Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Insidious'

Zuzendaria: James Wan. Aktoreak: Patrick Wilson, Rose Byrne, Barbara Hershey, Ty Simpkins, Andrew Astor, Lin Shaye. Herrialdea: AEB. Urtea: 2010. Iraupena: 102 minutu.

Azken urteotan, beldurrezko generoaren barruan izan diren bi sail arrakastatsuenetakoak Saw eta Paranormal Activity izan dira. Bataren sortzaileak eta bestearen ekoizleak elkartu, eta Insidious hau sortu dute, generoa irauli nahi duen pelikula. Orain artean, esperimentuak emaitza ona izan duela dirudi, AEBetan kritika nahiko onak eta ikusle mordoa lortu baititu. Zuzendari lanetan, lehenengo Saw aritu zen James Wan dago. Josh eta Renai senar-emazteek nahiko bizimodu zoriontsua dute beren hiru seme-alabekin. Dena aldatzen da haietako batek istripu larria izan eta koma egoeran gelditzean. Hortik aurrera, bizi diren etxean gauza harrigarriak gertatzen hasten dira, eta zientzialariek ez dute haientzako azalpen logikorik aurkitzen.

'My Soul to Take'

Zuzendaria: Wes Craven. Aktoreak: Max Thieriot, Denzel Whitaker, Frank Grillo, Zena Grey, Danai Jekesai Gurira. Herrialdea: AEB. Urtea: 2010. Iraupena: 107 min.

Scream-en laugarren partea egin aurretik, beldurrezko beste film hau egin zuen Cravenek, eta hau ere orain estreinatzea erabaki dute ekoizleek. Zinemagile estatubatuarrak hain gogoko dituen aurrekontu baxuko film horietako bat da. Riverton herrixkan kondaira beldurgarri bat kontatzen dute: garai batean hiltzaile bat ibili zen han, eta hil zutenean mendeku bila itzuliko zela iragarri zuen. Hain zuzen, bere heriotzaren egunean jaio ziren zazpi haurren kontra eginen zuen, nonbait horietako batean haragituko baitzen. Bug gaztea da gau horretan jaio zen zazpietako bat.

'Diary of a Wimpy Kid 2: Rodrick Rules'

Zuzendaria: David Bowers. Aktoreak: Zachary Gordon, Devon Bostick, Robert Capron, Steve Zahn, Rachael Harris. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 96 minutu.

Jeff Kinney egilearen eleberri grafiko ezagunean oinarritzen da pelikula sail hau. Hain zuzen, honako honek Wimpy Kid pertsonaiaren bigarren liburua du ardatz, eta iaz Thor Freudenthalek zuzendu zuen lehen filmari segida ematen dio. Kakati esaten diote Greg Heffleyri; ikastetxean denek trufa egiten diote. Baina torturatzaile nagusia etxean bertan du: anaia nagusia da. Ikasturte berria hastearekin batera, Gregen gurasoak bi anaien arteko giroa hobetzen saiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.