Eusko Jaurlaritzak 2011n Donostiako Zinemaldiarentzako laguntza 60.000 euro murrizteko asmoa duela-eta Odon Elorza Donostiako alkateak ohartarazi du, baldin eta jaialdia babesten duten lau erakundeek diru laguntzak jaitsiz gero, Zinemaldia arriskuan legokeela.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengorako 150.000 euro gutxiago eman zituen -850.000 euro denera-, eta 2011n kopuru bera emango duela aurreratu du. Jaurlaritzari murrizketarik ez egiteko eskatu dio Elorzak -miloi bat euro bideratzen du hark-.
"Zinemaldia herriaren helburu estrategikoa da", alkatearen iritziz, eta azaldu du lehen ere egin dituztela egokitzapenak krisiagatik. Esate batera, aurten ere jaialdiak ohi baino egun bat gutxiago eduki du. Mikel Olaziregi Zinemaldiko orain arteko zuzendariak irailean gogoratu zuen 2007tik aurrekontua %15 jaitsi dela; milioi bat euro.
Jaurlaritzak eta Aldundiak ez ezik, Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak laguntzen dute diruz. "Zinemaldiak, sikiera, aurrekontu egonkorra behar du", Elorzak gaur esan duenez. "Jokoan dugunaren jakitun izan behar dugu".
kultuRA
Zinemaldia arriskuan?
Odon Elorza Donostiako alkateak erakundeei ohartarazi die diru laguntzak ez murrizteko. Jaurlaritzak 2011n 60.000 euro gutxiago emateko asmoa dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu