Areto komertzialetara ailegatu aurretik zenbait jaialditan ibilbide luze samarra egina du Bon appétit filmak. Zurich, Tolosa (Frantzia), Malaga (Espainia) eta Valladolidekoan aurkeztu dute. Horietatik Malagakoan lortu du harrerarik beroena. Espainiako zinemari eskainitako jaialdi horretan hainbat sari jaso zituen, eta horien artean Unax Ugaldek aktore onenaren saria eskuratu zuen. Horrez gain, epaimahaiaren sari berezia eta gidoia onenarena irabazi zituen.
Gasteiztarra da ingelesez filmatu den komedia erromantiko honetako protagonista. Daniel izeneko sukaldari batena egiten du. Halako batean aukera ezin hobea sortuko zaio: Zuricheko Thomas Wackerle jatetxe ezagunean lan egiteko aukera. Ez du bitan pentsatuko, eta Suitzako hirira abiatuko da. Jakin badaki gogorra izanen dela esperientzia, baina era berean bere buruan konfiantza handia du.
Suitzan berehala erakutsiko du bere balioa, eta horrek Wackerlen gora egiteko balioko dio. Bere ametsa betetzeko gertu da Daniel, baina bestelako kontuak agertuko zaizkio bidean. Jatetxean lan egiten duen Hanna somelierrarekin duen adiskidetasuna konplikatzen hasiko da. Egun batean musu bat emanen diote elkarri, eta hortik aurrera Danieli, izatez nahiko hotza den arren, dena gar kontrolaezina sortuko zaio barnean.
David Pinillosen lehen film luzea da. Orain arte muntatze lanetan aritua da Pinillos, eta zuzendari espainiarrak esan du bere pelikula elkarri musukatzen duten lagunen inguruko istorio bat dela. Filma Espainia eta Suitza arteko koprodukzio bat da, eta gehienbat Zurichen dago filmatuta.
'BON APPéTIT'
Zuzendaria: David Pinillos. Aktoreak: Unax Ugalde, Nora Tschirner, Guilio Berruti, Herbert Knaup.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2010.
Iraupena: 90 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
ZINEMA. ESTREINALDIAK. Musuak eta adiskidetasuna
'Bon appétit' komedia egin du David Pinillos zuzendari espainiarrak, Unax Ugalde protagonista duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu