HILBERRIA. Diego Galan

Zinemaldia lehen mailara eraman zuena

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
mikel lizarralde
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Zinemari modu estuan lotutako bizitza izan zen Diego Galanena (Tanger, Maroko, 1946). Zinema kritikaria izan zen, baita gidoigilea eta zuzendaria ere, baina Euskal Herrian behinik behin, Donostiako Zinemaldiaren gidaritzan egin zituen urteek egin zuten ezagun. Bi alditan zuzendu zuen zinema jaialdia (1986-1989 eta 1995-2000), baina urte horietatik kanpo ere oso harreman estua izan zuen harekin. Horren isla dira Jack Lemmon nunca cenó aquí (Jack Lemmonek ez zuen inoiz hemen afaldu) zinemaldiari lotutako pasadizoak biltzen dituen liburua, eta baita Una historia de Zinemaldia, jaialdiaren historia hamabost ataletan laburbildu zuen telebistarako saioa. Atzo hil zen, 72 urterekin.

Galan Tangerren bizi izan zen 19 urte bete arte, eta gero, Madrilera lekualdatu zenean, hasi zen gidoilari eta zuzendari laguntzaile lanak egiten. 1967an, berriz, zinema kritikak idazten hasi zen Nuestro Cine aldizkarian —gerora, Triunfo agerkarian eta El País egunkarian aritu zen—, eta bere lehen film laburrak egin zituen.

Espainiako zinema izan zuen bere ikerketa lanaren ardatz, eta hainbat liburu monografiko idatzi zituen Fernando Fernan Gomez, Pilar Miro, Emiliano Piedra, Luis Garcia Berlanga eta Fernando Reyri buruz.

Donostiako Zinemaldira, berriz, 1985ean iritsi zen, aholkulari gisa. Hurrengo urtean zuzendari izendatu zuten, eta jaialdiak, aurreko urteetan galdutako A kategoria berreskuratzearekin batera, eraldaketa handia izan zuen barne antolaketan. Hain zuzen ere, 1986an jaso zuen Gregory Peckek lehen Donostia saria, gerora zinemaldiaren saririk garrantzitsuenetako bilakatu dena.

1989an utzi zuen Zinemaldia, baina 1993an itzuli zen, Manuel Perez Estremeraren aholkulari gisa. Bi urte egin zituen, eta 1995ean berriro izendatu zuten zuzendari. 2001era bitartean gidatu zuen jaialdia, eta gaur egun jaialdiaren nortasun zeinuak direnak ezarri zituen tarte horretan.

Joan den urtean, Espainiako Zinema Akademiak Urrezko Domina eman zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.