Donostiako 73. Zinemaldia

Alice Winocour: «Benetan, bizitzaren hauskortasunaz hitz egiten du nire filmak»

Zinemagileak 'Couture’ aurkeztu du Sail Ofizialean. Modaren Parisko Astean girotu du, eta hainbat emakumeren bizitzak elkarren artean josi ditu. Angelina Jolie aktorea da protagonistetako bat, eta jaialdian ikusmin handia sortu du haren iritsierak.

Angelina Jolie aktorea eta Alice Winocour zinemagilea, Donostian, 'Couture' filmaren aurkezpenean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Angelina Jolie aktorea eta Alice Winocour zinemagilea, Donostian, 'Couture' filmaren aurkezpenean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko irailaren 21a
22:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusmin handia sortu du Angelina Jolie aktore estatubatuarraren iritsierak Donostiako Zinemaldian, igande iluntzean. Lepo bete dituzte alfonbra gorriaren ertzak zaleek, eta ilara luzea sortu dute kazetariek prentsa aretoaren atarian, Alice Winocourrek Sail Ofizialeko lehian erakutsi duen Couture filmaren aurkezpenerako ordubetetik gora falta zela. Joliek jokatu du rol nagusietako bat zinemagile frantziarraren pelikula berrian, eta ekoizle ere aritu da. Eta hari zuzendu diote galdera gehien aurkezpenean.

Lehena, zer eman dion berari filmean parte hartu izanak. Jolie: «Gauza asko eman dizkit. Lehena, Alicerekin egin dudan harreman estua eta istorioarekin izan dugun lotura partekatua; beraz, zinematik harago doan zerbait da. Film honetan parte hartzea sendagarria izan da». Sentipen bera agertu du zuzendariak ere, Jolierekin jositako harremana berezia izan dela iritzita: «Ni bere pertsonaiaren bidaiaren barruan sentitu naiz film osoan. Ospitaleetako mundua bizi izan dut, zeinetatik bizitzari beste ikuspegi batetik begiratzen diozun. Gau batez, ospitaletik atera, eta Modaren Astearen glamour guztia ikusi nuen inguruan, eta kalean galduta zebilen Sudango neska gazte batekin egin nuen topo. Berehala konektatu nuen harekin, eta uste dut pelikulak horri buruz hitz egiten duela: mundu desberdinetatik datozen eta elkarrekin konektatzen duten emakumeez. Horrela sortu zen ideia».

Hain zuzen, Parisko Modaren Astearen zurrunbiloan girotu du Winocourrek filmaren kontakizuna. Hara film bat aurkeztera joan da Maxime zinema zuzendari estatubatuarra (Jolie), eta bertan jakinaraziko diote minbizia duela. Ada modelo hegosudandar gaztea ere (Anyier Anei) Parisera iritsi da; modaren munduan sartu berria da, eta bertan moldatzen ikasi beharko du. Angele makillatzailea ere (Ella Rumpf) argazki saio eta desfile batetik bestera dabil, fokuetatik kanpoko lanetan, baina tarte bat duen bakoitzean idazketan aritzen da, hori baita benetan egin nahiko lukeena. Eta Christine jostun gazteak (Garance Marillier) bere bakarkako lehen lanaz, soineko dotore bat josteaz arduratu beharko du. Munduko tragediekin eta norbere bizitzako arazoekin borrokan ari diren bitartean gurutzatuko dira emakume horien bizitzak.

Proxima (2019) bere hirugarren filmarekin Zinemaldian izan zen zuzendaria, eta Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen. Torontoko jaialdian aurkeztu ondotik ekarri du Couture Donostiara, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartu da berriro. Zuzendariarekin eta aktoreokin denekin batera, Louis Garrelek ere parte hartu du filmaren aurkezpenean. Eta haiekin guztiekin egindako lanaz mintzatu da Winocour. «Angelinak gauzak egiteko eta pentsatzeko bere modua dauka, errebeldea da, eta benetan miresten dut nola ematen duen dena bere pertsonaia sortzeko. Hauskortasuna erakustea, atzean dagoena erakustea, akzio eszenak egitea baino zailagoa da askotan. Zeren hau ez da emakumeen minbiziaren inguruko film bat: emakume jakin honen prozesuaren eta beste emakume hauen guztien inguruan ari gara. Eta Angelinak lan handia egin zuen zaurgarritasun hori erakusteko».

Joliek azaldu du berak ere minbiziari lotutako prozesu bat bizi izan zuela; ama eta amona gazte galdu zituela, eta berak gene bera zuela jakitean mastektomia bikoitz bat egitea erabaki zuela. «Nire hautua hori izan zen. Ez dut esan nahi mundu guztiak hala egin beharko lukeela, baina bai garrantzitsua dela hautatzeko aukera izatea, edonork ez baitu. Gauza asko daude esateko gai honen inguruan. Emakumeen minbiziek eragina dute emakume bezala sentitzen garen moduan, eta, hortaz, garrantzitsua da ulertzea film honek erakusten duen bidaia». 

Adaren pertsonaia Anyer Aneiren benetako bizipenetan oinarrituta sortu zuen zuzendariak, eta haren lehen lana izan da zineman. Aktoreak nabarmendu du lehen filma dela modaren industria emakume afrikar baten ikuspegitik erakusten duena, eta oso berezia dela berarentzat horregatik. «Gerran dagoen eremu batetik ateratzen zarenean, nire kasuan Hego Sudandik, oso gogorra izan daiteke modarena bezalako mundu kaotiko eta erraldoi batean sartzea, nahiz eta jendea ez den jabetzen. Eta horretaz hitz egiten du filmak Adaren istorioarekin».

Pelikularen kontakizunaren haritik, mezu bat ere utzi du zinemagileak: «Munduko beste emakume batzuekin konektatu dezakegu, eta esan: 'Ez zaudete bakarrik. Emakume guztiok elkarrekin indartsuak izan gaitezke'». Eta hori agertzeko, modaren mundua metafora gisa baliatu duela gaineratu du: «Ez da modari buruzko film bat; benetan, bizitzaren hauskortasunaz hitz egiten duen film bat da. Moda bizitza islatzeko metafora huts bat da pelikulan, zure zauriak ezkutatzeko duzun moduaren metafora bat».

Garai «zailengatik» kezka

Gaur egun bere herrialdeak bizi duen egoeraz ere galdetu diote aktore estatubatuarrari, eta tarte bat hartu du erantzuna pentsatzeko. «Oso galdera zaila da. Izan ere, nire herrialdea maite dut, baina momentu honetan ez dut ezagutzen; oraintxe ezin dut. Beti bizi izan naiz nazioartean; nire familia nazioartekoa da, nire lagunak, nire mundu ikuspegia... Pertsonen adierazpena edo eskubideak zatitzen edo mugatzen dituen edozer gauza, edonon, oso arriskutsua da, eta esaten denarekin kontuz ibili beharreko garai serioak, garai zailak dira hauek. Guztiok elkarrekin garai oso zailak ari gara bizitzen». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.