneroko asperduratik aldentzea eta bizitzaz gozatzea zer den ezagutuko du. Judd Apatowk erakutsi zuen lizunkeria ez dela soilik nerabeen kontua, eta film honek berresten du indie komedia berriaren formula Hollywooden egonkortu dela. The Hangover (2009) arrakastatsuan eragindako barreak berriro lortzen saiatuko da Ed Helms, eta, horretarako, bidelagun ezinhobea jarri diote alboan, bigarren mailako aktore eternoen artean komedianterik onenetakoa den aktorea, John C. Reilly.
'Dast Ende ist mein Anfang'
Zuzendaria: Jo Baier. Aktoreak: Bruno Ganz, Elio Germano, Erika Pluhar, Andrea Osvart, Nicolo Fitz-William Lay. Herrialdea: Alemania. Urtea: 2010. Iraupena: 98 minutu.Tiziano Terzani XX. mendeko gerra berriemaile garrantzitsuenetako bat izan zen. La fine é il mio inizio (Amaiera da nire hasiera) testamentu-liburuan, seme Folcorekin izandako elkarrizketen bidez, bere bidaiak eta bizipenak idatzita utzi zituen. Liburu arrakastatsu hura oinarri hartuta, Terzanik bizitzaren gainean zuen ikuskera eta filosofia erakusten du Jo Baierrek zuzendutako filmak, kazetariak Toscanan eman zituen azken egunak erretratatuz. Der untergang (2004) sinesgarrian Adolf Hitlerren desesperazioa inork ez bezala antzeztu bazuen Bruno Ganz aktoreak, orain bizitzan bizi beharreko guztia esperimentatu izanaren lasaitasunez heriotzari aurre egin zion gizona erakutsiko digu lan berri honetan.