Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun

'The Dillemma'

Zuzendaria: Ron Howard.

Aktoreak: Vince Vaughn, Kevin James, Jennifer Connelly, Winona Ryder, Channing Tatum, Queen Latifah, Amy Morton. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011.

Iraupena: 112 min.

Nortasun handirik ez du Ron Howarden estiloak, baina ukaezina da zuzendari eraginkorra dela. 80ko hamarkadatik lan komertzial arrakastatsuak egin ditu: 1, 2, 3.. Splash (1984), Cocoon (1985), Willow (1988), Apollo XIII (1995)... Hollywood oso esker onekoa da, eta lau Oscar sari oparitu zizkion 2001ean, A Beautiful Mind pelikula eskasagatik. Dan Brown idazlearen The Da Vinci Code (2006) eta Frost/Nixon (2008) egin ostean, komedia bat egin behar zuela esan zioten, eta zintzo demonio bete zuen agindua. Ronny (Vince Vaughn) eta Nick (Kevin James) aspaldiko lagunak dira. Ronny Genevarekin (Winona Ryder) dago ezkonduta. Halako batean, Nickek bere lagunaren emaztea beste batekin ari dela jakingo du, eta zalantza sortuko zaio: esan behar al dio lagunari dakien guztia?

'Arthur'

Zuzendaria: Jason Winer.

Aktoreak: Russell Brand, Helen Mirren, Jennifer Garner, Greta Gerwig, Nick Nolte, Luis Guzman. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 110 minutu.

Steven Gordonek jatorrizko Arthur zuzendu zuen 1981. urtean, Dudley Moore eta Liza Minnellirekin. Ez zen aparteko pelikula bat; akaso horregatik, bi Oscar sari eskuratu zituen. Orain norbaitek pentsatu du 30 urte denbora asko dela, eta remake bat egitea proposatu diote Wineri. Arthur aberaskumea nahi duen erara bizi da, gehiegikerietan itota: festak, sexua, alkohola... Herentzia handi bat jaso behar du Arthurrek, baina, horretarako, ezinbesteko baldintza bat bete beharko du: ezkondu egin behar du. Horretan saiatuko da Arthur, baina, jakina, ordura arteko bizimodua guztiz aldatu beharko du.

'Gianni e le donne'

Zuzendaria: Gianni di Gregorio.

Aktoreak: Gianni Di Gregorio, Aylin Prandi. Herrialdea: Italia. Urtea: 2011.

Iraupena: 100 minutu.

Pranzo di ferragosto izeneko komedia xumea egin zuen duela bi urte Gianni di Gregoriok, eta ustekabean dezenteko arrakasta lortu zuen filmak Europako hainbat herrialdetan. Zuzendaria, aktorea eta gidoilaria da Di Gregorio; besteak beste, Roberto Savianoren liburuan oinarrituriko Gomorra pelikula ezaguneko gidoilarietako bat izan zen. Berriro ere, haren alterego-a da filmeko protagonista nagusia. Trastevere auzoan bizi den erretiratu baten rola hartuko du, eta inguruan dituen emakumeekiko harremana nolakoa den kontatuko du, komedia giroan: emaztea, alaba, ama, auzokideak... Filma aurtengo Berlinalen aurkeztu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.