Artea

Naturarekin elkarlanean sortutako obrak

Hlynur Palmason zinemagile islandiarraren lehenengo erakusketa ondu dute Donostiako Tabakaleran; irailaren 28ra arte egongo da ikusgai. Egileak sortuak zituen ikus-entzunezko lanetarako erabilitako materialez osatuta dago.

Hylnur Palmason, 'One Winter Series' proiektuko lan batzuen alboan. GORKA RUBIO / FOKU
Hylnur Palmason, 'One Winter Series' proiektuko lan batzuen alboan. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko ekainaren 26a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Diziplina artistikoen mugek ez dute zertan hertsiak izan, elkarreraginean eta elkarrizketan aritu daitezke-eta sarritan. Hori sinetsita, azken urteetan zinemagileei arte erakusketak egiteko gonbita egiten die Donostiako Tabakalerak, Elias Kerejeta Zine Eskolarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean. Esaterako, Isabel Hergueraren eta Jaione Cambordaren mostrak antolatu dituzte, eta, orain, Hlynur Palmason zinema zuzendari eta gidoilariarena ireki berri dute. Gaur aurkeztu dute erakusketa —Palmasonen lehena—, eta bertan izan dira Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendaria, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Joana Hurtado erakusketaren komisarioa, eta zinemagilea bera. Irailaren 28ra arte egongo da ikusgai, Tabakalerako lehen solairuan.

2022an hasi zen Palmasonen eta Tabakaleraren arteko harremana. Urte hartako zinemaldira Godland (2022) film luzea aurkeztu zuen, eta Zabaltegi Tabakalera saria erdietsi zuen; gainera, Sail Ofizialeko epaimahaiko kidea ere izan zen. Rebordinosek oroitzen du «erabat txundituta» geratu zela lan harekin. Behin lehen kontaktu hori eginda, Monterok aipatu du Palmasonen lan gehiago ezagutuz joan zirela, eta erakusketa egitea proposatu zioten.

Hurtadok egin ditu komisario lanak, eta, zinemagilearekin harremanetan jartzean, hark bi proiektu bakarrik zituela aipatu zion; biak bideo instalazioak: Lament of a Horse (Zaldi baten aienea) eta One Winter (Negu bat). Material hori ikustean, ordea, atzetik «obra plastiko handia» zegoela ikusi zuen. Komisarioak artistari galdegin zion ea bere lanen zer ehuneko zen arte plastikoa; «erdi eta erdi», erantzun zion hark. «Bada, hori da erakutsi behar duguna», esan zion Hurtadok. Aipatutako bi bideo instalazioak eta horietan erabilitako materiala da erakusketan ikusgai dagoena, izan argazkiak, izan mihiseetako irudiak, izan bestelako materialak. Gainera, Tabakalerako mostrarako berariaz sortutako lan bat ere badago: The Beginning and the End (Hasiera eta amaiera).

«Nire munduan sartzea bezala da: 15-20 urtez nire bizitzan egondako unibertsoa jaso dute»HYLNUR PALMASONZinemagilea

Palmasonentzat, bere bizitzaren errepaso moduko bat izan da erakusketa: «Nire munduan sartzea bezala da: 15-20 urtez nire bizitzan egondako unibertsoa jaso dute». Ilusio berezia egin dio egileari bere lanak aretoetan bilduta ikusteak, sarritan aldi berean proiektu batean baino gehiagotan lanean aritzen baita. Halaber, lan gehiago sortzeko inspirazioa eman diola ere gehitu du.

Heriotzaren bizia

Aretoan sartu bezain pronto, The Beginning an the End ikus-entzunezko instalazioak bereganatzen du bisitariaren atentzio guztia. Buklean jarritako bideo bat da, iazko udan sortutakoa. Arrantzaontzi batean filmatutako irudia da; bertan sardinzarrak arrantzatzen zituzten. Sardinzarren irudia da etengabe mihise batean proiektatzen dena. Egilearen esanetan, «bideo instalazioa eskultural bat» da.

Bi aukera ditu bisitariak lehen obra horretatik abiatuta, ezker edo eskuin, areto bat baitago alde bakoitzean. Ezkerrera joanda dago Lament of a Horse. Artistaren aitaren zaldia gaixo zegoen, eta, horregatik, hil egin behar zuten. Zaldiaren gorpua belardi batean jarri zuen Palmasonek, eta, «lurrarekin kontaktuan nola aldatzen zen» ikusteko, argazkiak atera zizkion hiru urtez. Argazki horietako batzuen seriea dago ikusgai aretoko hormetako batean. Zaldi zuria lurrean etzanda dagoela hasten da seriea, eta, pixkanaka, desegiten doan heinean, bertatik landare berriak nola sortzen diren ikus daiteke, ia desagertzen den arte. «Atentzioa eman zidan heriotzak duen bizi guztia ikusteak», kontatu du egileak.

(ID_15092318) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-06-26, Donostia. Hlynur Palmason zinemagileari eskainitako erakusketa ireki dute Tabakaleran
Lament of a Horse argazki serieko irudi batzuk. GORKA RUBIO / FOKU

Argazki serieaz gain, bideo instalazioa ere badago ikusgai. 26 minutu irauten du, eta bertan animaliaren prozesu oso-osoa erakusten da. Gainera, serieko zaldiaren hezurrak eta hezur horiek garraiatzeko kutxa ere sartu dituzte mostran.

Zinemagileak naturarekin duen harreman «estua» azaldu du komisarioak. Haren esanetan, bai obrak sortzeko orduan, bai eta obretan ere, natura etengabe dago presente: «Lan efimeroak dira; materialek naturarekin zer-nolako erantzuna izaten duten jasotzen dute».

Emaitzen aldakortasuna

Bigarren aretoan, One Winter Series proiektua dago ikusgai. Horretan ere naturak pisu handia du; izan ere, denboraren joan-etorriarekin sortutakoak dira. 2012an hasi zen proiektuarekin, bere familiaren laguntzarekin, eta gaur egun ere horretan dirau. Metalezko xafla batzuek oihal baten gainean sortzen zuten irudia nolakoa izango zen ikusi nahi zuen Palmasonek. Horretarako, xaflak bata bestearen ondoan jarri zituen oihal handi batzuetan, eta kalean utzi zituen. Zortzi hilabetez egon ziren kalean, eguraldia dena delakoa zela. Emaitza: mihise erraldoietan sortutako irudi geometrikoak, xaflen herdoilarekin sortutakoak. Prozesu osoa dokumentatzen duen bideo instalazioa ere ikusgai dago.

«Bat gehi bat ez da beti bi: hiru ere izan daiteke, eta haren lanetan argi ikusten da hori»

JOANA HURTADOKomisarioa

Proba-akatsa dinamikari oso lotuta dago zinemagilearen lana, hark adierazi duenez, zeren xaflen prozesua burututako aldi guztietan ez baitu emaitza bera lortu: «Dena da oso misteriotsua, ez dakidalako zer gertatuko den. Batzuetan ez zait ezer ateratzen». Hurtadok zinemagilearen ikuskera azpimarratu du: «Bat gehi bat ez da beti bi: hiru ere izan daiteke, eta haren lanetan argi ikusten da hori».

Erakusketaz gain, Palmasonen filmografia osoa eskainiko dute Tabakaleran. Bihar bertan, 19:00etan, Godland filma emango dute. Gainerako hiru filmak uztaileko larunbatetan proiektatuko dituzte. Bestalde, bisita gidatuak eta familientzako arte lantegiak ere antolatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.