Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun

'Potiche'



Zuzendaria: François Ozon. Aktoreak: Catherine Deneuve, Fabrice Luchini, Gerard Depardieu, Jeremie Renier, Sergi Lopez, Judith Godreche. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2010. Iraupena: 103 minutu.

Sailkaezina da guztiz François Ozonen filmografia. Komediatik dramara erraztasun handiz egiten du salto, eta, batzuetan autore gisa agertu nahi du, baina beste batzuetan ongi pasatzeko film arinak egiteko gai da. Honakoa bigarren talde horretakoa da. Berez, potiche apaingarri gisa baliatzen diren gauzetarako erabiltzen ohi den hitza da, baina, modu iraingarrian, deusetarako balio ez duen pertsonari ere esan ohi zaio. Suzanne familiari emana bizi den emakumea da, familia burges bateko kidea. Senarra Robert Pujol enpresaria da, emaztea modu zakarrean tratatzen duena. Halako batean, senarra bahituko dute, eta Suzannek bere gain hartu beharko du negozio guztien ardura. Askoren harridurarako, nortasun handiko pertsona dela erakutsiko du.

'There Be Dragons'



Zuzendaria: Roland Joffe. Aktoreak: Charlie Cox, Wes Bentley, Dougray Scott, Unax Ugalde, Olga Kurylenko, Pablo Lapadula, Golshifteh Farahani, Ana Torrent. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 93 min.

Zurrumurruei eta film honi buruz zabaldu diren aipamen maltzurrei kasu eginez gero, honakoa Opus Deik bere irudia zuritzeko prestatu duen marketin kanpainaren atal nagusietako bat da, Camino film espainiarrak egin zion kalteari eman nahi dion erantzuna. Honaino esamesak. Kontua da filma Opus Deiko sortzaile Escriva de Balaguerren inguruko biopic-a dela, ez modu zuzenean emana, zeharka kontatua baizik. Izan ere, Robert da protagonista, Londresen bizi den kazetaria. Aita hilzorian du, eta, ataka horretan, aita eta kanonizatu behar duten Escrivaren arteko lotura ikertzen hasiko da. Bere onena eman duela badirudi ere, merezi du gogoan izatea Joffek 1980ko hamarkadako bi film garrantzitsu egin zituela, The Killing Fields eta The Mission.

'Piranha 3D'



Zuzendaria: Alexander Aja. Aktoreak: Elisabeth Shue, Adam Scott, Ving Rhames, Richard Dreyfuss, Eli Roth, Jerry O'Connell, Ricardo Chavira. Herrialdea: AEB. Urtea: 2010. Iraupena: 89 minutu.

Gremlins egin aurretik, Joe Dantek kultuko pelikula bat egin zuen Roger Cormanen laguntzaz. 1978. urtean izan zen, eta film horren remake-a da Piranha 3D. Gaurkotze nagusia da arrain beldurgarriek eginen dituzten triskantzak hiru dimentsiotan ikusteko aukera dagoela. Gainerakoan, garai horietan egiten ziren aurrekontu baxuko Jaws-en gisako pelikulei omenaldi txikia egin nahi izan die Alexander Aja zinemagileak. Normalean Victoria lakua nahiko leku lasaia izan ohi da, baina urtean behin inguruko gazte guztiak bertan elkartzen dira, festa basati bat egiteko. Oraingoan ere hala izanen da, baina lurrikara batek itxita zegoen tunel baten irteera irekiko du eta bertatik izua zabaltzen hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.