Emakumezko zinemagileen lanak ikusaraztea eta lan horren balioa onartzea da Zinemakumeak gara-ren helburua, eta aurten, erakusketaren 18. aldian, aitzindariak omenduko ditu. Hartara, gaurtik igandera bitartean, Ida Lupino, Maya Deren eta Agnes Vardaren film bana proiektatuko dute, besteak beste, Bilboko BBK aretoan. Lotte Reinigerren, Europan ekoitzitako animazioaren aitzindariaren ilustrazio, testu eta argazkien erakusketa bat ere egongo da ikusgai bertan, egunotan.
Vardaren (1928) Cléo de 5 à 7 1962ko pelikulak irekiko du zikloa, gaur, 20:15ean. Nouvelle vaguearen amona deitu zioten adituek, eta bera izan zen aurrenetako bat zinema feminista egiten.
Zuzendari modura baino gehiago, aktore gisa egindako lanagatik da ezaguna Ida Lupino (1918-1995). Haren The Hitch-Hiker (1953) proiektatuko dute bihar 20:25ean. Martin Scorseseren ustez, «benetako aitzindaria» izan zen. Hala, hainbat zinematekak eta museok atzera begirakoak eskaini izan dituzte haren filmekin.
Maya Derenek (1917-1961) 26 urte besterik ez zuen Meshes of the Afternoon filmatu zuenean. Kritikarien iritziz, AEBetan ekoitzitako underground zinemaren sustatzaileetako bat izan zen. Aipatutako filma etzi proiektatuko dute, 21:15ean. Aurretik, La cultura es la base del progreso hitzaldia emango du Rosa Regasek (19:30).
Gainera, etzi izan ezik, egunero emango dute emakumezkoek egindako film laburren sorta bat.Erakusketaren 18. aldia larunbatean amaituko da, Haizea G. Vianak eta Marta Onzaik emango duten Nuevas plataformas de difusión cinematográfica hitzaldiarekin (19:00).
'Zinemakumeak gara' erakusketak aitzindariak omenduko ditu
Maya Deren, Ida Lupino eta Agnes Vardaren film bana emango dute gaurtik larunbatera, Bilboko BBK aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu