Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun

'Año bisiesto'

Zuzendaria: Michael Rowe. Aktoreak: Monica del Carmen, Gustavo Sanchez Parra, Armando Hernandez, Diego Chas, Jaime Sierra, Marco Zapata.Herrialdea: Mexiko. Urtea: 2010. Iraupena: 94 minutu.

Dudarik ez da; azkenaldiko kartelik esplizitoena du film mexikar honek. Eta, nola bestela, polemiko adjektiboarekin batera ailegatu da gurera Año bisiesto, erotismoz beteriko filma delako eta, besteak beste, sadomasokismoaren gaia jorratzen duelako. Cannesko zinemaldian aurkeztu zuten, eta sari garrantzitsu bat eskuratu zuen, Urrezko Kamera. Laura Oaxacako neska gazte bat da, hiriburura egitea erabakiko duena. Apartamentu txiki batean bizi da, nahiko bakartuta. Noizbehinkako maitaleren bat sartuko da haren etxean, baina, gainerakoan, anaia gaztea besterik ez. Egun batean, Arturo ezagutuko du, eta, harekin, masokismoa zer den deskubrituko du.

'No tengas miedo'

Zuzendaria: Montxo Armendariz. Aktoreak: Michelle Jenner, Lluis Homar, Belen Rueda, Elvira Minguez, Elisa Matilla, Oona Chaplin, Nuria Gago, Ruben Otxandiano. Herrialdea: Euskal Herria. Urtea: 2011. Iraupena: 106 min.

Gehiegikeria sexualak pairatu dituztenen inguruko jakin-minak eraginda egin du azken film hori Montxo Armendariz nafar zuzendariak. Ez da dokumental bat, baina ikerketa lan luze baten ondoren ailegatu da gure pantailetara. Berriro ere, Nafarroako hainbat tokitan filmatu du Odietako zuzendariak. Istorioan Silvia ageri da; iragan iluna du. Orain kontatu nahi ez dituen gauza gogor eta gordinak jasan behar izan zituen haurtzaroan. 25 urte dituela, iraganari lotzen duten gauzekin eta pertsonekin apurtu nahiko du. Heldutasunera ailegatu nahi du, ahaztu gabe baina horretan iltzatuta gelditu gabe.

'Tokio Blues'

Zuzendaria: Tran Ahn Hung. Aktoreak: Ken'ichi Matsuyama, Rinko Kikuchi, Tetsuji Tamayama, Kiko Mizuhara, Kengo Kora, Reika Kirishima. Herrialdea: Japonia. Urtea: 2010. Iraupena: 133 minutu.

Haruki Murakami japoniarra modako idazle bihurtu da azken urteotan; bereziki, hainbat gizarte talderen barruan. Film hori haren eleberririk famatuenean dago oinarrituta; orain Murakamiren jarraitzaileek esan beharko dute egokitzapen ona den ala ez. Berez, filma Japoniakoa den arren, zinemagile vietnamdarbatek zuzendu du. Besteak beste, Xich Lo eta Mùi du du xanh filmen egilea da Ahn Hung. Toru Wanabate da istorioko protagonista, Hamburgoko aireportura ailegatzearekin, The Beatlesen Norwegian Wood abesti ezaguna entzunen du bozgorailuetan. Horrekin, denboran atzera egin eta gaztaroko hainbat pasarte gogoratzeari ekinen dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.