Ez du lehen aldia jaialdian, baina Hynur Palmason artista eta zinemagile islandiarrak (Hornafjordour, 1984) era batean baino gehiagotan hartu du parte aurten Donostiako Zinemaldian. Bi film erakutsi ditu pantaila handian —The Love that Remains (Perlak) eta Joan of Arc (Zabaltegi-Tabakalera)—, eta, bere ikus-entzunezko lana ez ezik, beste lan batzuk ere —eskulturak, argazkiak— biltzen dituen erakusketa bat du ikusgai Tabakaleran. Zinemagintzak egin du ezagun nazioartean, baina ikusizko arteetan hasi zuen ibilbidea. «Biak ikasi nituen, artea eta zinema, eta gero bizitzak berak nahi duen bideetatik eramaten zaitu pixka bat». Winter Brothers (2017), A White, White Day (2019) eta Godland (2022) dira haren aurreko filmetako batzuk, eta aitortza zabala egin diote haien harira; Godland-i esker, esaterako, nazioarteko film onenaren Oscar sarirako izendapena eskuratu zuen, baita Zabaltegi-Tabakalera saria irabazi ere Donostian.
Godland-en jorratutako bidaia mistiko eta latzetik urrun, familia baten egunerokoa filmatu du Palmasonek The Love that Remains pelikulan, guraso biak banantzen ari diren garai batean. Zuzendariaren aurreko lanek baino umore handiagoa du filmak, eta jatorria «pertsonala baina ez pribatua» dela azaldu du zuzendariak. «Jatorria ez da pribatua, ez baikara nire emaztea eta ni dibortziatu. Baina filma pertsonala da erabat, nire jatorria ageri baita, nire paisaiak, nire ingurua. Ez naiz aurrekontu handiekin lan egiten duen zuzendari bat, eta eskura dudana erabili behar dut; auto bat badut, erabili egiten dut; oiloak baditut, berdin; edo berdin jendea [bi semek aktore lanak egin dituzte filmean]. Beraz, oso pertsonala da, baina ez du ezer pribaturik. Zaintzen jarraitu nahi dudan bereizketa bat da hori».
Logika berari jarraituz azaldu du bere zenbait artelan filmean txertatu izana ere. Tabakaleran ikusgai dauden One Winter Series serieko pieza handiak, adibidez. «Lan egiten dudanean, ideiei uzten diet bidea markatzen. Batzuetan narrazio bat dagoela sentitzen dut, eta, kasua hori bada, ideiak film edo bideo instalazio bilakatzen dira; ez bada kasua, irudia geratzen da, edo objektua, eta margolan edo eskultura bilakatu». Edozein modutan, gustuko du bere filmen eta beste lanen arteko «elkarrizketa» sustatzea. «Hori da modu bakarra niretzat egiten dudana zalantzan jartzeko, eta harridura sortzeko. Hori lortu nahi izaten dut: harridura eragitea».

Egitura aldetik, izaera zatikatua du filmak, eta lan egiteko izan duen moduaren isla bat izan da, zuzendariaren esanetan. Denbora luzez eta aldi berean aritu baita filmatzen eta idazten. Ezabatzen eta gainetik filmatzen. «Islandiara bizitzera itzuli ginenean, nire inguruan gertatzen ari zena filmatzen hasi nintzen, eguneroko bizitza. Jabetu nintzen gustatzen zitzaidala zerbait filmatu eta irudietan ikusten nuenaren gainean jarraitzea idazten, huts-hutsean aritu beharrean. Gauza asko filmatu nituen, hiru hilabetean behin materiala errebelatzera Stockholmera bidali nuen, eta irudi mutu horien gainean jarraitu nuen idazten. Tramaren zatia bi hilabetean filmatu genuen, baina urtetan egindako lana dago atzetik».
Pertsonaiei gertatzen zaizkienak alde batera utzita, badira une eta figura apurtzaile batzuk ere narrazioan. Haurrek eraikitzen duten zaldun bat, esaterako —hura da, hain justu, Joan of Arc filmaren ardatza—, edo etxe inguruko oilo-oilarrak. Pertsonaiekin «paralelismoak egiteko aukerak» egon badirela esan du zuzendariak, baina nabarmendu du ez duela «ideiarik azpimarratu» nahi izan. «Animaliena, esaterako, gehiago dator nola komunikatzen diren behatzetik. Nik, azkenean, denbora, jende eta diru jakin bat neukan interesatzen zaizkidan auzi batzuk arakatzeko, eta saiatu naiz abiapuntu horretatik partekatzeko moduko esperientzia bat sortzen, ahalik eta modurik zintzoenean. Filmak interpretazioetarako aukera handia uzten du gero; hori espero dut behintzat».
«Beteegi badago, hutsago dago»
Bere aurreko film gehienak bezala, koprodukzio bidez atera du aurrera film hau ere Palmasonek. Oraingoan, Danimarkarekin eta Frantziarekin. «Ezin bestela», ziurtatu du. «Islandian oso pelikula gutxi egiten dira urtean, eta, soilik bertako diruarekin egin nahi izatekotan, ilaran jarri behar duzu, eta luze itxaron. Baita beste lan bat bilatu ere bitartean».
Nabarmendu du «denbora irabazten» ahalegintzen dela esku artean duen lan bakoitzarekin, eta aldi berean pare bat proiektutan aritu ohi dela ohikoan. «Hori gustatzen zait gehien: denbora izatea lantzen ari naizen horretarako, eta bizitzak eragin dezala lanean. Jendea haziz doa, urtaroak igarotzen dira, eta benetan atsegin dut pelikulan denboraren igarotze hori sentitu ahal izatea».
«Jendea haziz doa, urtaroak igarotzen dira, eta benetan atsegin dut pelikulan denboraren igarotze hori sentitu ahal izatea»
Artea oro har, eta zinema zehazki, lekuan lekuko testuinguruetara hurbiltzeko modu bat dela iruditzen zaio —«nik euskaldunengan pentsatzen dudanean, edo espainiarrengan, Txillidarengan pentsatzen dut; Kataluniara noanean, Tapiesengan» —, eta Islandiari oso lotuta dagoen obratzat du berea ere. «Arotz baino artista gehiago dauzkagu han; oso zoroa da, baina hala da».
Irudia da, diziplina edozein dela ere, Palmason zaintzen saiatzen dena, eta, informazio eta estimulu asko dagoen honetan, «muinera jotzearen» alde egin du. «Iruditzen zait zinemak oinarrizko beharrak miatzen dituenean ematen duela bere onena. Eszena bat prestatzen dudanean, horregatik sentitzen dut kanpora atera behar ditudala gauza asko —adibidez, telefonoak—, erakutsi nahi dudan hori indartuko badut. Hondoko zarata handia dago, eta, irudia beteegi badago, hutsago sentituko da dena, nire ustez. Izan idazketan, filmaketan, edizioan zein soinuan, sinplifikatzen saiatzen naiz; film bat egiteko prozesua bera ere sinplifikatzen, ahal dela».